Umeen Gabonetako Parkeak berriz ere ilusioz eta alaitasunez bete du Bilbao Exhibition Centre abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitartean, haur, gazte eta familiei zuzendutako aisialdi-eskaintza zabal batekin. Guztira, 215.125 pertsonak gozatu dute Gabonetako hitzordu handi honetaz; 59. edizio honetan, gainera, balioetan oinarritutako dibertsioarekiko konpromisoari eutsi dio —elkartasuna, zibismoa, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizimodu osasungarria, euskararen erabilera balio transversal gisa gehituta—.
Irekita egon diren 22 egunetan zehar, azoka-guneko 1., 3. eta 5. pabilioiek ikastetxeetako taldeak, familiak eta kuadrillak hartu dituzte; batez ere Bizkaitik, Gipuzkoatik, Arabatik, Kantabriatik, Burgosetik, Nafarroatik eta Errioxatik etorriak, aurreko edizioetako joerari eutsiz.
Aisialdia eta ikaskuntza eskutik joan daitezkeela eta joan behar dutela ustea oinarri hartuta, PIN/UGPk jarduera ludikoen, atrakzioen eta kirol-proposamenen eskaintza oso zabala hartu du bere baitan. Inaugurazio-ekitaldia Itziar de la Peña, Hirugarren Sektore Sozialaren eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko zuzendariak, eta Ignacio Fariña, Etorkinak Hartzeko eta Gizarteratzeko zuzendariak gidatu zuten. Publikoaren erantzuna oso positiboa izaten jarraitzen du, edizio honetako datuek erakusten duten bezala.
Beste behin ere, UGPen parte hartu duten erakunde eta enpresen inplikazioa funtsezkoa izan da adin guztietarako hezkuntza- eta aisialdi-proposamenak biltzen dituen ibilbide zabal bat osatzeko: BBK Klima, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaibus, Eusko Jaurlaritza, Energiaren Euskal Erakundea, Garbiker, Interbiak, Laboral Kutxa, Bilboko Portu Agintaritza, Telepizza eta Metro Bilbao.
Bestalde, STEAM GUNEA espazioak leku nabarmena izan du aurten ere, zientzia-bokazioak piztera bideratutako gune berritzaile gisa. Elhuyarrek garatutako programazioak —Innobasqueren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin, eta Iberdrolaren babesarekin— harrera oso ona izan du: 10.000 bisitari inguru izan ditu, aurreko edizioan baino ia bikoitza. Eskola-astean, 1.200 ikaslek parte hartu dute, eta adin-tarte nagusia 6 eta 10 urte bitartekoa izan da.
PINeko taldeak oso balorazio positiboa egiten du edizio honetaz; izan ere, proiektuaren helburu nagusiak bete dira: STEM diziplinekiko interesa piztea eta aisialdiari eta denbora libreari hurbiltzea, erreferenteak ikusgarri egitea, gaitasun transbertsalak lantzea, diziplina horietan konfiantza eta autoestimua indartzea, berdintasuna sustatzea, euskararen erabilera bultzatzea eta espazio irisgarri eta inklusibo bat sortzea.
Gainera, bi haurretatik batek familiarekin batera parte hartu du; iazko datua baino handiagoa da, eta horrek familian partekatutako zientziaren eragin positiboa indartzen du. Balorazio baikor hori sendotu du, halaber, dinamizazioaz arduratu den taldeak, zientzia eta teknologian lan egiten duten 17 begiralek osatua.
Arrakasta handiena izan duten edukien artean honako tailerrak nabarmendu dira: pilota saltariak, paper circuits, light painting, basoko aztarnak, errealitate birtualeko betaurrekoak, piramide holografikoak, ADN-aren erauzketak eta kimika zein elektrizitatearen inguruko erakustaldiak.
Era berean, PINeko atrakzioen gunea inoiz baino osatuagoa izan da, adin guztietako haurrei esperientzia askotarikoak eskaintzeko diseinatutako 33 proposamenekin. Eskaintzak txikientzako atrakzioak —Baby Cadenas, Baby Hommer Simpson, Scalextric, Txiki Park edo Ninja Dortoka infantilak— eta emozio biziagoak bilatzen dituztenentzakoak uztartu ditu —Saltamontesa, Zezen Mekanikoa, Itsasontzi Pirata, Mailua edo auto-txokeak—.
Sustatzen dituen balioekin bat eginez, PIN/UGPk inklusioarekiko konpromisoari eutsi dio, dibertsitate funtzionala duten pertsonen gozamena errazteko neurriak aplikatuz; besteak beste, lehen egunetan argiztapena eta soinua egokituz, eta Desgaitasuna Egiaztatzeko Txartelaren bidez sarbide-baldintza bereziak eskainiz.
Azkenik, Bilbao Exhibition Centrek Cruz Roja Bizkaiarekin lankidetzan jarraitu du jostailu berrien, ez-belikoen eta ez-sexisten bilketa-kanpainan. Ekimen solidario horri esker, PIN/UGPn bildutako opariek Gabonetako magia eraman dute egoera ahulean dauden etxe askotara.
Kirolaren presentzia handia
Kirolak protagonismo berezia izan du edizio osoan zehar, haurtzarotik bizimodu osasungarriak sustatzeko aliatu gisa. Diziplina ezberdinetako Bizkaiko federazioekin elkarlanean, haurrek saskibaloia, eskubaloia, beisbola, miniatletismoa eta mahai-tenisa praktikatzeko aukera izan dute. Gainera, Laboral Kutxak skatea gehitu du aurten UGPera, hasierako ikastaroekin eta saio libre tutelatuekin, kirol urbanoa txikienei hurbilduz.
59. edizioari amaiera eman zion ekitaldia urtarrilaren 5ean, astelehenean, ospatu zen: PINeko Gabonetako VIII. Lasterketa, BECek antolatuta eta Bizkaiko Atletismo Federazioarekin lankidetzan. Adin guztietarako pentsatutako kirol-hitzordua izan zen, eta 520 pertsonak lagunartean edo familian partekatu zuten une berezi bat azoka-guneko 2. pabilioian.







