Donostiako energia- eta eguzki-komunitateei dirulaguntzak emateko 2025eko deialdiaren oinarriak

0

Zuzkidura ekonomikoa 60.000 eurokoa da, eta eskabideak deialdia GAOn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan aurkeztu ahal izango dira.

Donostiako Udalak 2025eko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak argitaratu ditu, energia berriztagarrien komunitateak sortu eta komunitate horiek eta bizitegi-eraikinen jabeen erkidegoek instalazio fotovoltaikoetan inbertitu dezaten sustatzeko.

Ekimenaren helburua da bizitegi-sektorean energia-autokontsumoa bultzatzea, herritarren energia-subiranotasuna sustatzea eta udalerrian berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea. Berritasun gisa, aurten, auzo-erkidegoek aukera izango dute instalazio fotovoltaikoetarako laguntzak jasotzeko.

Iñigo García Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak honako hau nabarmendu du: «Deialdi honen bidez, erraztasunak ematen jarraitu nahi dugu auzo-erkidegoek eta elkarteek ekoizpen berriztagarriranzko pausoa eman dezaten. Autokontsumoaren, herri-partaidetzaren eta isuriak gutxitzearen aldeko apustu garbia da. Donostia aurrera doa eredu energetiko jasangarriago baterantz, eta bide hori herritarren inplikazio zuzena kontuan hartuta egiten ari da».

Dirulaguntza hauek egoitza soziala eta fiskala Donostian duten elkarte, energia-komunitate eta jabeen erkidegoek eskatu ahal izango dituzte. Deialdiak 60.000 euroko zuzkidura du guztira. Laguntzek, gehienez, diruz lagundu daitezkeen gastuen % 75 estaliko dute (BEZa barne, kengarria ez bada), eta gehienez ere 10.000 euro emango dira energia-komunitateak eratzeko eskaera bakoitzeko, eta 20.000 euro instalazio fotovoltaikoetarako.

Ordainketa bi fasetan egingo da: % 70 eskabidea onartzean eta gainerako % 30a baldintzak dokumentu bidez justifikatu ondoren (2026ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da). Eskabideak sei hilabetez aurkeztu ahal izango dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo erabilgarri dauden funtsak agortu arte. Dokumentazio guztia bide elektronikoz aurkeztu beharko da, Udalaren webgunearen bidez.

Lankidetza Naturklimarekin eta Klima Trantsiziorako Bulegoarekin

Udalak modu koordinatuan lan egingo du Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioarekin eta Klima Trantsiziorako Bulegoarekin (KTB), interesa duten komunitateei laguntzeko eta aholku emateko, energia jasangarriaren arloan tokiko lankidetza-sarea indartuz.

Lankidetza horren bidez, laguntza teknikoa eta laguntza espezializatua emango zaie trantsizio energetikoarekin bat egin nahi duten auzo-erkidegoei eta elkarteei, eta erraztasunak emango zaizkie, bai laguntzak izapidetzeko eta instalazio-proiektuak garatzeko.

«Eraikin eta erkidego bat bera ere atzean ez geratzea nahi dugu. Donostiak erreferente izateko aukera dauka energia berriztagarrien erabilera partekatuan eta auzoetako energia-espazioen sorreran, bizi-kalitatea hobetzeko, kostuak murrizteko eta herritarren ingurumen-konpromisoa indartzeko», azpimarratu du zinegotziak.

Lan-ildo hori Donostiako Udalak eta Naturklima Fundazioak aurten sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmen horren helburua da klima-aldaketaren aurrean tokiko politikak indartzea eta klimaren aldetik neutroa, erresilientea eta jasangarritasunarekin konprometitua den hiri baterantz aurrera egitea.

Akordio horri esker, Donostiak laguntza tekniko eta estrategiko handiagoa izango du energia garbiko tokiko proiektuak garatzeko, eta bere tokia finkatuko du, trantsizio energetikoan aktiboenetakoa den EAEko hiri gisa.