Irungo Aduana kaleko gazteentzako 43 zuzkidura-bizitokiak aurtengo lehen seihilekoan entregatuko dira

0
  • Alokairuaren prezioa 150 eta 350 euro artekoa izango da logela bateko etxebizitzen kasuan, eta 180 eta 420 euro artekoa bi logela dituzten etxebizitzen kasuan. Garaje-plaza izanez gero, 60 euro gehituko zaizkio prezio horri.
  • Alokabidek kudeatuko duen proiektuak 6,3 milioi euroko inbertsioa eragin du guztira, eta kalifikazio energetiko gorena du 
  • Denis Itxaso sailburuak hau nabarmendu du: «Gipuzkoako bigarren hiriko etxebizitza-politikaren behin betiko joera-aldaketa baten aurrean gaude, 1.000 etxebizitza berri sustatuta. Bizileku moderno horiek emantzipatzeko benetako aukerak behar dituzten gazteentzat dira, eta agindutakoa betetzen ari garela erakusten dute: etxebizitza gehiago, kalitate handiagokoak eta eskuragarriak».

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Irungo alkate Cristina Labordak Aduana kaleko 46. zenbakian dagoen zuzkidura-bizitokien sustapen berriaren obrak bisitatu dituzte gaur. Sustapen hori gauzatze-fasearen amaieran dago, eta aurtengo lehen seihilekoan entregatzea aurreikusten da. Haiekin izan dira Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyos, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrain, Alokabideko zuzendari nagusia Patricia Val, eta Irungo Udaleko Etxebizitzako ordezkari Jon Ugarte. Etxebizitza eskuragarria eta kalitatezkoa emateko sortutako proiektua da, Irungo gazteen beharrei arreta berezia eskainiz, etxebizitza eskuratzeko aukerak estandar arkitektoniko eta energetiko altu batekin konbinatuz.

Bisita horretan, Itxasok hedabideen aurrean azpimarratu du eraikin hau erantzun puntual bat baino askoz gehiago dela. «Ez da gazteek etxebizitza eskuratzeko egiten duten eskaerari emandako erantzun zuzena bakarrik, Irungo historia hurbilean etxebizitzari bultzada handiagoa emateko lehen urrats ukigarria ere bada», azaldu du. Horren ildotik, sailburuak adierazi du sustapen horren aurrerapenak inflexio-puntu bat markatzen duela. «Gaur fisikoki ikusten dugu hiriarekin hartu dugun konpromisoak zer esan nahi duen. Irun inoiz ez bezala haziko da etxebizitza babestuaren arloan, eta eraikin hau da aldaketa horren adibide», gaineratu du.

Irungo alkate Cristina Labordaren hitzetan, «2026 hau izango da Irunen etxebizitza publikoaren aldeko apustua errealitate bihurtu den urtea, San Miguel – Anakako obren hasierarekin eta gazteei zuzendutako Aduana kaleko sustapenekin. Irunen bizitzen jarraitu nahi duenak, hirian bere bizi-proiektua garatzen jarraitzeko aukera berriak izan nahi dituenak — kasu honetan, bereziki, emantzipatu nahi dutenak— hori egin ahal izatea nahi dugu».

Etxebiden izena eman duten eskatzaileak

Gaur egun, Irunen 3.356 bizikidetza-unitate daude izena emanda Etxebiden, etxebizitza-eskatzaile gisa. Guztira, 2.747 unitatek (% 82 inguru) etxebizitza alokairu-erregimenean eskatzen dute. Horrek berresten du modalitate horren alde egiten dutela nagusiki herritarrek. Talde horren barruan, 1.969 bizikidetza-unitate Irunen erroldatuta daude (alokairu-eskatzaileen % 72), eta 778 ez ( % 28).

Bestalde, gainerako eskatzaileek —609 bizikidetza-unitate, % 18 gutxi gorabehera— erosketa-erregimeneko etxebizitza eskatzen dute; hortaz, agerian geratzen da segmentu horrek eskaera txikiagoa duela alokairu-erregimenarekin alderatuta.

