Zesta-puntako liga AEB-tara itzuliko da eta “Biscayne Cup” Txapelketa indartuko du Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin

0

Bizkaiko Foru Aldundiak zesta-puntaren nazioartekotzeari emandako babesa indartu du, Biscayne Cup-en bigarren edizioa babestuz. Biscayne Cup Dania Jai Alaien (Florida, AEB) egingo da, eta aurten Grand Slam mailako txapelketa izango da, Jai Alai League Liga profesionalaren barruan.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak esan zuen bezala «pilota kirola baino askoz gehiago da Bizkaiarentzat; identitatea da. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du zalantzarik izan zesta-puntarako hain garrantzitsua den ekitaldi bat babesteko orduan. Gure enbaxadorerik onenak izan ziren, eta hala dira oraindik.»

Jai Alai Leagueak 2024-25 denboraldian eman zuen Estatu Batuetara lehen jauzia eta bigarren edizioan, txapelketa indartu egingo du. Aurtengo honetan, «Grand Slam» edo kategoria goreneko txapelketa izango da. Bikote eta partida gehiago, Daniako kantxa historikoan. Gaur egun, batez ere ofizioa ikasten ari diren pilotari gazteen hobekuntzan dago bertako denboraldia zentratuta. Hiru hilabetez jokatzen dute bertan eta Daniako denboraldia Ligarako puntuagarria den txapelketa handi batekin bukatzen da. Biscayne Cup-ean gaur egungo pilotari onenek jokatuko dute. 12 parte-hartzaileetatik 10 Winter Serieseko puntistak dira.

Bigarren edzio honetan, Master izatetik (4 bikote) Grand Slam izatera (6 bikote) pasako da «Biscayne Cup»-a. Txapelketak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izango du eta publiko amerikarrak Imanol Lopez pilotaria agurtu ahal izango du. Zumaiako kirolari handiak Danian hasi zuen AEB-tako bere ibilbidea, eta bertan emango ditu Estatu Batuetako bere azken pilotakadak.

BIKOTEAK:

* ERKIAGA-LOPEZ

* GOITIA-LEKERIKA

* LADUCHE-BASQUE

* URREISTI-IBARLUZEA

* JOHAN-GORKA

* ZULAIKA-UBILLA

Johan eta Gorka Sorozabal anaiek Danian bertan lortu dute Biscayne-rako sailkapena. Ostegun gauean irabazi zuten aurrekanporaketa gisa balio duen Daniako barne-txapelketa. Zulaika eta Ubilla pilotariak Danian jokatutakoak dira. Aurrelari donostiarrak eta atzelari markinarrak Magic City-ko «World Super Court» txapelketa irabazi dute eta frontoi horren ordezkari gisa jokatuko dute Biscayne Cup-a.

Biscayne Cup-a Jai Alai League-ko txapelketa ofiziala da eta kategoria gorenekoa izanik, bikote irabazleak 2.000 puntu eskuratuko ditu, Ligako ranking-era begira.

Euskal Telebista

Euskal Telebistak txapelketaren eguneroko jarraipena egingo du bere albistegien bidez. Horrez gain, txapelketaren laburpen-dokumentala eskeiniko du martxoaren 2-an.