2025eko abenduaren 16an, ‘Ikerketa-ibilbideak munduan zehar: esperientzia pertsonal eta profesionalak partekatuz’ ekitaldia antolatu zen Bizkaia Aretoan (Bilbo), Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzak antolatuta, International Welcome Centre erakundearen bitartez.
Topaketa hori bi mahai-inguruk osatu zuen, eta hausnarketa kolektiborako gunea eskaini nahi izan zuen irakasleen eta ikertzaileen nazioarteko mugikortasunari buruz, bai eta bizi eta lanbide esperientzia horiek dakartzaten erronkei buruz ere.
Gotzone Barandika Argoitia Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak eta Elena Campo International Welcome Centreko zuzendariak ongietorria eman ondoren, lehen mahai-ingururi ekin zitzaion. Noé Cornago EHUko Nazioartekotze zuzendariak moderatu zuen, eta beraien ikerketa-ibilbidea EHUn egin duten atzerriko hiru ikertzaile ezagunek parte hartu zuten:
- Julia Shershneva: irakaslea eta ikertzailea EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, ikertzailea BEGIRUNE – Immigrazioari buruzko Ikerketa Laborategian eta zuzendaria IKUSPEGI – Eusko Jaurlaritzako Immigrazioaren Euskal Behatokian.
- Ilya Kazachkov: EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika saileko Ikerbasque ikertzailea.
- Eirini Konstantinou: Marie Curie ADAGIO ikertzailea EHUko ingeniaritzaren arloan.
Bigarren mahaian, Jon Azkune Unibertsitate Arteko Lankidetza eta ENLIGHTeko zuzendariak moderatuta, gure mugetatik kanpo karrera akademiko ospetsua egin duten beste lau ikertzaile nazionalek parte hartu zuten:
- Izaskun Zuazu: doktoratu ondoko ikertzailea Institute for Socio-Economics (IfSO), University of Duisburg-Essen (UDE) erakundean.
- Marcos Martinón-Torres: Cambridgeko Unibertsitateko Pitt-Rivers Arkeologia Zientziako katedraduna, eta arkeologiaren eta ondarearen zientzietan diharduten laborategi eta ikertzaileen plataformaren koordinatzailea.
- Idoia Labayen: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Departamentuko Fisiologiako ikertzaile katedraduna.
- Carlos Pulleiro: ikertzailea eta irakaslea Tongji Universityn.
Bi mahaietan, hizlariek esperientzia pertsonalak eta profesionalak partekatu zituzten, aurre egin beharreko erronka eta zailtasunak, eta, jakina, jardunbide egokiak identifikatu zituzten eta iradokizun baliotsuak egin zituzten askotariko esparruetan, hala nola bisei eta atzerritartasun izapideei buruzko traba administratiboetan, kultura aldaketaren testuinguruan. Era berean, familien mugikortasuna errazteko interes handiko ekimenak eta programak aipatu ziren, guraso bakarrekoak barne, baita amatasun-etapa goiztiarretan eta haurtzaindegiari eta haur-eskolatzeari lotutako beharretan dauden ikertzaileen hitzak ere. Arreta berezia jarri zitzaion, halaber, etxebizitza bilatzeari eta unibertsitateek horri lotutako eragozpenak leuntzeko ezartzen dituzten neurriei.
Era askotako kultura eta hizkuntza testuinguruetan egokitzeko eta integratzeko prozesuan ere arreta berezia jarri zen, gure lurraldeak eta beste geografia batzuek lan aukeren eta garapen zientifikoaren arloan eskaintzen duten erakargarritasunaren pertzepzioari eragiten baitiote. Halaber, ikertzaileei zuzendutako euskara eta gaztelania ikasteko programen beharra adierazi zen, hizkuntza horiek ikasteak sor ditzakeen zailtasunak konpontze aldera. Bukatzeko, parte-hartzaile guztiak bat etorri ziren ikerketa komunitatearentzat berebiziko garrantzia duen elementu hau nabarmentzen: beren artean eta unibertsitateko gainerako komunitatearekin elkar ezagutzea eta harremanak izatea, beren lan eremutik harago, unibertsitateek eta zentroek sustatutako aisia eta kultura jardueren bidez.
Hizlariek planteatu zituzten ezinbesteko ekarpen horiek guztiek interes handia piztu zuten publikoaren artean ere, unibertsitateko ikertzaile hasiberri eta beteranoek eta fakultateetako zuzendaritza eta dekanotza taldeetako ordezkariek osatzen baitzuten publikoa. Bertaratutakoen galderek eta hausnarketek, zalantzarik gabe, eztabaida eta iritzien eta esperientzien gurutzaketa aberastu zituzten, eta ikerketa komunitateko kideen arteko topagune hurbila sortzen lagundu zuten.
International Welcome Centre-an eta Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzan, bertaratuek eta hizlariek balioetsitako gomendio baliotsuak, planteatutako beharrak eta ekintza eta ekimen positiboak arretaz entzun genituen. Lehen topaketa hau mugarria da EHUko ikertzaileen erakarpen eta harreraren esparruan, eta zalantzarik gabe, gure unibertsitatera etorriko diren etorkizuneko ikertzaileen esperientzia elikatuko du.







