- Parisen, EBerako maila anitzeko benetako gobernantza aldarrikatu du Lehendakariak, elkarrekin akordioak lortzeko politikan eta ekonomian
- Elkarrizketa politikoa bultzatzea, erakundeei prestigioa ematea, gizartea heldutzat jotzea eta akordioaren kultura indartzea babestu du
Gaur Imanol Pradales Lehendakariak Europan gidaritza berria lortu behar dela adierazi du, “estatu ikuspegietatik haratago”, erakundeei “gaitasun politiko handiagoak” emateko, esate baterako, Eusko Jaurlaritzari, herritarren arazoak kudeatzeko eragile nagusia den heinean.
“Beharrezkoa da lidergo europar berri eta sendoago bat. Estatu ikuspegitik haratago doan lidergo bat, Europan jarduten duena, ez estatuetan bakarrik. Erronka globalei, populismoei, estremismoei, demokraziaren aurkako mehatxuei emandako erantzunak ez du isolamendua izan behar. Guztiz kontrakoa izan behar du: Europa gehiago, demokrazia gehiago, elkartasun gehiago, ongizate gehiago”, azaldu du Lehendakariak. Ildo beretik, gaineratu du, hain justu ere, honelako egoeretan, herritarrei enpatiaz, hurbiltasunez eta efikaziaz erantzun behar zaiela. Horregatik, Lehendakariaren ahotan, “beharrezkoa da gaitasun politiko gehiago eskaintzea herritarrekin harremanetan lehen lerroan gaudenoi”. “Benetako autonomia estrategikoak autonomia politikoa eskatzen du”, nabarmendu du.
Lehendakariak gaur goizean Euskadi in the face of a changing world order izenburupean hitzaldia eskaini du Pariseko School of International Affairs Sciences Po erakundean (Sciences Po Paris), hau da, Frantziako eta Europako unibertsitate instituziorik ospetsuenetako batean. Arancha González Laya Espainiako Kanpo Harremanen ministro ohi eta aipatutako erakundeko egungo dekanoak moderatzaile-lanak egin ditu, eta Imanol Pradalesek, ehun pertsona inguruko edukieraren aurrean adierazi du historian zehar “bokazioz eta konbikzioz, Euskadi Europaren aldeko Nazio bat dela” erakutsi duela euskal gizarteak eta ekarpen propioa egin nahi duela Europar Batasunaren sorrerako printzipioei laguntzeko. “Bultzada politiko berria behar dugu, orain arte baino Europa ausartagoa eta batuagoa”. Hari beretik tiraka, gogora ekarri duenez, “borondate politikoa edukita, edozer lor daiteke”.
“Ados nago, Europar Batasunaren kohesio-politika berrikusi eta hobetu behar da, baina ez nago inola ere ados Batzordeak aurkeztu duen moduan finantza esparru berriaren erabakitzeko gaitasuna hiriburuen eskumena soilik izatearekin. Behar-beharrezkoa da maila anitzeko gobernantza bat ezartzea, elkarrekin adostasunak lortzeko, politikan eta finantzetan”, defendatu du Imanol Pradalesek.
Lehendakariaren ustez, Europa ezin da ‘Estatuen club’ hutsa izan eta aurrean jartzen zaion edozein erronkari erantzun behar dio, arazoaren neurria gorabehera. “Jarrera sendo eta koherentea ez izateak kalte egiten dio egitasmoaren sinesgarritasunari. Adibide garbi bat ipintzearren, Gazako giza basakeriari emandako erantzuna”, azpimarratu du Imanol Pradalesek.
Lehendakariaren aburuz, “ekiteko garaia da, eta horretarako ezinbestekoa da lehentasunak garbi edukitzea”, baita autonomia estrategikoaren esparruan ere, honakoei dagokienez: lehiakortasuna, merkatuen integrazioa −non, bere ustez, oraindik administrazio eta burokrazia hesiak dauden, berrikuntzan eta jarduera ekonomikoak sortzen efikazagoak izatea oztopatzen dutenak− eta gobernantza. “Europar Batasunean aho batekotasunaren araua gainditu behar dugu. Askotan, ekimenak modu berekoian blokeatzeko erabiltzen da. Arau horrek erabakiak hartzea oztopatzen du eta horren erruz Europar Batasunak ezin du nazioarteko lidergoa garatu”, defendatu du.
Bukatzeko, Lehendakariak elkarrizketa politikoa bultzatu behar dela adierazi du, instituzioei prestigioa eman, gizartea heldutzat hartu eta akordioaren kultura sustatu, “politika egiteko benetako arrazoia”. “Politika gehiago ‘antipolitikari’ aurre egiteko. Begirunea, parte-hartzea, gardentasuna eta lankidetza. Lubakien, irainen eta etengabeko liskarren aurka. Gure ardura da egonkortasuna, elkarrizketa eta desberdinen arteko adostasuna indartuko dituen kultura ereitea, politikaren benetako zentzua sustatzea: desberdin pentsatzen dutenekin itunak lortzeko gogoa”, bukatu du Imanol Pradalesek.
Gaurko agenda
Gaur goizean, Lehendakariak lan-bilera bat izan du Jacques Delors Institutuan, hau da, Europar Batasunaren etorkizunari buruz hausnartzeko erreferentziazko zentroan. Bertan, Lehendakariak Europako erronka nagusien aurrean Euskadik duen ikuspegia partekatu du, besteak beste, lehiakortasun industrialaz, lurralde-kohesioaz edo trantsizio ekologikoaz.
Ildo beretik, 15:00etan, Lehendakaria Carole Delga Frantziako Eskualdeen Elkarteko presidentearekin batzartu da, deszentralizazioarekin, kohesioarekin eta mugikortasunarekin lotuta, Europako eskualde guztiek dituzten erronkak lantzeko. Bisita ofizialeko agendaren lehen bidaia-eguna 19:00etan itxiko da, zehazki, Jaurlaritzako ordezkariak Pariseko euskal diasporarekin elkartuko dira. Hitzordu hau Euskadiren Frantziako Ordezkaritzak eta Pariseko Eskual Etxeak antolatu dute, auzo herrian bizi den euskal komunitatearekin harremanak estutzeko.
Asteazkeneko agenda
Bihar, asteazkenean, azaroak 19, Lehendakaria Catherine Chabaud Frantziako Errepublikako Itsasorako eta Arrantzarako ministro ordezkari izendatu berriarekin elkartuko da, Europari eta itsasoari lotutako gaietan lankidetzarako aukerak aztertzeko, bihar-etzi Makroeskualde Atlantikoaren sorrera egia bihurtzea jomugan.
Era berean, Imanol Pradales Valérie Pécresse Île-de-France Eskualdeko Batzordeko presidentearekin batzartuko da, berrikuntzan, garapen jasangarrian eta ezagutzaren ekonomian elkarlanean jarduteko aukerak jorratzeko. Île-de-France eskualdeko hiriburua Paris da, Frantziako eskualde ekonomiko nagusia da, eta Europako eskualde ekonomiko nagusietako bat.
Bidaia hau Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalean (BnF) ospatuko duen 15. urtemugarekin borobilduko da, ekitaldi horrek ondo baino hobeto irudikatzen du euskal hizkuntzak eta kulturak duten nazioarteko proiekzioa. Lehendakaria urteurren horretara ere bertaratuko da, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lagunduta, eta ekitaldian Gilles Pécout BnF liburutegiko presidenteak ere parte hartuko du. Pariserako bisita honen bidez, Europarekin, bere diasporarekin eta bere nortasun kulturala nazioartean sustatzearekin Euskadik daukan konpromisoa berresten du Lehendakariak.








