Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek eta Xuntako Osasuneko kontseilari Antonio Gómez Caamañok beren esperientzia partekatu dute, osasun publikoan protonterapia sartzen autonomia-erkidego aitzindariak diren aldetik.
Galizia izango da tratamendu horiek aplikatzen lehen erkidegoa, 2026ko azken hiruhilekoan, eta Euskadik aurreikusten du 2027an lehen pazientea artatuko duela, eta hori jauzi kualitatibo handia izango da onkologiako prestazioen garapenean. Euskadiko Protonterapia Unitatea Donostialdea ESIn dago, eta Euskadi osoari eta Nafarroa, Errioxa, Kantabria, eta Burgos eta Soria (Gaztela-Leon) probintziei emango die zerbitzua.
Bi sailburuek bisita egin dute gaur eguerdian Galiziako Protonterapia Zentroko obretara, Gontzal Tamayo Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioen zuzendari nagusiarekin, José Ramón Parada Galiziako Osasun Zerbitzuko gerentearekin eta Ángel Facio Santiago de Compostelako eta Barbanzako Osasun Arloko gerentearekin batera.
Egin duten ibilbidean egiaztatu ahal izan dute Galiziako Protonterapia Zentroko lanak % 62ra iritsi direla jada. Xuntako proiektuak aurreikusita dauka uda ondoren tratamenduko ziklotroia jasotzea eta lehen paziente onkologikoak 2026ko azken hiruhilekoan artatzea. Bitartean, aurreneko lau profesionalak hautatuak dituzte zentroa abian jartzeko prestakuntzari ekin diezaioten.
Protonterapiako unitateak erreferentziazko gune izango dira Europan minbiziaren aurkako tratamendu aurreraturako, eta abangoardiako teknologia izango dute, pazientearentzako arriskuak murrizten dituena, minbizia duten pertsonen tratamenduaren humanizazioan sakontzeko. Horrek garrantzi handia izango du biziraupen luzea duten pazienteengan, batez ere pediatriako populazioan, protonterapia bidez tratatu daitezkeen pazienteen ehuneko handia.
Genoma Galicia proiektua
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Medikuntza Genomikoaren Fundazio Publikoan amaitu du bisita, Santiago de Compostelako Unibertsitate Ospitale Gunean. Erakunde horrek kudeatzen ditu gaur egun Galiziako Osasun Zerbitzuko pazienteen azterketa genetikoen eskaerak. Iaz 38.000 azterlan egin zituzten gaixotasun arraroak eta minbizi hereditarioak diagnostikatzeko eta haien jarraipena egiteko.
Fundazioak Osasun Kontseilaritzarekin ere lankidetzan dihardu Genoma Galicia proiektuan, 400.000 pertsonaren datu genetiko eta klinikoak biltzeko eta 100.000 lagin biologikoen biobanku bat sortzeko. Gómez Caamañok proiektu honek mundu mailan izango duen garrantzia azaldu du, ahalbidetu egingo baitu bularreko eta obulutegiko minbizia eta familiako hiperkolesterolemia eta Lynch sindromea (besteak beste, koloneko minbiziari lotutako sindromea) izateko arriskua detektatzea.