Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu, Mikel Jauregik, Eusko Legebiltzarrean gaur goizean hauxe iragarri du: «Ministerioari 50 milioi euro gehiago eskatu dizkiogu, MOVES III programaren bidez ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzak eskuratzen bidean dauden euskal herritarren eskariari erantzuteko. Ministerioak eskaera horri ahalik eta lasterren erantzun positiboa ematea espero dugu».
Jauregik gogorarazi duenez, «Eusko Jaurlaritzatik uztailetik eskatzen genuen MOVES III programarako laguntza handitzea, aurrekontua programa amaitu baino lehen agortzen ari zelako».
Eskatutako aurrekontua handituta, Eusko Jaurlaritzak espero du «egungo eskaera guztiak eta programa amaitu arte, datorren abenduaren 31n, eskaera berri guztiak betetzea».
Une honetan, 3.345 erabiltzailek eskatu dituzte ibilgailu elektriko berri bat erosteko laguntzak.
Aurrekontuaren handitze hori betez gero, sailburuak azpimarratu du aurten oso modu positiboan itxiko duela Eusko Jaurlaritzak herritarrei emisio gutxien dituzten ibilgailuak erosten laguntzeko kudeatutako bi laguntza-programa, «MOVES III, batetik, eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen Emisio Gutxiagoko Ibilgailuak Erosteko Programa, bestetik, arrakasta handia izan duena eta sektoreak oso modu positiboan baloratu duena».
Funtsak zabalduz gero, emisio txikiko ibilgailuak erosi ahal izango dira, eta horrek garraio-sektorean berotegi-efektuko gasak murrizten lagunduko du, sektore hori baita Euskadiko emisore nagusietako bat. Gaur egun dauden eskaera guztiak eta programa amaitu arte aurreikusten direnak kontuan hartuta, berotegi-efektuko gasen urteko batez besteko murrizketa urtean 14.700 t/CO2 ingurukoa izango litzateke.
MOVES III eta emisio gutxiagoko ibilgailuak erosteko euskal programaren arrakastak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak garraioaren deskarbonizazio `adimendunarekin´ duen konpromisoa. «Trantsizio energetiko-klimatikoa azkartzeko eta herritarren beharrei erantzuteko lanean jarraituko dugu», esan du Jauregik.








