Íscarrek Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak atzo arratsaldean Bilboko Elkartean antolatutako «Lan-absentismoa, osasun, gizarte eta ekonomia arazo bat» mahaian parte hartu zuen.
Ikasturteari hasiera emateko ekitaldiaren barruan, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak mahai-inguru bat antolatu zuen atzo, aurrez aurre zein bideokonferentziaz. Juan I. Goiria Ormazabal Laneko Medikuntzako mediku espezialista, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako ohorezko lehendakaria eta Bilboko Elkarteko lehendakaria, moderatu zuen mahaia. Hizlariak Alberto Martínez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Lourdes Íscar, Osalaneko zuzendari nagusia eta Elixabete Undabeitia, GSIN Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko mediku ikuskatzaileburua izan ziren.
Bere hitzaldian, Lourdes Íscarrek azaldu zuen lan-baldintzen hobekuntzek garrantzi handia dutela osasunean kalteak prebenitzeko funtsezko elementu gisa, gaixotasun profesionalak eta lan-istripuak barne. Era berean, lan-osasunaren eta asistentzia-osasunaren arteko integrazio eraginkor baterantz aurrera egiteko beharra nabarmendu zuen; izan ere, azpimarratu zuenez, pertsona bakarra da eta bere osasuna ere bai. Osasunaren zaintzak lanean duen garrantzia nabarmendu zuen, pertsonari beharrezko zereginak egokituz, bai kalteen prebentzioan, bai osasun-arrazoiengatik baja luzeen ondoren lanera itzultzean.
Sortutako elkarrizketari esker, lanean osasunerako kalteak prebenitu ditzaketen neurriei buruzko hainbat ikuspegi eta esperientzia partekatu ahal izan ziren, eta mahai gainean jarri zen inplikatutako eragile guztiek — osasun-eremutik hasi eta enpresa-esparruraino — modu koordinatuan lan egiteko beharra. Bat etorri zen erronka konplexua dela esatean, eta langileen ongizateari eta erakundeen funtzionamenduari eragiten diela.








