Gobernu Kontseiluak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren eredua onartu du, Europako Feaga eta Feader funtsen kontura egindako esku-hartzeak kudeatzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien arteko lankidetza-hitzarmenak sinatzea, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatutako esku-hartzeen kudeaketarekin lotutako zenbait funtzioren eskuordetza arautzeko.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak nabarmendu du hitzarmen horiek onartzeak aurrerapen berri bat dakarrela euskal erakundeen artean koordinatutako eta partekatutako kudeaketa-eredu bat sendotzeko bidean, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) arau-eskakizunei eta Euskadiko nekazaritza-sektorearen eta landa-ingurunearen beharrei eraginkortasunez erantzuteko aukera ematen duena.

Barredoren arabera, «foru-aldundiekiko lankidetza funtsezkoa da gure lehen sektorera bideratutako Europako funtsen kudeaketa egokia ziurtatzeko, erkidegoko araudia betetzen dela bermatzeko eta laguntzen tratamenduan hurbiltasuna, ezagutza teknikoa eta arintasuna eskaintzeko«.

Hitzarmenek jarraipena ematen diote 1996an hasitako erakunde arteko lankidetza-esparruari. Urte hartan hasi zen lanean Euskadin Europako nekazaritza-funtsak kudeatzeko Erakunde Ordaintzailea. Urte hauetan zehar, erkidegoko araudiaren bilakaerak, eta bereziki NPBren ondoz ondoko erreformek, prozedurak egokitzea eta akordio berriak formalizatzea eskatu dute, 2001ean eta 2021ean gertatu zen bezala, Europako Batzordearen erregelamenduak 2005ean sortutako NBEF eta LGENF funtsak gehituta.

Hitzarmen berriak zenbait funtzio arautzen ditu, besteak beste, hainbat zeregin foru-aldundiei eskuordetzea, esaterako laguntza-eskaerak jaso eta baliozkotzea, administrazio-kontrolak eta tokian tokikoak egitea, onuradunei aholkularitza teknikoa ematea, intzidentziak koordinatzea eta, kasu batzuetan, batera finantzatutako ordainketak kudeatzea eta bidegabeko zenbatekoak berreskuratzea.

 

Funtzioak

Funtzio horien barruan sartzen dira NBEFk finantzatutako esku-hartzeak —besteak beste, nekazaritzarako zuzeneko ordainketak, mahastizaintzako eta ardogintzako laguntza sektorialak, berdeko uzta edo erlezaintza— eta LGENFk finantzatutakoak, 2015-2020 aldirako Landa Garapenerako Programako eta 2023-2027 aldirako NPBren Plan Estrategikoko neurriak barne.

Hitzarmenean ezarritako prozedurek NPB berria arautzen duten Europar Batasuneko erregelamenduetan jasotako betebeharrei erantzuten diete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen egituran eta funtzionamenduan aurreikusitakoaren arabera antolatzen dira.

Gainbegiratze eta kontrol teknikoko sistema bat sartzen da, tresna informatiko bateratuak, koordinazio-bilerak, auditoriak eta kalitate-ebaluazioak erabilita, Europako estandarren trazabilitatea, gardentasuna eta betetzea bermatzeko. Era berean, datu pertsonalen babesarekin lotutako alderdiak arautzen dira, EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin eta aplikatu beharreko legeria autonomikoarekin bat etorriz.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du hasieran, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da, eta 2021ean sinatutakoa ordeztuko du. Hori gauzatzen den bitartean, Erakunde Ordaintzaileak eta aldundiek etengabeko harremana izango dute jarraipen-batzorde tekniko baten bidez. Batzorde horrek urtero lankidetzaren emaitzak aztertuko ditu, eta hobekuntza operatiboak proposatuko ditu, zerbitzu publikora bideratutako kudeaketa eraginkor eta efiziente baten barruan.

Barredo sailburuak azpimarratu duenez, «akordio honi esker jarraitasuna ematen zaio ia hiru hamarkadatan eraginkorra izan dela erakusten duen ereduari eta orain indartu egiten da NPB berriaren erronketara egokitzeko, eta euskal landa-ingurunearen modernizazio-, jasangarritasun- eta erresilientzia-eskaerei erantzuteko. Europako funtsen gobernantza ona ez da soilik eskakizun tekniko bat: gure herrien eta horietan bizi eta lan egiten dutenen eraldaketa sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren bermea da».