Gontzal Tamayo: “Digitalizazioa da Osakidetza humanizatzeko eta medikuak pazientearentzat denbora gehiago izateko tresnarik onena”

0
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun, Osasun-arloko Eraldaketa Digitala eta Emaitzetako sailburuorde izendatu berriak adierazi du osasun-sistemaren beharrezko eraldaketak, jarduera ez ezik, batez ere emaitzak eta pazientearen bizi-kalitatea neurtzea behar duela
  • Jardueraren lehentasunetako bat da eredua birbideratzea eta herritarrei, profesionalei eta pazienteei entzutea eta haien parte-hartzea lortzea, Euskadiko Osasun Itunean adostutakoaren ildotik

Gontzal Tamayo Eusko Jaurlaritzako Osasun, Osasun-arloko Eraldaketa Digitala eta Emaitzetako sailburuordeak digitalizazioaren aldeko apustua egin du; horren arabera, digitalizazioa da euskal osasun-sistema humanizatzeko eta medikuak pazientea artatzeko denbora gehiago izateko tresnarik onena. Hala defendatu du Radio Euskadin egindako lehen adierazpenetan, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak diseinatutako egitura berriaren baitan kargua hartu ondoren; izan ere, lehenengo urtean, premiazko erronken kudeaketa eta euskal osasun publikoaren sistema epe ertain eta luzera aldatzeko oinarriak eraikitzea izan dira agintaldiaren oinarriak.

Adierazi duenez, ez da teknologia soilik, eraldaketa kulturala, antolaketakoa eta profesionala ere bada, eta Euskadirentzat ez ezik, gainerako osasun-sistema aurreratuentzat ere erronka da. Finlandiako eredua, adibidez, nazioarteko erreferente gisa aipatu du, eta dagoeneko harremanetan daude Lehen Mailako Arreta indartuko duten eredu berritzaileetan aurrera egiteko.

Horrek esan nahi du egungo sistema erreaktibotik —eskaeraren aurrean jarduera kuantitatiboki handitzea— “pertsonei benetan axola zaizkien emaitzetan oinarritzen den eredu batera igarotzea: osasuna, ongizatea, autonomia, ekitatea, bizi-itxaropena, baina kalitatezkoa… azken batean, pazienteak ekuazioaren erdigunean jarrita”.

“Emaitzak neurtzeko gaitasuna hobetzeko gai izan behar dugu, horri esker terapiak indibidualizatu ahal izango ditugulako, eta medikuei tresna indartsuagoak eta fidagarriagoak emango dizkiegulako, hala nola adimen artifiziala, kasu bakoitzean tratamendurik onena zehazteko, minbiziari eta antzeko gaixotasunei irudi bidezko diagnostikoan aplikatutako aurrerapenetan gertatzen den bezala. Eta, aldi berean, profesionalei prozesu burokratikoak eta teknikoak kentzea, pantailari baino gehiago pazienteari begiratzeko denbora izan dezaten.

Modernizatzea, beharrizan berriei erantzuteko

Gontzal Tamayok Euskadiko Osasun Itunaren garrantzia nabarmendu du, inguruan inoiz ikusi gabeko akordioa; izan ere, onartutako ildo estrategikoak garatzeko egungo fasean, “euskal gizartearen behar berriei erantzuteko behar den osasun-sistema eraldatzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatzeko konpromisoa eta betebeharra hartzen dugu”. Hain zuzen ere, osasun-sistema berrorientatzea eta herritarrei, profesionalei eta pazienteei entzutea eta haien parte-hartzea lortzea dira bi lehentasun nagusiak.

Sailburuordeak iragarri duenez, Alberto Martínezen Sailak, legealdiaren lehen urtean, bateragarri egin ditu premiazko gaiak (Osakidetzako plantilla egonkortzea, itxarote-zerrendak murriztea…) eta Osasun Ituna, eta, irailetik aurrera, areagotu egingo du foro horretan zehaztutako lehentasunezko ildo estrategikoak ezartzeko lana, eta, aldi berean, prozesu horren edukiak eta hausnarketak entzuteko eta hedatzeko bideak indartuko ditu, bai herritarrei begira, bai profesionalei begira.

Horretarako, Gontzal Tamayo buru izango duen Sailburuordetza berriak bere gain hartzen ditu, besteak beste, osasun-politikak garatzea eta ezartzea, prebenitzeko estrategiak sustatzea eta arreta medikoaren kalitatea eta eskuragarritasuna hobetzea, baita osasun-digitalizazioa, telemedikuntza eta osasun-erregistro elektronikoak bultzatzea ere. Eta osasun-arloko emaitzei dagokienez, helburua da arretaren kalitatea eta eraginkortasuna neurtzeko adierazleak garatzea, hobetu beharreko arloak identifikatzeko datuak aztertzea eta euskal osasun-sistema optimizatzeko aukera emango duten etengabeko hobekuntza-prozesuak ezartzea. Alberto Martínez Osasuneko sailburuaren hitzetan, Osasun, Osasun-arloko Eraldaketa eta Emaitzetako Sailburuordetza funtsezko oinarria da euskal osasun-sistema eraldatzeko, Osasun Sailak modernizazioarekin, eraginkortasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa sendotuta, eta osasun-arretan eta herritarren ongizatean etorkizuneko joerak gidatuko dituen erreferente gisa kokatuta.