Hamar pertsonatik zazpik positiboki baloratzen dute Nafarroako administrazio publikoen funtzionamendua

0

Nafarroako herritarrek administrazio publikoen funtzionamenduari buruz duten pertzepzioa hobetu egin da azken urtean, %70,7ko balorazio positiboa lortu baitu, 2024an baino hamar puntu gehiago. Gainera, ikerketak erakusten du hezkuntza, garraio publikoa eta herritarren arreta direla Nafarroako biztanleria gehien gogobetetzen duten hiru zerbitzu publikoak.

Horiek dira ‘Herritarrek Nafarroako erakundeen eta zerbitzu publikoen inguruan duten pertzepzioari eta konfiantzari buruzko inkestaren’ bigarren zatiaren ondorio nagusiak. Inkesta gaur aurkeztu dute lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilaria den Javier Remirezek eta Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusia den Txerra Garcia de Eulatek.

Datuak emateko bigarren hedapena, hain zuzen ere, herritarrek zerbitzu publikoak emateari dagokionean duten pertzepzioan oinarritzen da. Dokumentua Nafarroako Gobernuko Analisi eta Prospektiba Bulegoak (APB) egin du, eta helburuetako bat da Nafarroako herritarrek Foru Komunitateko erakunde eta zerbitzu publikoen gainean duten legitimitatea eta konfiantza aztertzea, politika publikoen zutabe izateagatik eta, gainera, herritar horiek zerbitzu horien funtzionamendua ikusteko duten moduaren gaineko ikuspegi orokorra ematea.

Javier Remirez lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak honela nabarmendu du: “herritarren ustez, Nafarroak hobeto funtzionatzen du”, eta horrek esan nahi du “gure erakundeak erantzuten ari direla eta espero bezala ari direla lanean”. Era berean, Remirezek azpimarratu du emaitzek berretsi egiten dutela Foru Komunitateko zerbitzu publikoen ereduaren eta Exekutiboaren zuzendaritzaren sendotasuna. “Inkesta honek herritarrei entzuteko, indarguneak identifikatzeko eta zein alderdi hobetzen jarraitu behar dugun jakiteko balio du. Dena den Nafarroako Gobernuak bere ibilbide-orria ondo zehaztuta duela berresten du”, gaineratu du.

Lehendakariordeak baieztatu du “Gobernu honek arlo publikoaren boterean sinesten duela, gizarte-kohesioa, berdintasuna eta kalitate demokratikoa ondoen bermatzen dituena izateagatik”. Administrazioa modernizatzeko eta herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko lanean jarraituko duela ziurtatu du.

Gazteek eta Nafarroatik kanpo jaiotakoek hobeto ikusten dituzte zerbitzuak

Nafarroako herritarrek administrazioekiko gogobetetze-mailaren inguruan duten balorazioa %10 hobetu da 2024koarekin alderatuta, eta %70,7koa da. Adin-tarteen arabera, alde esanguratsuak daude, eta, adina handiagoa den heinean, balorazio positiboak behera egiten du. Ildo horretan, biztanleria gazteenak (18 eta 29 urte artekoak) %84,3ko balorazio positiboa izan du, eta, ondoren, 30 eta 44 urte artekoak daude %71,9rekin, batez besteko orokorrarekin gehien lerrokatuta. Azkenik, 45 eta 64 urte artekoak %67ra iritsi dira eta 65 urtetik gorakoak %66,3ra.

Inkesta egindako pertsonen jaioterriari dagokionean, Nafarroatik kanpo jaiotakoek administrazioaren funtzionamenduaren inguruan egindako balorazioa gure komunitatean jaiotakoena baino positiboagoa izan da. Beste herrialde batean jaiotakoak %84,7ra iritsi dira, eta, jarraian, beste autonomia-erkidego batekoak (%69,8) eta Nafarroan jaiotakoak (%67,7) daude. Alde horren azalpena izan daiteke Nafarroatik kanpo jaiotako pertsonek beste administrazio eta funtzionamendu batzuk ezagutu dituztela, eta, biak alderatuta, foro-administrazioak balorazio positiboagoa lortu duela.

Toki-administrazioa, balorazio onena jaso duena

Nafarroako biztanleak ere gustura agertu dira udalek, Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Administrazio Orokorrak eskainitako zerbitzuei dagokienean, eta Toki-administrazioak lortu du balorazio onena, %65,5, 2024an baino lau puntu gehiago. Ondoren, Nafarroako Gobernuak %61,9ko balorazioa jaso du, %15 handiagoa, eta, azkenik, Estatuko Administrazio Orokorrak %48,5ekoa jaso du, %13 handituta. Datu horien arabera, herritarren lurraldetik eta eguneroko bizitzatik hurbilen dauden administrazioek asebetetze-emaitza hobeak lortu dituzte, eta, aldi berean, eraginkortasun-pertzepzioa murriztu egin da toki-eremutik urrunen dauden administrazio-mailetan.

Ildo horretan, inkestari esker jakin ahal izan dugu udalak direla izapide gehien jaso dituzten administrazioak, eta, ondorioz, herritarrekin harreman gehien izan dutenak. Era horretan, inkesta egindakoen %54ak adierazi du kudeaketaren bat egin duela azken 12 hilabeteetan; Nafarroako Gobernuaren kasuan, berriz, %50,5era murriztu da, eta Estatuko Administrazio Orokorrari dagokionean, %26,8ra. Emaitza horiek 2024koetatik urrun daude; izan ere, Nafarroako Gobernua izan zen izapide gehien egindako administrazioa (%55,9) eta, ondoren, udalak (%39) eta Estatuko Administrazio Orokorra (%22,7).

Inkesta

Inkesta APBk eta Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak sustatu dute, eta aktiboki entzuteko ariketa gisa planteatu da. Herritarrek zerbitzu publikoen inguruan parte hartzea bultzatu nahi da, azken urteetan onartutako foro-araudiak xedatzen duen bezala; hots, 21/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa, Politika Publikoen Ebaluazioari eta Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzkoa; eta 12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.

Inkesta garatzeko, Sigma Dos enpresak telefono bidez egin die inkesta Nafarroan 18 urteko edo hortik gorako 1.600 pertsonari, APBk egindako galdetegia erabilita.