Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak emantzipaziorako laguntzak jasotzeko gutxieneko adina 23 urtera aurreratzeko proposamen bat aurkeztu du. Helburua gazteek independizatzeko garaian dituzten zailtasunei erantzutea izango litzateke.
Gaur egun, Euskadiko Gazteen Egoerari buruzko 2024ko Diagnostikoaren arabera emantzipatzeko batez besteko adina 29,3 urtekoa da. Proposatutako neurriak aukera emango lieke gazteei hilean 300 euro ematen dituen laguntza-programan arinago sartzeko.
Gazteen batez besteko emantzipazio-adina murriztera bideratutako politika publikoen eragina indartzeko asmoz, laguntza-programaren hartzaile den adin-tartea doitzea erabaki da, hasieran aurreikusitako 25-29 urtetik 23 urtetik 29 urterako tartera. Euskadiko Gazteen 2024ko Egoeraren Diagnostikoaren datuen arabera, emantzipatzeko adin ideala 23,3 urtekoa da batez beste, eta benetako adina, berriz, 29,7 urtekoa, hau da, 6,4 urteko aldea.
«23 urtetik aurrera jarduteak aukera ematen du Eusko Jaurlaritzaren laguntza aurreratzeko funtsezko etapa batean, gazteen helburuekin lerrokatuz eta helburu estrategikoak betetzen modu eraginkorragoan lagunduz. Eta emantzipatzeko batez besteko adina murrizten lagundu nahi badugu, justifikatuta dago laguntzak jasotzeko gutxieneko adina 23 urtera aurreratzea, adierazle hori zuzenago azpimarratuz«, adierazi du Adrián López Sarachaga Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak bultzatutako ekimena programa arautuko duen agindu berri batean sartuko da.
Garrantzitsua da azpimarratzea neurri hori indarrean sartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak onartu beharko duela. Argi berdea jasoz gero, aldaketak ez dio aurtengo deialdiari eragingo, jada martxan dagoen prozedura ez aldatzeko.
Baldintza ekonomikoak
Egungo baldintza ekonomikoei eutsiko zaie: urteko diru-sarrerak ez dira 30.000 eurotik gorakoak izango, eta 28.500 eurotik beherakoen kasuan lehentasuna izango dute, bereziki egoera ahulenean dauden gazteak baitira.
Proposamen honekin, Eusko Jaurlaritzak bere politikak euskal gazteriaren errealitatearekin lerrokatu nahi ditu, bere independentzia zailtzen duten oztopoei erantzun goiztiar eta eraginkorragoak eskainiz.








