Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Lazkaoko Iztueta Azpikoa baserriko Eñaut Sala Insaustiri eman dio Gastronomika Sariak BMW Lurauto sarietako bat, bere produktuen ekoizpenean tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen esne-ustiategiaren mendeurrenarekin bat eginda. Ekitaldia Donostiako Tenis Klubean egin da, eta bertan hamahiru bereizgarri banatu zaizkie sukaldariei eta establezimendu gastronomikoei.
Lazkaoko Iztueta Azpikoa baserriak Euskadiko esne-behien ustiategi onenaren saria ere jaso zuen duela bost urte. Gaur arratsaldean egin den ekitaldian beste sari batzuk jaso dituztenak hauek izan dira: Xixario erretegia, Maider Aristizabal, Cebanc, Rikardo taberna, Andoni Arranz, Muina taberna, Arantza Ayala, Mahaia kolektiboa, Rekondo jatetxea, Martín Berasategi, Pedro Subijana eta Arzak jatetxea.
“Merezitako hamahiru sari dira. Lazkaoko Iztueta baserriari nire aintzatespenik handiena eskaini nahi diot bere lanagatik, etengabe berritzeagatik, inguruari, larreei eta abereei arreta bikaina eskaintzeagatik eta Eñaut Sala, Marije Insausti eta familia osoa buru direla produkturik onena lortzeko ardura positiboagatik”, adierazi du Barredok.
Iztuetak kalitate handiko jogurtak, izozkiak, gaztak, esnea eta marmelada ekoizten eta banatzen ditu. Bere produktuen kalitatea euren larreetan behiek jaten duten belarraren egoera ona da.