Ertzaintzak enpresetan lapurretak egiten espezializatutako talde ibiltari bateko kide bat atxilotu du

0

Muskizko Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu zuten joan den abuztuaren 9an, BI-636 errepideko Balmasedako irteeran, atzetik segi ondoren, enpresetan egindako lapurretak leporatuta

Joan den larunbatean, abuztuaren 9an, gaueko hamar eta erdiak aldera, Abanto-Zierbenako El Campilllo industrialdeko segurtasun-agente batek ohartarazi zuen inguruan susmagarri batzuk zebiltzala zokomiran, txanoak jantzita eta poltsak hartuta, eta ibilgailu batean ihes egin zutela. Agenteak matrikula­-plakaren zenbakia ere eman zuen.

Muskizko Ertzain-etxeko patruilak berehala hurbildu ziren adierazitako lekura, eta ibilgailua ikustean atzetik segi zioten AP-8an, BI-636 errepideko Balmasedako irteerara, ordainlekura, arte. Lau bidaiariak korrika irten ziren eta oinez jarraitu zuten ihesi, eta agente jarduleek horietako bat atxilotu zuten. Beste hiruri oinez segi zieten, baina eremu malkartsua zenez, bi agente zauritu ziren eta osasun-zentro batera eraman behar izan zituzten.

Ibilgailuan lapurretak egiteko erabilitako maskarak aurkitu zituzten, bai eta erremintak eta beste hainbat gauza zituen motxila bat ere. Egindako ikerketaren ondorioz jakin ahal izan zuten atxilotua, 28 urtekoa, Esquadra Mossoen erreferentziaren arabera, enpresetan lapurretak egiten espezializatutako talde kriminal antolatu eta ibiltari bateko kidea zela, eta aurrekari ugari zituela polizia-kidego ezberdinetan.

Berez, ikerketaren ondorioz, Abanto-Zierbenako El Campillo industrialdean indarra erabiliz egindako bi lapurretaren egileak abuztuaren 8tik, ostiraletik, abuztuaren 9rako goizaldean Astigarragan, Andoainen, Adunan eta Donostian, lau enpresatan, egindako beste lau lapurretarekin erlazionatu ahal izan dituzte, ikerketapean jarraitzen dutenak.

Atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten indarra erabiliz lapurreta egitea, kalteak eragitea eta agiria faltsutzea leporatuta, ikerketaren bidez ziurtatu ondoren ihes egiteko erabilitako ibilgailuaren matrikula-plaka manipulatuta zegoela, eta gaur goizean jarri dute agintari judizialaren eskuetan.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du ihes egin zuten beste hiru gizonak identifikatzeko.