“Uste osoa dugu ondo bideratutako finantza-tresnak motor estrategiko izan daitezkeela gure enpresen lehiakortasunerako eta, horrenbestez, gure gizartearen ongizaterako”, adierazi du d’Anjou sailburuak. Mezu horrekin esku hartu du, gaur, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak “Euskadiko ekonomiaren erronkak eta aukerak” foroan —Deusto Business Alumni erakundeak, Deloitte-rekin elkarlanean, antolatua—.
Foro horretan, Euskadiren bultzada ekonomikorako ikuspegiak eta proposamenak partekatu dira, eta d’Anjou sailburuak “Euskal Autonomia Erkidegoaren eredua” nabarmendu du. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak eredu hori bultzatzen jarraitu nahi du oinarri sendoak ardatz hartuta, betiere “funtsezko hiru palankatan oinarritutako kontratu baten bidez: industria lehiakorra, berrikuntza-politikak eta produkzio-sarearen zerbitzura dagoen finantza-arkitektura”.
Ogasun eta Finantzetako sailburuak, hamar puntutan laburbildu du “ekonomiaren dinamismoa eta egonkortasuna bermatuko duen beste kontratu sozial bat” bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategia.
Bide-orri horretan, dekalogo honi erantzungo zaio:
- Enpresa txiki eta ertainen sarea indartzea, eta nazioartekotzeko gaitasun handiagoa duten tamaina ertaineko enpresak finkatzea.
- Lan-merkatuarekin lotutako prestakuntza-sistema bultzatzea, produkzio-sektoreen benetako beharretara bidera dadin.
- Trantsizio digitala eta teknologikoa bizkortzea, eta, horretarako, 4.0 industriaren, adimen artifizialaren, bioteknologiaren eta osasunaren arloak bultzatzea, Euskadik arlo horietan gaitasun handiak baititu.
- Deskarbonizazioa eta energia garbiak sustatzea, eta hidrogeno berdea gisako sektoreen aldeko apustua egitea —sektore horiek emisioak murrizteaz gain, kalitatezko eta balio erantsiko enplegua sor dezakete—.
- Erakundeen arteko koordinazioa eta administrazio-sinplifikazioa hobetzea, proiektu berriak martxan jartzea erraztu dadin, burokrazia murriztu dadin eta kudeaketa publikoa efizienteagoa izan dadin.
- Sektore estrategikoetara zuzenduko den inbertsioa mobilizatzea, finantza-tresna propioen bidez, hala nola Finantzen Euskal Institutuaren bidez —beste etapa horretan funtsezko rola izango du—.
- Herri-ikuspegia duten proiektu eraldatzaileak garatzea, hala nola Hidrogenoaren Euskal Korridorea, Gipuzkoako superkonputazio kuantikoko azpiegitura edo Arabako farmazia-nodoa.
- Lankidetza publiko-pribatua sustatzea klusterren eta aliantzen bidez eta sinergiak eta irtenbide partekatuak sortuta, digitalizazioa edo ekonomia zirkularra gisako arloetan.
- Nazioartekotzearen aldeko apustua egitea, gehiago esportatzearen bidetik ez ezik, merkatuak dibertsifikatzearen eta Euskadira inbertsio estrategikoa erakartzearen bidetik ere bai.
- Lurralde-kohesioa indartzea, mugikortasuneko, etxebizitza irisgarriko eta konektagarritasuneko azpiegitura hobeekin, ongizatea hurbiltasunetik ere eraikitzen baita.
“Hamar jarduketa-ildo horiek jada aktibatzen ari garen konpromisoak dira”, aditzera eman du d’Anjou sailburuak, eta gogorarazi du martxoan ekimen aitzindari bat jarri zela abian: Euskal Finantza Aliantza. “Aurrezkia eta euskal kapitala eraldaketa ekonomiko eta industrialeko helburuekin bat egiteko ahalegina”.
“Badakigu ez dagoela eraldaketarik lidergorik gabe, ezta lidergorik konpromiso partekaturik gabe ere” —etorkizuna inork bermatzen ez duen ideian sakonduta—, “alabaina, guztion artean eraiki dezakegu” —aukera horri ihes egiten ez uzteko azken keinu batekin—, “hori baita nahi dugun Euskadi Berria”.








