Ibone Bengoetxea: «Kirola funtsezko arloa da gure gizartearen garapenean eta ongizatean. Hiru ardatz nagusi bultzatuko ditugu, kiroletik abiatuta: berdintasuna, gizarte inklusioa eta euskara. Halaber, kirol diplomazia eta Euskal Selekzioak gure baloreak eta herri nortasuna mundura zabaltzen lagunduko diguten tresnak izango dira».
Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Basque Team Zentroan batzartu da gaur euskal kirol federazioekin, kirol arloko etorkizuneko erronka eta proiektuak aztertzeko. Berarekin batera, Angel Gurrutxagak, EKFBko presidenteak, Gorka Iturriagak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, eta 48 euskal kirol federazioetako 50 bat ordezkarik parte hartu dute bileran.
Lehendakariordeak bileraren hasieran azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzarentzat kirola funtsezko arloa da Euskadiren garapenerako eta gizarte-ongizaterako: «Hiru dira helburu komun horri ekarpena egiten dioten ardatz estrategikoak, eta erabat lotuta daude: berdintasuna kirolean, gizarte inklusioa eta euskara. Halaber, azpimarratu nahi dut kirol diplomazia eta Euskal Selekzioak funtsezko tresnak izango direla gure baloreak eta herri nortasuna mundura zabaltzeko».
Zentzu horretan, kirolak gizartea eraldatzeko duen garrantzia azpimarratu du Bengoetxeak: «Kirola gizartea eraldatzeko tresna dela diogunean, kirolak eraldatzeko eta aldaketen katalizatzaile izateko duen ahalmenaz ari gara. Gizarteratze-prozesuak bizkortzeko eta ziurrenik beste esparru batzuetan ez dauden kolektiboak ahalduntzeko gaitasuna du. Gaitasun eraldatzaile hori aprobetxatu nahi dugu, eta behar dugu; izan ere, kirolean berdintasuna eta ekitatea benetakoak izatea lortzen dugunean, gizarteari ere helaraziko zaio. Berdintasuna eta ekitatea zeharkako ardatz garrantzitsuak dira Gobernu honentzat».
Halaber, lehendakariordeak euskal kirol federazioak eta Euskal Selekzioak nabarmendu ditu: «Gure nortasuna eta herri gisa ditugun baloreak ordezkatzen dituzte. Gure enbaxadoreak dira, bai etxean, bai munduan. Sekelzio bat izateak herri nortasuna eta herri harrotasuna sortzen du, gizartea kohesionatu, elkartu eta hunkitzen duena. Gure selekzioen eta kirolarien arrakastak partekatuak dira, eta horrek gizartea inspiratzen du, gizartea motibatzen du kirol-sistema horretan parte hartzera, eta, horrela, gizarte-ongizateko helburu komun horri ekarpena egiten dio”.
Bengoetxeak bilera amaitu du euskal federazioi elkarlanerako ateak zabalduz: «Kirola erreferente sozial bat izaten jarraitzea behar dugu. Federazioek euskal gizartearen eta Euskadi Berriaren beharretara egokitu behar dute. Eta, aldi berean, gure herriaren gizarte, ekonomia eta kirol-eraldaketaren protagonista izan behar dute, kirolaren kudeaketan, egokitzapenean eta erabileran eredu izanik helburu horietarako. Kalitatezko jauzi bat emateko unea da. Eta eskutik egingo dugu, elkarrekin lan eginez «.