Bilboko Udalak aldi baterako erakusketa deszentralizatuen ziklo bat antolatzen du, EXPODISTRITO izenekoa. 2026ko edizio berriak hirira ekarri duen erakusketa berria «Pakistan, deskubritu gabeko kultura bat» da, Asiako herrialde horretako enbaxadaren eskutik datorrena.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten erakusketa Abandoko Udaltegian Eider Inunciaga, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, Euskarako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak eta Zahoor Ahmed Pakistango egungo enbaxadoreak. Ekitaldian, beste hauek ere izan ziren: Muhammad Ali Asghar, Merkataritzako eta Inbertsioko kontseilaria; Javier Camacho, bidaietan eta mendian espezializatutako argazkilaria, eta duela gutxi erakusketan agertzen diren natura-guneetako batzuk bisitatu dituena; Udalbatzako beste ordezkari batzuk, eta hiriko kultura- eta gizarte-arloko pertsonak.
Erakusketa urtarrilaren 29ra arte ikusi ahal izango da Abandoko Udaltegian, eta Pakistango aberastasun kulturalaren ibilaldi bisuala eskaintzen du. Argazkien bidez, lurralde bat baino askoz gehiago den herrialde bat deskubritzera gonbidatzen du erakusketak; izan ere, herrialde hori antzinako hainbat tradizioren, arte-adierazpenen eta kontrasteren arragoa da, eta elementu horiek guztiek bat egiten dute kultura-esperientzia ikusgarri batean. Aukera ederra da, gainera, ikusteko nola konbinatzen diren aniztasuna eta erresistentzia, eta konbinazio horrek hegoaldeko Asiaren panorama paregabe bat eskaintzen duen.
EXPODISTRITO BILBOKO AUZOETAN
EXPODISTRITO programa aldi baterako erakusketen ziklo deszentralizatu bat da, Bilboko Udalak antolatua. Urtarriletik aurrera, berriro ere ekin dio jarduerari, beste edizio bat abian jarrita. Edizio berri horretan, argazkigintza, pintura eta narratiba grafikoko proposamenak eskainiko dira.
Ziklo honetako erakusketak urtarrilaren 8tik (eguena) martxoaren 31ra arte egongo dira ikusgai Bilboko auzoetako udaltegietan. Edizio berri honetan, hiriko bizilagunek Expodistritoko arte-proposamenez gozatu ahal izango dute hainbat udaltegitan, hala nola San Ignazio-Ibarrekolandakoan, Castañosekoan, Otxarkoagakoan, Begoñakoan, Santutxukoan, San Frantziskokoan, La Bolsan, Abandokoan eta Errekaldekoan, eta baita Basurtuko barrutian dagoen La Perrera espazio soziokulturalean ere.
Artearen eta sormenaren sektoreari laguntzeko ekimen hori Bilbon sorkuntza eta berrikuntza bultzatzeko estrategiaren zutabeetako bat da, Bilboko Kulturaren 2023-2033 bitarteko Plan Estrategikoan jasotzen dena.