Etxebizitza horiek Etxebiden izena emanda dauden, 36 urtetik behera dituzten, Irunen erroldatuta dauden, 3.000 eta 45.022,57 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituzten —jabetzan etxebizitzarik izan gabe— eta gehienez hiru kideko bizikidetza-unitateak osatzen dituzten pertsonentzat izango dira. Araudia irailaren 15ean argitaratu zen, eta familia-unitate bakoitzaren diru-sarreretara egokitutako errentamendua aurreikusten du, 150 eta 350 euro bitarteko kanonekin gela bateko etxebizitzetarako, eta 180 eta 420 euro arteko kanonekin bi geletako etxebizitzetarako; garaje-plaza izanez gero, 60 euro gehitzeko aukera egongo da. Kasu guztietan, errenta diru-sarrera haztatuen % 30era mugatuko da gehienez, eta, horrela, gazte hartzaileen benetako gaitasun ekonomikora egokitutako eskuragarritasuna ziurtatuko da.

Eraikinak —Aduana eta Alberto Larzabal kaleen artean kokatua— 43 etxebizitza ditu; horietatik 39k —egokitu bat barne— logela bat dute eta 4k bi logela; gainera, 18 aparkaleku eta bi bizikleta gela daude. Etxebizitzak barruko espazioen malgutasuna, zabaltasuna eta argi naturala maximizatzeko diseinatu dira, egongela, jangela eta sukaldea gela funtzional bakar batean integratuz. Etxebizitza guztiak erabat hornituta entregatuko dira, sukaldea etxetresna elektrikoekin, bainugela osatua, armairu txertatua, argiak, bideo-atezaina eta berogailua erregulatzeko sistema domotikoa.

Iza Obras y Promociones SA eraikuntza-enpresak eraiki ditu, 6.317.437,22 euroko inbertsioarekin (BEZa barne). Asier Acuriola Barrio arkitektoak proiektatu du eraikina, eta zuzendaritza fakultatiboa Aparegra ABEEren esku egon da. Diseinu bolumetrikoak —espazio egituratzaile gisa jarduten duen nukleo kristaldun batez konektatutako hiru gorputzez osatua— argitasuna eta gardentasuna ematen dizkio multzoari, eta zeramika testurizatuz estalitako fatxada aireztatuak eta elementu bereziek (izkina biribilduak eta altzairuzko zerrendak, esaterako), berriz, ingurunean integratzen laguntzen dute eta auzoaren hiri-kalitatea aberasten dute.

Kalifikazio energetiko gorena

Eraikinak eraikuntza-soluzio jasangarriak ditu, eta horiek eraikinari kalifikazio energetiko gorena —A kategoria— ematea eragin dute. Soluzio horien artean, hauek nabarmentzen dira: aerotermiaren instalazio zentralizatua zoru erradiatzailearekin, prestazio termiko eta akustiko handiko arotzeriak, goi-mailako kristalak eta fatxadaren isolamendu bikaina. «Eraikin honek erakusten du efizientzia energetikoa eta kalitatezko diseinu arkitektonikoa ez direla gutxi batzuentzat gordetako luxua», azpimarratu du Itxasok. «Euskal etxebizitza publikoan eskatzen den estandarra dira, eta bizileku horiei aplikatu nahi izan diegu, erosotasuna, jasangarritasuna eta etorkizuna bermatzeko».

Sustapen hori funtsezkoa da udalerriarentzat. Irunek estrategia bat diseinatu du datozen hiru urteetan 1.000 etxebizitza babestu baino gehiago abian jartzeko eta, era horretan, egun dagoen parke publikoa bikoizteko. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak bere historiako etxebizitza publikoen arloko operazio handiena eta lurraldeko aipagarrienetako bat egingo du hirian, San Migel – Anakan 437 etxebizitza eraikiko baititu. Proiektua jada kalifikatuta dago behin-behinean: 231 etxebizitza Bieme Atelier 80 aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaizkio, eta beste 206 etxebizitza Ábalos Arquitectos SLP enpresari.

Azkenik, bisita amaitzeko, Itxasok adierazi du sustapen hori hasiera baino ez dela. «Hiri honetako etxebizitza-politikarako une garrantzitsu baten aurrean gaude, eta emantzipatzeko benetako aukerak behar dituzten gazteei zuzendutako Aduana kaleko 46 zenbakiko eraikin honek erakusten du agindutakoa betetzen ari garela: etxebizitza gehiago, kalitate handiagokoa eta eskuragarria».

Jarduketa Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak sustatu du, eta etxebizitza-politika publikoarekiko eta hiri-berroneratzearekiko konpromiso berritua adierazten du. Sustapen hau pertsonen zerbitzura dagoen arkitektura gisa ulertzen da, eta 2026ko lehen seihilekotik aurrera etxe berria izan dezaketen Irungo gazteei soluzio efizientea, integratua eta modernoa eskaintzen die.