Hezkuntza ondarea gorde, zaindu eta eskuragarri jartzearen garrantzia

0
Argazkia: Egoi Markaida. EHUko Komunikazio Bulegoa.

Hezkuntzaren unibertsoko alorra da hezkuntza ondarearena. UNESCOK ondarea definitzeko eta zehazteko zenbait kategoria ezarri ditu bi batzarretan: 1972an Munduko Kultur eta Natur Ondarea Babesteari buruzko Konbentzioan, eta 2003an Kultur Ondare Ez Materiala Babesteari buruzko Konbentzioan.

Hezkuntza ondarea gizarte batek bere erreprodukzio kulturala egiteko hautatzen eta erabiltzen dituen ezagutza eta ondasun material zein immaterialek osatzen dute, gizartearentzat garrantzitsua den iraganaren aztarnak gordetzeko. Azken aldiotan ondarea ikasgune bihurtu da joera pedagogikoetan, eta EHUn ere, tokia eman zaio Leioan dagoen Medikuntzaren Historiaren museoan, Gipuzkoako Campusean dagoen Hezkuntzaren Historiaren Museoan  eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean ireki berri den Hezkuntza Museoan ere. Horietan denetan irakaskuntza praktikoak eta presentzialak hartzen du indarra eta ikaslea ezagutzara hurbiltzen da modu fisikoan1.

Ondare-gunea da museoa. Ikasleentzako irakaskuntzaren historia, garapena eta zientziaren ibilbide didaktikoa ulertu eta ikasteko gunea. Espazio honetan alfabetatzearen historian erabili izan diren material pedagogiko ezberdinak biltzen dira. Euskaraz zein erderaz alfabetatzeko testuliburuen bilduma aipagarria jaso da, ikasle zein irakasleek euren ikerketa gaiak gara ditzaten. Gogoan hartu behar da metodologia berritzaileak euskararen garapen pedagogikoa eta materialen sorkuntza guztiz loturik daudela XX. mendeko ibilbide pedagogikoan. Bilgune honetan metatu den materiala digitalizatuta ez dagoenez, ondarea gordetzeko eta erabilgarri jartzeko aukera ematen du, historian izandako esperientzia eta material pedagogikoak ezagutzeko eta aurrerantzean alfabetatze digital berrietan integratzeko.

Orain urte batzuk, 2011ean, Bilboko Hezkuntza Fakultatean Magisteritza eta Gizarte Hezkuntzaren ikasketen lerro kronologikoa ezarri ziren fakultatearen erdiko hallean, Juliana de Agirrezabala aretoaren ondoan2. Bertan 2025eko abenduaren 18an, ondare immateriala osatzen duten hiru maistren biografiak berreskuratu dira: Juliana de Agirrezabala, Martina Casiano eta Adelina Mendez de la Torre. Bizkaiko ondare kolektiboaren parte diren heinean, balorean jarri nahi izan dira ikasleriaren eta jendearen ezagutzarako.

Juliana de Agirrezabala Pagola Amezketan jaio zen 1854ean. Maistra titulua 1892an lortu eta Bilboko Berastegiko eskoletan klaseak ematen hasi zen, oposaketak gainditu ondoren. Hamar urtez aritu zen parbulista, zuzendari, hizlari zereginetan. Froebelen pedagogiaren jarraitzaile sutsua zen, eta Tolstoik bultzatutako errusiar eskolaren aldekoa. Idazkietan etengabe aipatzen zituen ikasleen esperimentazioaren beharra eta ingurune hurbileko jolasek eta abestiek haurtzaroan duten garrantzia eta balio hezitzailea. Zuen prestigioagatik eta euskalduna izanik, euskarazko azterketako epaimahaietan irakasle izateko frogetan epaimahikide izan zen. 1902an, Eskola Normalaren zuzendari kargua hartu eta 1908an Eskola Normalaren Erret ordezkari izendatu zuten. Eskola Normalaren egoitza berria inauguratzeko data baino egun batzuk lehenago zendu zen bat-batean, 1912an, 62 urte zituela. Beraz, Juliana de Agirrezabalaren izena Bilboko Goi Mailako Maistren Eskolari lotzen zaio, bere zuzendaritzapean sortu eta sendotu baitzen Bilboko Goi Mailako Maistren Eskola.

