Europako Gizarte Funtsa Plus 2021-2027 programa erritmo onean gauzatzen ari da Euskadin 197 milioitik gorako jarduketekin

0

Euskadiko EGF+ 2021-2027 Programaren baitan Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuko dituen proiektuekin hautatutako hamaika euskal erakundeak erritmo onean egiten ari dira aurrera eragiketa horiek gauzatzen. Eusko Jaurlaritzak proposatu eta Europako Batzordeak onartutako programa honek 197 milioi eurotik gorako jarduketak aurreikusten ditu, eta horietatik 79 milioi Europar Batasunak jarriko ditu. 90.000 pertsona baino gehiago artatuko dituela kalkulatzen da, eta programa osoa gorabeherarik gabe garatzen ari dela balioetsi da.

Testuinguru horretan, joan den ostegunean bisita egin zitzaien hamaika erakunde horietako biri, Bilbao Ekintzari eta ASLEri, datozen hilabeteetan garatuko diren proiektu guztiei egingo zaizkien topaketa eta bileren egutegiaren barruan, Juan Alberdi Politika Ekonomiko eta Europar Kohesioko zuzendariaren hitzetan “proiektu guztiekiko gure hurbiltasun-konpromisoa eta etengabeko lankidetza” berresteko.

Kasu honetan, bi erakundeek kofinantzaketa horretarako laguntza-ildoak planifikatu dituzte, autoenplegua sendotzeko eta enpresak sortzeko hasierako laguntzari begira.

Bilbao Ekintzaren kasuan, enpresa-ekimen berriak sortzea eta enpresak eratzea sustatzeko helburuarekin, bereziki emakume ekintzaileek eta gazteek gidatutakoak, enplegua eta aberastasuna sortzen dutenak eredu jasangarri eta kolaboratiboagoen pean.

Bestalde, Asle enpresa-elkartearen helburua da babesa eta laguntza ematea jarduera uztearen edo belaunaldi-erreleborik ez izatearen ondorioz negozioak eta enpresak transmititzeko prozesuetan, haien jarduera ekonomikoa iraunarazteko eta enpleguari eusteko.

EAEko Europako Gizarte Funtsa Plus 2021-2027 Programan aurreikusitako zazpi urteetan, Eusko Jaurlaritzak “finantzaketarekin eta printzipio eta balio partekatuekin, Euskadiren hazkunde inklusiboan, lan-merkatuaren modernizazioan, gure artera iritsitako eraldaketa berde eta digitaletara egokitzen, eta gure gizarteko pertsona kalteberenak babesten” lagundu nahi du, duela bi urte programa abiarazteko ekitaldian azpimarratu zen bezala.