Eusko Jaurlaritzak abal lerro bat onartu du gaur Gobernu Kontseiluan, gazteei lehen etxebizitza erosten laguntzeko. 144 milioi euroko zuzkidurarekin, asmoa da 18 eta 39 urte bitarteko pertsonen hipoteken finantzaketa osatzea.
Abalak tasazioaren eta salerosketaren arteko gutxieneko balioaren % 80tik % 100era arte estaliko du. Finantza-erakundeek edo bankuek emandako hipotekek normalean estaltzen ez duten %20ko balioa da. Beti ere, Euskadin kokatutako higiezinetarako (berriak edo bigarren eskukoak) eta erosteko gehieneko prezioa 340.000 eurokoa bada.
Abalak eskatu ahal izango dituzte Euskadin gutxienez azken bost urteetako bitan bizi izan diren pertsonek, baldin eta haien diru-sarrerak urtean 50.400 eurotik gorakoak ez badira eskatzaile bakarra izanez gero, edo 86.400 eurotik gorakoak bi badira.
Nerea Melgosak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuaren hitzetan, «etxebizitza erosteko behar diren aurrezkiak izateko zailtasun handiena duen gizartearen segmentua da. Helburua, 2029ra arte, 3.000 etxebizitza mobilizatzea da, baita abalen horma eraistea ere. Horma hori, etxebizitza bat erosi nahi duten gazte askok emantzipaziorako garaian aurrez-aurre topatzen dutena da”.
Milioi bat euro Euskadiko liburutegietako funtsak berritzeko
Gobernu Kontseiluak milioi bat euroko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur 2025ean Euskadiko liburutegietako funtsak sortzeko edo berritzeko. Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da: 15.000 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietako funts-sortetarako; 30.000 euro, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren euskal liburutegien funtsak hornitzeko eta 955.000 euro, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 370.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi-zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko. Iaz baino %5,7 gehiago.
Laguntza deialdien hartzaileak dira liburutegi publikoen titularrak diren Euskadiko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal liburutegi publikoen arloko funtzioak esleituta dituzten udal-erakundeek.
Haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe berria Etxebarrian
Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu du gaur Etxebarriako (Bizkaia) Manuela Zubizarreta HLHI ikastetxeko lanak egiteko kontratua baimentzea. Inbertsioa, guztira, 11.438.137,24 eurokoa da.
“Hezkuntza sailak Hezkuntza Eraiki 2030 Estrategia hedatzen jarraitzen du, eta Etxebarrian haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe berri bat eraikiko du” azpimarratu du Ubarretxenak.
Enplegurako eta Landa Garapenerako Lankidetza Funtsak
Gaurko Gobernu Kontseiluan, Enpleguaren Legearen bidez sortutako Enplegurako eta Landa Garapenerako Lankidetza Funtsak banatzeko irizpideei dagozkien hasierako zenbatekoak onartu dira.
Bozeramaileak azaldu du, helburua dela toki-erakundeek tokiko enplegu- eta garapen-planak egingo dituztela bermatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako finantza-nahikotasunaren printzipioen ildotik.
Lehenengo fase honetan, guztira 127.095 euro esleituko dira urtean.
Laguntzak nekazaritza eta elikadura-sektoreentzako
Gobernu Kontseiluak 2025eko ekitaldirako Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresei begirako laguntzen deialdia onartu du. Laguntzen helburua da azterlanak eta prestakuntza-jarduerak egitea, bai eta sustapen- eta hedapen-ekintzak ere, eta elkarte horiek beren helburu sozialak betetzeko dituzten funtzionamendu-gastuak ordaintzea, eta bazkideak sustatzeko egiten diren azoka eta lehiaketetako gastuak ordaintzea.
350.000 euro bideratuko dira guztira, honela banatuta: 100.000 euro elikadura-sektorerako, eta 250.000 euro nekazaritza-sektorerako.
Era berean, Euskadin egoitza-portua duten eta txitxarroaren arrantzarako aldi baterako debekua jasaten duten ontzietarako, inguraketa-arrantza egiten duten ontzietarako eta tresna txikiak darabiltzaten ontzietarako laguntza deialdia ere onartu da. Horretarako, 268.784 euro erabiliko dira guztira.
Lankidetza-hitzarmena larrialdien kudeaketaren arloan
Azkenik, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko larrialdien kudeaketaren arloan. Hitzarmen horri esker, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (112 SOS Deiak) eta udal horretako Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak elkarrekin erantzuten jarraituko dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten gorabeheren aurrean, eta, gainera, bi kudeaketa-zentroen arteko interkonexio informatikoa eta komunikazio-interkonexioa ahalbidetuko dute.
“Hitzarmenak alderdi sinatzaileen artean larrialdien kudeaketaren arloan jadanik dagoen lankidetzari eutsi, sakondu eta arautuko du, Larrialdiak koordinatzeko zentroen arteko etengabeko interkonexioa modernizatuko da, komunikazioak partekatuz eta administrazio bakoitzak bere esparruan eta bere eskumenak erabiliz jardunez. Horrela, Segurtasun sailaren irrati mugikorreko Tetra-Enbor sarerako sarbidea emango zaio toki-entitateari, bai eta Euskarri sare informatikorako eta haren baliabideen geolokalizaziorako sarbidea ere” azaldu du Ubarretxenak.