Sanjuandegin Mantangorri jaisteko ordu gutxi batzuk falta diren honetan, festa usaina da nagusi Azpeitian. Saninazio bezperarako ere bi hilabete eskas falta direla esaten du egutegiak, eta, iaz bezala, aurten ere Udalak herritarrei galdetuko die nork nahi duten txupinazoa botatzea.
• Gaurtik ekainaren 13ra arte, proposamenak jasotzeko epea zabalduko da. Bi bide egongo dira horretarako: posta elektroniko bidez egitea proposamena (txupinazoa@azpeitia.eus da helbidea) edo buzoien bidez (udaletxean, igerilekuan eta liburutegian). Zein den proposatutako hautagaia eta zergatik proposatu den adierazi behar da. Taldeak edo norbanakoak izan daitezke.
• Festa Batzordeak aztertuko ditu proposamen guztiak, eta hainbat irizpideri begiratu ostean, lau finalista aukeratuko ditu. Honako hauek dira kontuan hartuko dituen aldagaietako batzuk: herriari egindako ekarpena, norbere arloan izandako merituak, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana. Ekainaren 20an jakinaraziko du Udalak zein diren txupinazoa botatzeko lau hautagaiak.
• Ekainaren 20an beste bozketa bat irekiko da lau hautagaiekin. Bi bide egongo dira berriz ere: postontzien bidez edo udalaren webgunean zintzilikatuko den galdetegi bidez. Herritar bakoitzak boto bakarra emango duela bermatzeko, nortasun agiriaren zenbakia eskatuko da (izen-abizenak ez dira beharrezkoak izango; botoa isilpekoa izango delako).
• Ekainaren 30ean, San Inazio bezperarako hilabete falta denean, txupinazoa nork botako duen jakinaraziko du Udalak.
Iaz erabili zen lehen aldiz sistema hori txupinazoa nork bota erabakitzeko, eta uste baino jende gehiagok parte hartu zuen. Lehen aldi hartan, azokara etortzen diren baserritarrak, Azpeitiko Guka, Sierbetako mojak eta Elkar-ekin izan ziren lau hautagaiak, eta baserritarrek bildu zituzten boto gehien.