Amaitu da Lutxanako tren geltoki zaharrean (Barakaldo) Burdinbidearen Euskal Museoaren egoitza bat sortzeko lehen fasea

0
  • Nasak inguruko trenaren historian zeharreko ibilbide bihurtuko dira, eta trenbidearen gainean trenbide-material historikoa jarriko da, hala nola lurrunezko tren-makina, zenbait bagoi eta furgoi bat.

  • Bigarren fasean, erakusketa-espazioa garatuko da La Roblako tren-geltoki zaharraren goiko solairuan.

 Gaur, ostirala, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak Lutxanako tren-geltoki zaharrean egindako lanak bisitatu dituzte. Geltoki hori Leon eta Lutxana lotzen zituen La Robla trenbidearen parte zen, eta gaur egun erabilera mistoa du: Burdinbidearen Euskal Museoaren Bizkaiko egoitza bihurtzea —sozietate publiko horrek kudeatzen du museoa—, eta aldirietako trenaren geltokiaren eguneroko jarduerari eustea.

Eusko Jaurlaritzako bi arduradunek Eusko Jaurlaritzari eskualdatutako geltokiaren zatia birgaitzeko lanak ikusi ahal izan dituzte, Euskal Trenbide Sareak (Eusko Jaurlaritza) eta ADIFek (Gobernu zentrala) partekatzen baitute azpiegitura hori. Bi solairuko eraikina trenbide artean dago. Estatuko trenbide-administratzaileari dagokion zatian aldiriko trenek zirkulatzen dute —Nerbio ibaitik hurbilen dagoen trenbide-sortatik— eta bidaiariak jasotzen jarraitzen da. Aitzitik, autonomia-erkidegoaren esku dagoen zatian, Barakaldoko Lutxana auzotik hurbilen dagoen zatian, trenbide-ondarea birgaitzeko eta ondare horrek duen garrantzia nabarmentzeko proiektua gauzatzen ari da.

Esku-hartze horren lehen fasean, 1894an eraikitako geltokiaren nasak eta inguruak eraberritu dira, irisgarritasuna hobetu da, trenbidearen historiaren parte eta inguruko garapen ekonomiko eta sozialean duen garrantzia erakusteko erabil dadin. Hurrengo hilabeteetan, Euskotrenek askotariko material historikoa birgaitu eta jarriko du —Burdinbidearen Euskal Museoak baduena—, baita Bilboko Burdinbidearen Lagunen Elkarteak berriki emandako Gipuzkoa tren-makina, egongela-bagoi bat, lehen klaseko bagoi bat, hirugarren klaseko bagoi bat eta furgoi bat ere. Material hori berritu ondoren, autonomia-erkidegoaren titulartasunekoak diren eta erabiltzen ez diren trenbideetan jarriko da —Irauregi-Lutxana Barakaldo linea Estatuko interes orokorreko saretik desklasifikatu zen 2018an, eta Eusko Jaurlaritzari eskualdatu zitzaion—.

Etorkizunean egingo da eraikinaren barrualdea berritzea helburu duen bigarren fasea. Beheko solairuan, hau da, garai batean abiadura handiko lantegia, geltokiko buruaren kabinetea, Bilbotik Portugaleterako trenbidearen zirkulazio-faktorearen kabinetea eta La Robla treneko bidaiarien itxaron-eremuak zeuden lekuan, herritarrek erabili ahal izango duten espazioa egokitzeko lanak egingo dira. Goiko solairuan, hau da, geltokiko langileen bizitokia eta txartelak saltzeko eremua zeuden tokian, trenbide-elementu historikoen erakusketa-espazio berria sortzea aurreikusten da. Horrela, geltokia Azpeitiko (Gipuzkoa) Burdinbidearen Euskal Museoaren azpiegoitza izango da.

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak aditzera eman duenez, “jarduketa hau ez da trenbide-espazio bat birgaitzea besterik gabe, haratago doa”. “Gure kezka da zer egin dezakegun trenbidearen arlotik trenaren munduaz haratago joateko, eta inguruko pertsonek edo bisitatzen gaituztenek gure trenbidearen, meatzaritzaren eta industriaren iragana ezagutzea eta inguruko garapen ekonomiko eta sozialerako izan zuen garrantziaz jabetzea ahalbidetuko duen leku interesgarri bihurtzeko”, erantsi du.

Bestalde, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azaldu duenez, “turismo industrialaren aldeko gure apustua esaldi batean laburbil daiteke: nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu”. “Lehentasunezko Jarduketa Funtsen bidez bultzatzen ditugun proiektuak, hala nola Lutxanako geltokiko etorkizuneko Burdinbidearen Euskal Museoak, gizarte gisa dugun oroimena babestearen adibideak dira. Baita turismoa gisako baliabide unibertsal baten bidez egin ahal izatearen adibide ere, bisitariak erakartzeaz gain, gure historiaren eta legatuaren babesle bihurtzea bilatzen baita”, eman du aditzera.

Lutxanak trenbide-ondarea interpretatzeko zentro bat izango du, arlo horretan oso sinbolikoa den Euskal Autonomia Erkidegoko geografiaren puntu batean, Lutxana Espainiako trenbide-elkargune handienetako bat izan baitzen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Hain zuzen, Lutxana zuten abiapuntu bost trenbidek, El Regato (Barakaldo) eta Zugaztietako (Trapagaran) meategietatik ateratako burdina Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko kargalekuetara eramaten zutenak, beste herrialde batzuetarako bidean.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren 568.000 euroko inbertsioa izan du orain arte, eta lehen fase honetan egin den jarduketa —espazioak eraberritzea eta erakusketa-eremu bihurtzea—Ezkerraldeko Lehentasunezko Jarduketa Eremuaren (LJE) testuinguruan egindako esku-hartzeen artean sartzen da.

Lan horietan, funtsean, geltokiaren kanpoaldeak egokitu dira, eta egungo sarbideetan eta eraikinaren ondoko urbanizazioan dagoen irisgarritasunik eza ebatzi da.

Egikaritu den proiektuak XX. mende hasierako espiritu estetikoa indartzearen aldeko apustua egin du, akaberei, markesinei, argiztapenari eta itxiturei dagokienez, eta une oro eutsi dio Renfek eskaintzen duen zerbitzu erregularraren operatibotasunari eta funtzionamenduari.