Laura Baumeister, Alvaro Brechner, Ana Endara, Ignacio Juricic, Valeria Pivato eta Pablo Stoll egileek, besteak beste, aurkeztuko dituzte euren proiektuak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan

0

María Astrauskas, Laura Baumeister, Alvaro Brechner, Maitane Carballo Alonso, Ana Endara, Ignacio Juricic, Madiano Marcheti, Andrés Ramírez Pulido, Diego Martínez Ulanosky, Alejandra Moffat, Valeria Pivato, Francisco Rodríguez Teare, Pablo Stoll, Roxana Stroe eta Jacques Toulemonde egileen proiektu berriak hautatu dira Donostia Zinemaldiaren hamalaugarren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, izena eman duten 268 lanen artean. Aurtengo edizioa irailaren 22tik 24ra egingo da, eta ordezkariek proiektuen berri emango diete balizko bazkideei, nola finantzaketa osatzeko hala nazioarteko merkatuetarako sarbidea hobetzeko.

Proposamenetako hamaika zinemagileen lehen edo bigarren filmak izango dira. Euren lehen film luzeak osatuko dituzte hauek: Maitane Carballo Alonsok La boa y el bambú / The Boa and the BambooBegirada (2020) film kolektiboan parte hartu eta (Ez)Ezagun (2020) film labur dokumentala zuzendu ondoren; Alejandra Moffat idazle eta gidoigileak El atletismo y el amor; ekoizle eta gidoigile ere baden Diego Martínez Ulanoskyk No es un río / Not a River; Francisco Rodríguez Teare artista bisualak No me dejen morir solo / Do Not Let me Die Alone; eta María Astrauskas muntatzaileak, azkenik, Patrimonio / PatrimonyAzkenik, Roxana Stroek –Black Friday (2015) eta O Noapte în Tokoriki / A Night in Tokoriki (2016) lanekin Nesten parte hartu eta Berlinaleko Generation 14plus Sari Berezia irabazi zuenak– Houses are Silent bere lehen luzemetraiaren proiektua aurkeztuko digu.

Zinemaldian hasitako zuzendarien bigarren lanen proiektuak ere ezagutu ahalko dira: Elogio del crimen / Praise for crime, Andrés Ramírez Pulidorena, bere lehen lan La Jauríarekin (2022) Cannesko Semaine de la Critique atalaren Sari Nagusia beretu eta Horizontes Latinos sailean hautatua izan ondoren; Lo que sigue es mi muerte / What Follows is My Death, Laura Baumeisterrena, zeinak New Directors sailean parte hartu baitzuen La hija de todas las rabiasekin (2022), Koprodukzio Foroan eta WIP Latamen saritua izan ondoren; Mãe do Ouro / Mother of Gold, Madiano Marchetirena, Madalena (2021) aurkeztu ondoren Horizontes Latinos sailean; Pacto Sublime, Ignacio Juricicena, Enigma (2018) –bere lehen film luzea– Horizontes Latinosen estreinatu ondoren; eta Victoria en las nubes / Victoria in the Clouds, Ana Endararena, Horizontes Latinosen Querido Trópicorekin (2024) lehiatu zena, hain zuzen.

Zinemaldian izango dira, berriro, aintzatetsitako hainbat egile, hala nola hauek: Valeria Pivato, bakarkako bere lehen film luzearekin, La ilusión de un paraíso / An Illusion of Paradise, Horizontes Latinos sailean La novia del desierto (2017) lanarekin eta New Directorsen La llegada del hijo (2024) obrarekin lehiatu ondoren (Cecilia Atánekin zuzenduak biak); Alvaro Brechner, La piel del leónekin, Horizontes Latinosen parte hartu ondoren La noche de 12 añosekin (2018); eta Pablo Stoll, Papá no es Punk / Dad Is Not Punk Rocker filmarekin, Perlak sailean parte hartu ondoren Juan Pablo Rebellarekin batera zuzendutako Whisky (2004) pelikularekin.

Jacques Toulemonde gidoigile eta zinema- eta telebista-zuzendariaren Hijas del aguak osatzen du hautaketa. Ciro Guerra eta Cristina Gallegoren Pájaros de verano / Birds of Passage (Perlak, 2018) eta Ciro Guerraren El abrazo de la serpiente / Embrace of the Serpent (Horizontes Latinos, 2015) gidoien idazketan parte hartu du Toulemondek, besteak beste.

2012tik –sortu zenez geroztik–, Foroak 215 proiektu hautatu ditu, eta horietako 106 osatu eta komertzialki estreinatu dira Cannes, Berlin, Venezia, Sundance, Locarno, Donostia eta abarreko jaialdietan. Horrela, Iván Funden El mensaje / The Messagek Epaimahaiaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen 2025eko Berlinalen; Daniel Hendlerren Un cabo suelto / A Loose End Mostrako Venezia Spotlight sailean hautatua izan da aurten; Laura Casabéren La virgen de la Tosquera / The Virgin of the Quarry Lake Sundanceko World Cinema Dramatic Competition sailean lehiatu zen aurten; azkenik, 2024an Mariana Rondónen Zafarik Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen, bai eta Celina Murgaren El aroma del pasto recién cortado / The Freshly Cut Grass lanak ere, Tribecako jaialdian gidoi onenaren saria beretu ondoren.

Ekimen honetako parte hartzaileen arrakasta-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu estekahonetan.