Maddalen Arte Garaikiderako Guneak bere parte-hartzea iragarri du azaroaren 27tik 30era Bilbon ospatuko den FIGBilbao 2025 nazioarteko azokan. Azoka hau paperean egindako arte garaikidean espezializatuta dago eta sektoreko nazioarteko topaketa garrantzitsuenetako bat bihurtu da.
Aurtengo edizioan, Maddalenek Hondarribiko bost artista lokal ordezkatuko ditu, hiriko talentu sortzailea sustatzeko duen konpromisoa berretsiz. 2025eko martxoan inauguratu zenetik, espazioaren helburu nagusia izan da tokiko sortzaileen lana bultzatzea, herritarren eta artisten arteko harremana indartzea eta kultura garaikidearentzako topagune bat eskaintzea.
Bere lehen urtean, Maddalenek bost erakusketa antolatu ditu:
- Proiektuaren aurkezpen erakusketa.
- Herriko artisten bi erakusketa kolektibo.
- Bi artista lokalek egindako erresidentziak, bakoitzak bere erakusketa indibidualarekin.
FIGBilbao azokan parte hartzea lehen ziklo honen gailurra da, bost artista hondarribiarren lana nazioarteko eszenara eramanez. Horien artean daude “Hondarribia Sormen Hiria” bekadunak, eta beste hiru artista lokal, beren ibilbide eta ekarpen artistikoagatik hautatuak.
Hautatutako artistak:
- Naiara Goikoetxea – “Hondarribia Sormen Hiria” bekaduna
- Julia Lasa Goicoechea – “Hondarribia Sormen Hiria” bekaduna
- Sandra Cuesta Aizkorbe
- Aiert Alonso
- Judas Arrieta
Ekitaldi honek aukera paregabea eskaintzen du Hondarribiko Udaleko Kultura Sailak bultzatutako proposamen kulturala aurkezteko, tokiko arte garaikidearen ikusgarritasuna eta sormen-lanaren aitortza sustatuz.
Maddalen Arte Garaikiderako Guneaz
2025eko martxoan inauguratu zen Maddalen, Hondarribiko arte garaikidearen erreferentziazko gunea. Dinamikoa eta irekia izateko sortua, erakusketak, tailerrak, performanceak eta jarduera ugari hartzen ditu, artisten eta herritarren arteko elkarrizketa sustatuz. Bere filosofiaren ardatza da arte garaikidea herritar guztiengana hurbiltzea eta hiriko nortasun kulturala indartzea.








