Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lehentasuna eman dio herritarren parte-hartzeari Loiolako Erriberetarako bizitokien aurreproiektuan, eta obren hasiera 2027an ezarri du

0
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok Saila azken urtean lantzen ari den aurreproiektua —Ortega Diago arkitektura-estudioak garatu du— aurkeztu du

  • Zuzkidura-bizitokiak eta ekipamenduak eraikiz garapen orekatua lortzea bilatzen du planteamenduak; horrekin batera, beharren programa zehaztuko duen parte-hartze prozesu bat egingo da

  • Talde teknikoaren lan-hipotesiaren arabera, 200 etxebizitza eraikiko dira, eta sailburuak konpromisoa hartu du, programa zehazteko asmoz, Udalarekin eta auzoko auzo-elkartearekin lanean hasteko, “hori baita jarduteko modu egokia”  

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gaur aurkeztu du bere sailak Loiolako Erriberetan zuzkidura-bizitokiak eta ekipamenduak garatzeko duen aurreproiektua. Sailburuaren taldea eginkizun horretan aritu da lanean azken urtean. Horretarako, Ortega Diago estudioko (euskal arkitektura gaztearen Peña Ganchegui sarien 4. edizioan saritua izan zen) Gonzalo Sánchez eta Armando Diago arkitektoei eskatutako aurretiazko azterketa batean oinarritu da, esparrua hiri-, gizarte- eta komunitate-ikuspegitik aztertzeko helburuarekin.

Prentsaurrekoan, sailburuak azaldu du aurreproiektua lehen hurbilketa bat dela, eta, ondoren, auzokideek parte hartzeko eta hauei entzuteko prozesu bat egin beharko dela. Prozesu horretatik abiatuta, hainbat alderdi finkatuko dira, hala nola bizitokien kopuru zehatza eta ekipamenduetarako espazioen eta horien erabileren ezaugarriak, auzoaren beharren arabera.

Lehen zirriborro horretan erabilitako parametroetan, lantalde teknikoek, lan-hipotesi gisa, 200 bizitoki eraikitzea planteatu dute (HAPOn aurreikusitako eraikigarritasuna errespetatuz), baita kultura- eta komunitate-erabileretarako ekipamenduak —8.000 m2 arte— eraikitzea ere. “Teknikoki babestutako zifrak dira, eta aurreproiektuari testuinguru bat ematen diote auzotarrei proiektua auzoan nola integratzen den ikusteko aukera emanez, parte-hartze prozesua baldintzatu gabe”, azaldu du Itxasok; era berean, sailburuak bere gain hartu du “udalarekin eta auzoko auzo-elkartearekin programa definitzeko lanean hasteko konpromisoa; hala izan behar baitu”.

Sailburuak azpimarratu du, halaber, oso garrantzitsua dela herritarren parte-hartzea eta adostasunak lortzea hirirako etxebizitza-proiektuen inguruan. “Zifrak eman aurretik, beharrezkoa da babes teknikoa izatea, izapide luze eta konplexuak behar ote dituzten baloratzea, eta auzoan bizi diren pertsonak kontuan hartzea”, gaineratu du. Haren esanetan, “zoritxarrez, gehiegi luzatu diren etxebizitza babestuen proiektuen adibide bat baino gehiago ezagutzen du hiri honek. Horretatik ikasi behar dugu, eta adostasunetik abiatuta planteatu, non arrazoizko epe batean garatu ahal izango diren donostiarren beharrei egokitutako erantzunak lehenetsiko diren”, azaldu du.

Epeari dagokionez, Itxasok hauxe jakinarazi du: “Sailak lursaila hilabete honetan jasotzen badu, uda baino lehen abiaraziko du parte-hartze prozesua, eta urte honen amaieran egon liteke proiektua eta obra lizitatzen, obrekin 2027an hasteko”.