Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarriko du Osakidetzan, sarean funtzionatuko duen, unitate espezifiko hau, hiru lurralde historikoetarako estaldura izango duena
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadin erreferentziazko Haur eta Gazteen Elikadura Portaeraren Nahasmenduko Unitatea jarriko du abian, Osakidetzan baliabide espezializatu bat, nahasmendu mota hori duten haur eta nerabeen eta haien familien arreta eta laguntza hobetzeko. Alberto Martínezek zuzentzen duen Sailak, Euskadiko Osasun Itunaren jarraibideekin bat etorriz, Osasun Mentalaren ildo estrategikoan, lehentasunezko jardun-eremutzat hartzen ditu elikadura-portaeraren nahasmenduak. Horrek ekintza zehatzak dakartza, hala nola elikadura-portaeraren nahasmenduentzako unitate espezifiko berriak sortzea.
Elikadura-portaeraren nahasmenduak, hala nola anorexia edo bulimia, gero eta erronka handiagoa dira osasun-sistemarentzat eta gizartearentzat. Mediku-, psikologia-, familia- eta hezkuntza-arreta koordinatua eskatzen dute. Unitate berria, hain zuzen ere, euskal lurralde osoan erantzun integrala eta homogeneoa emateko sortu da.
Sarean egituratutako berariazko dispositiboa izango da, ospitaleko bi nodoren eta eguneko ospitale espezializatuen arteko lankidetzan oinarritua, asistentzia-jarraitua, lurralde-ekitatea eta bikaintasun klinikoa bermatuz. Unitate hori gehituko zaie Galdakaoko Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Unibertsitate Ospitalean dauden haur eta gazteen ospitalizazioko egiturei, eguneko ospitaleei, jantoki terapeutikoei, osasun mentaleko sareei eta helduen elikadura-portaeraren nahasmenduko unitateei.
Sareko egitura Euskadi osorako
Hala, unitate berriak sarean funtzionatuko du, hiru lurralde historikoetarako estaldurarekin, eta bi ospitale-egoitza eta eguneko ospitale espezializatu bat izango ditu:
- Bilbo-Basurtu ESIak gaixotasunaren fase larrienetan dauden 18 urte arteko pazienteak artatuko ditu, eta nutrizio- eta medikuntza-egonkortzean zentratuko da.
- Barrualde-Galdakao ESIak, 14 urtetik helduarora bitarteko kasuak hartuko ditu, bereziki tratamenduarekiko erresistentzia handiena dutenak.
Bi egoitzek koordinazio kliniko bateratu batekin lan egingo dute, protokolo eta zirkuitu komunekin, ekitatea, asistentzia-kalitatea eta paziente bakoitzaren adinaren eta egoeraren araberako arreta pertsonalizatua bermatzeko. Talde profesionalek batera hartuko dituzte ospitaleratzeei eta deribazioei buruzko erabakiak.
Koordinazioa osasun mentaleko sarearekin
Unitatea erabat integratuta egongo da Euskadiko haurren eta gazteen osasun mentaleko sarean, eta etengabeko lankidetza izango du haurren eta gazteen osasun mentaleko unitateekin, pediatriarekin, endokrinologiarekin, erizain komunitarioekin, gizarte-zerbitzuekin eta hezkuntza-esparruarekin. Ikuspegi bateratu horren helburua da goiz detektatzea, etengabeko jarraipena egitea eta familiei laguntza koordinatua ematea.
Eguneko ospitale berri bat Gipuzkoan
Baliabide osagarri gisa, Gipuzkoan Haur eta Gazteentzako Eguneko Ospitalea gaituko da, elikadura-portaeraren nahasmenduetan espezializatua, Haurren eta Gazteen Osasun Mentaleko Sarearekin eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuarekin lankidetzan. Zentro horri esker, eguneko errehabilitazio-programa intentsiboak eskainiko dira, familien zeregina indartuko da eta, beharrezkoa ez denean, ospitaleratzeak saihestuko dira.
Ekimen horren bidez, Euskadik urrats garrantzitsua egiten du haurtzaroan eta nerabezaroan elikadura-portaeraren nahasmenduei arreta integrala, ekitatiboa eta koordinatua emateko, gazteen osasun mentalarekiko eta ongizatearekiko konpromisoa indartuz.








