- Osasun Sailak eta Osakidetzak beren gain hartu dute barne-araudia berrikusteko konpromisoa, euskal osasun-sistema publikoa zerbitzu horretaz arduratu ahal izan dadin, kaltetuen eta haien gertukoen minari erantzun gizatiarragoa eta hurbilagoa emateko borondatea azpimarratuz
- Iragarpena Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak ararteko berriarekin egindako lehen bileran egin da, eta, bertan, eta Euskadiko Osasun Itunaren ale bat eman dio
Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromisoa hartu dute gaur egun indarrean dagoen araudia berrikusteko, ebakuntza kirurgikoetatik, anputazioetatik eta abortuetatik datozen giza gorpuzkien hileta-zerbitzuaren kudeaketaz eta kostuaz arduratzeko helburuarekin, bai eta egungo 4/2024 Instrukzioa berrikusteko ere, konpromiso hori jasotzeko; Andadek Euskadin duen ordezkaritzarekin (anputatutako pertsonen kolektibo osoa ordezkatzen duen elkartea) entzuteko prozesuaren ondoren.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak gaur goizean iragarri du Osasun Sailak eta Osakidetzak araudia berrikusiko dutela 4/2024 Instrukzioa aldatzeko, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak bere gain har dezan entitate nahikoa duten gorpuzkien hileta-zerbitzua (ebakuntza kirurgikoen, anputazioen edo abortuen ondoriozko gorpuzkiak). Gaur egun, instrukzio horrek ezartzen duenez, gastu horiek pazienteek berek edo haien familiek hartu behar dituzte bere gain, eta, baliabiderik ezean, udalei igorri behar zitzaizkien.
Osakidetzaren 4/2024 Instrukzioak entitate nahikoa zuten gorpuzkien kudeaketa erregulatzen du, eta, horien azken helmugari erreparatuta, gorpuekin parekatzen dituen, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hilotz-osasunari buruzko araudiaren arabera. Laugarren puntuan, instrukzioak adierazten du gorpuzkiak ehorzteko edo erretzeko gastuak pazienteak edo haren senideek ordaindu behar dituztela.
Eredua aldatzea: pazienteei eta familiei babesa eta laguntza ematea
Berrikuspenaren konpromisoarekin eta araua aldatzeko posibilitatearekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak urrats bat egin dute aurrera pazienteek eta haien familiek gastu horiei une bereziki sentikorretan aurre egin behar izan ez diezaieten. Planteamendu berriak berarekin dakar Euskadiko osasun-sistema publikoak zerbitzu hori bere gain hartzea, eta, hala, egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonen babesa eta laguntza indartzea. Hartara, eraginpean daudenen eta haien hurbilekoen minari erantzun gizatiarragoa eta hurbilagokoa emateko borondatea nabarmentzen da.
Giza hondakin horien hileta-zerbitzua bere gain hartzeko eta indarrean dagoen instrukzioa aldatzeko konpromisoa Osakidetzaren humanizazio-estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horrek pazientea erdigunean jartzen du, arretaren hobetzen du eta herritarren beharrei erantzuten die.
Topaketa instituzionala Arartekoarekin
Osasuneko sailburuak Mikel Mancisidor ararteko berriarekin gaur goizean egin duen lehen bileran egin da iragarpena. Sailburuak berak eskatu du bilera hori. Bileran, Osasuneko sailburuak Arartekoari Euskadiko Osasun Itunaren ale bat eman dio, osasun-sistema publikoa indartzeko, ekitatea sustatzeko eta osasun-arretaren etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko konpromiso partekatuak jasotzen dituen dokumentua. Keinu horrekin, sailburuak Itunaren garrantzia azpimarratu du, erakundeen arteko adostasun-esparru eta lan-tresna komun gisa. Halaber, Arartekoarekin lankidetza estuan jarraitzeko eta herritarren premien eta kezken aurrean entzute aktiboa izateko borondatea berretsi du.
Bileran, gainera, osasun-arretarekin eta pazienteen eskubideekin lotzen diren zenbait gai jorratu dira, erakundeen arteko lankidetza-giroan.
Alberto Martínez sailburua Osasun Saileko bi sailburuordeekin, Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarterekin, eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaorekin izan da bileran. Horrela, agerian utzi nahi izan du Eusko Jaurlaritzako osasun-taldea inplikatuta dagoela Arartekoaren erakundearekin, herritarren eskubideen bermatzailea eta haien eskaerak entzuteko, bideratzeko eta erantzuteko funtsezko solaskidea den heinean.