Martina Casiano Mayor Madrilen jaio zen 1881ean. Oposaketa librean lortu zuen Maistrentzako Zientzia Normaletan Katedra eta Bilboko Goi Eskola Normaleko irakasle numerario izan zen eta 1909tik Idazkari Akademikoa. 1911an pentsionatua izan zen Madrilen eta Leipzig Unibertsitatean (Alemania), eta 1912an Fisika eta Kimikako Espainiar Elkarteko lehen emakume kide izendatu zuten. 1915ean oso zabalkunde handia izan zuen ‘Experimentos de fisica’ liburua argitaratu zuen. Bilboko Maistren Goi Eskolaren Zientzia Laborategiko eta Parke Botanikoko ardura zuen. Halaber, 1923tik Gerra Zibilera arte, Instituto Geografikoaren gidaritzapean, Bilboko Maistren Eskolan kokaturik zegoen Bilboko Behatoki Meteorologikoaren arduraduna izan zen. Irakaskuntza zientifikoaren oinarriak finkatzea izan zen haren helbururik aipagarriena. 1937an depuratua eta zigortua Cadizera urrundu zuten non Maisu zein Maistren Eskoletan, Zientzia arloan katedradun gisa aritu zen, 1951ean jubilatu artean. 1958an zendu zen.

Adelina Mendez de la Torre Rodriguez Castropolen (Asturias) jaio zen, 1871ean. Bilbora maistrentzako oposaketak gainditu ostean, 1898an heldu zen. Indautxuko La Concha ikastetxean maistra eta zuzendaria izan zen 1905etik 1922ra bitartean. Bilboko Udalak emandako diru laguntzaren bidez 1903ko udan, hilabeteko egonaldia egin zuen Italian eta 1908an Madrilgo JAEk (Junta de Ampliación de Estudios) emandako bekari esker bost hilabeteko egonaldia egin zuen Milan, Ginebra eta Parisen Pedagogia Esperimentala ikasteko aukera izanik. Neska gazteentzako formakuntza aldarrikatu eta bultzatu zuen igandeetako eskolak antolatuz. 1900ean, ikasleentzat irakurketa zaletasuna bultzatzeko ‘Biblioteca Instructiva. Historia, Provincias Vascongadas’ historia liburua kaleratu zuen, eta 1918an, Bizkaiko Historia liburua. Historia ezagutzeko zaletasuna sustatu nahi izan zuen, ikasleak espiritu kritikoan prestatuz eta herrialdearen historia ikuspegi zientifikotik ezagut araziz. Europan ezagutu zituen abangoardiako hezkuntza-korronteak ekarri zituen Bilbora, alegia, Eskola Berriaren, psikopedagogia zientifikoaren, paidologiaren eta higienismoaren ideia pedagogikoak.

Maistra izateko ikasle-praktikak lanbide-jardunari lotuago ezartzeko proiektua prestatu zuen eta baita lehen mailako eskolarako irakaskuntza elebidunaren oinarri teorikoak ezarri  ere. Oñatin 1918an burutu zen Eusko Ikaskuntzaren kongresuan, emakume kongresista bakarra izan zen, ‘Lehen Hezkuntza berria Euskal Herrian’ ponentziarekin eta irakaskuntza elebiduna bultzatu zuen bere ekarpenean. 1937an depuratua izan zen eta 1960ean zendu zen Bilbon.

Hiru emakume hauen ekarpenak pedagogian zeuden azken joeren ezarpenetan izan zuten eragina, joera eta ikuspegi aurrerakoiak XX. mendearen lehen hamarkadetan, faszismoak indarrez bertan behera utzi zituen arte.

EHUk badu ibilbide historikoa, azken mendearen islada dena, eta hori zaintzeko Eskola eta Fakultate bakoitzak bere ondarea jaso eta erakusgarri jartzea izan daiteke ondarea gordetzeko eta erabilgarri bihurtzeko modu bat.