Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, 2026. urteko Kartel Lehiaketaren XVIII. edizioa deitu du. Lehiaketaren helburua data honen inguruan antolatuko den udal programazioa irudikatuko duen kartela aukeratzea da.
Gloria Vázquez Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “lehiaketa honek herritarrak berdintasunaren inguruko hausnarketan eta sentsibilizazioan inplikatzeko aukera ematen du, artea eta sormena eraldaketarako tresna gisa erabiliz”.
Lanak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 22an, 12:00etan, amaituko da. Kartelak nahitaez formatu digitalean egin beharko dira eta posta elektronikoz bidali berdintasuna@zarautz.eus helbidera.
Lehiaketak bi sari izango ditu:
• Epaimahaiaren saria, 600 eurokoa, kartel ofizialari emango zaiona.
• Publikoaren saria, 200 eurokoa, Facebook bidez bozkatuenak jasoko duena.
18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, banaka zein taldean. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta lanak originala eta argitaragabea izan beharko du.
Lehiaketaren oinarri guztiak Emakumeen Etxearen webgunean daude eskuragarri, bertan zehazten direlarik parte-hartzeko baldintzak, balorazio irizpideak eta gainerako xehetasunak.
Berdintasun Sailak herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu, euren lanen bidez Zarautzek emakumeen eskubideekin eta berdintasunarekin duen konpromisoa ikusgarri egiteko.








