- Itxiera 21:00etatik 06:00etara izango da
- Euskaditik Iparraldera AP-8tik doazen ibilgailu eta kamioiek ordainlekuaren aurreko irteeran irten beharko dute, eta D810era joan
Biriatuko mugako ordainlekua itxita egongo da asteartetik (hilak 9) asteazkenerako (hilak 10) gauean, Iparraldeko Autoroutes du Sud de la France (ASF) elkarteak A-63 errepidean, muga eta Donibane Lohizune artean, errepidea berritzeko egingo dituen obren ondorioz.
Frantziako agintariek Eusko Jaurlaritzari jakinarazi diotenez, baldintza meteorologikoek lanak egitea eragozten ez badute, bidesaria itxita egongo da ibilgailu guztientzat astearteko 21:00etatik asteazkeneko 06:00etara bitartean. Baldintza teknikoak edo meteorologikoak txarrak badira, obrak egun batez atzeratzea aurreikusten du ASFk, asteazkenetik (hilak 10) osteguneko (hilak 11) gauera, itxiera-ordutegi berari eutsita.
Gau horretan Euskaditik Iparraldera AP-8tik doazen ibilgailu eta kamioiek ordainlekuaren aurreko irteeran (0 irteera) irten beharko dute, eta N-121-A errepidetik jarraitu, Baionarako noranzkoan, D810 errepidera iritsi arte. Errepide hori jarraituta, azkenik, Donibane Lohizunen A-63 autobidera itzuliko dira.
Eusko Jaurlaritzak unean-unean emango du gorabehera horren berri, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak CGTE-ETKZ koordinatzen dituen informazio-panelen, trafikoa.euskadi.eus webgunearen, sare sozialen eta 24 orduko arreta ematen duen 011 telefonoaren bidez.








