Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle laguntzaile doktoreak prestatzeko ABIATU programaren bigarren deialdia amaitu da. Formakuntza honek EHUn egiten dituzten lehen urratsetan lagundu eta gidatu nahi ditu irakasle doktore laguntzaileak eta, zehazki, irakaskuntzari dagozkion gaietan. Bigarren deialdi honetan 166 pertsonek baliozkotu dute prestakuntza. Izan ere, online formazioa burutu ondoren, 72 pertsonek parte hartu zuten, Gipuzkoako Campuseko Elbira Zipitria Zentroan, Donostian, ospatu zen aurrez aurreko saioan. Saio honetan irakasle laguntzaile doktoreek garapen profesional akademikoaz hausnartzeko aukera izan zuten, irakasle rolean fokoa jarriz. Hausnarketa hau partekatua izan zen egoera berdinean aurkitzen diren kideen eta ezagutza arlo ezberdinetako irakasle adituen artean. Guztira, 238 irakaslek lortu dute ABIATU akreditazioa programaren bigarren deialdi honetan.
SAE/HELAZ zerbitzuak (hezkuntzarako laguntza zerbitzua) irakasle laguntzaile doktoreak prestatzeko ABIATU programa diseinatu du. LOSU Legearen 78b. Artikuluak eskatzen duenez, “irakasle doktore laguntzaileek kontratuaren lehen urtean hasierako irakaskuntza-prestakuntzako ikastaro bat egin behar dute. Ikastaro horren ezaugarriak unibertsitateek ezarriko dituzte, irakasleen prestakuntzaz eta irakaskuntza-berrikuntzaz arduratzen diren unitateekin bat etorriz”. ABIATU programa honek Legeak eskatzen duenari erantzuten dio.
Ikasturte bakoitzean bi deialdi irekiko dira prestakuntza egiteko. Honek EHUn egiten dituzten lehen urratsetan lagundu eta gidatu nahi ditu irakasle doktore laguntzaileak, zehazki, irakaskuntzari dagozkion gaietan. Horregatik EHUn irakasle gisa aritzen diren lehen urtean egiteko diseinatuta dago. Honako aukera hauek emango dizkie: erakundeaz gain, irakaskuntza-jardueraren oinarri izango den hezkuntza-eredu propioa ezagutzea; gaitasun pedagogiko eta didaktikoak eta kalitatezko hezkuntza emateko beharrezkoak diren trebetasunak garatzea; hezkuntzaren berrikuntzan eta hobekuntzan murgiltzea, irakaskuntzako metodologia aktiboak aplikatuz, hezkuntzaren kalitatea eta ikasleen ikaskuntza-esperientzia hobetzeko; baita bere karrera akademikoa bistaratzea; horretarako, irakaskuntza-praktika gogoetatsua eta etengabeko prestakuntza beharko ditu ere.