Realak udako prestaketan beste garaipen sendo bat lortu du Real Oviedori irabazita, intentsitate eta aukera ugari izan dituen neurketa batean. Txuri-urdinek hasieratik bukaerara agindu dute jokoan, presioan eta errematean sentsazio oso onak utziz.
Reala indartsu atera da hasieratik, eta lehen minutuetan arriskua sortu du. 3. minutuan, Cahynová-k baloi ona bidali dio Emmari area erdira, baina Oviedoko defentsak urrundu du. Minutu bat geroago, aukera argi bat: jarraian hiru jaurtiketa Cahynová, Nerea eta Lucía Pardo, guztiak bisitarien atezainak geldituta. Presio altuak baloia berehala berreskuratzeko aukera eman die, eta saria 16. minutuan iritsi da: P. Fernándezek gol ikusgarria sartu du hiru laurdenetik egindako jaurtiketa bortitz batekin. Handik gutxira, Oviedok erantzun du eta R. Mbappék berdinketa jarri du arearen ertzetik egindako jaurtiketarekin. Hala ere, atsedenaldia iritsi aurretik, txuri-urdinek berriro asmatu dute: Ednak atezaina ustekabean harrapatu du 30 metrotik egindako jaurtiketa zoragarri batekin, eta Nerea Eizagirrek, Andreiaren pase zehatz baten ostean, jaurtiketa gurutzatu batekin abantaila handitu du.
Bigarren zatian ere, nagusitasunarekin jarraitu du Realak. Aukerak pilatu dituzte, tartean Ednaren burukada altua edo Aiararen erdiraketatik Mirarik egindako jaurtiketa. Azken txanpan, Ednak partida itxi du, Andreiaren asistentzia bikain bat aprobetxatuz, eta 4-1ekoa ezarri du markagailuan.
EH Kopa jokatu aurretik garaipen garrantzitsua. Realak hurrengo lagunartekoa larunbatean jokatuko du, abuztuaren 26an, 19:30ean, Dulantzin, Alavésen aurka.