Eusko Jaurlaritzak mugatu egin du mugaz gaindiko zirkulazioa Euskadiko errepideetan 7.500 kg-tik gorako kamioientzat

0
  • Biriatuko itxierak ibilgailu astunen joan-etorriari bakarrik eragiten dio, hau da, 7.500 kg-tik gorako kamioiei
  • Biriatun, Frantziarako noranzkoan, Jendarmeria ibilgailu astunak 1. irteeratik (Hendaia-Biriatou) desbideratzen ari da hegoalderantz itzul daitezen

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ebazpen baten bidez debekatu du 7.500 kilo baino gehiagoko mugaz gaindiko ibilgailu guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko bide publikoetan Frantziarako noranzkoan zirkulatzea. Neurria ostiral honetan, urtarrilaren 9an, sartu da indarrean, eta bere horretan jarraituko du Frantziako Gobernuak nekazarien protestek eragindako arazoak konpondu direla eta normaltasuna berrezarri dela jakinarazi arte. Kategoria honetan sartzen ez diren gainerako ibilgailuek normaltasunez zirkulatu ahal izango dute Euskadiko errepideetan.

Frantziako agintariek Eusko Jaurlaritzari jakinarazi diotenez, Biriatuko ordainlekua bi noranzkoetan ixteak ibilgailu astunei bakarrik eragiten die, hau da, 7.500 kilotik gorako kamioiei, eta ez kamioi mota guztiei, hasieran esan zuten bezala.

Halaber, jakinarazi dutenez, Biriatuko ordainlekuan, Frantziarako noranzkoan, Jendarmeria 1. irteeratik (Hendaia-Biriatou) desbideratzen ari da ibilgailuak, horrela, ibilgailu astunak hegoalderantz itzuli daitezen puntu horretatik edo Behobiako nazioarteko zubitik. Frantziako agintariek adierazi dute, oraingoz, itxiera horren iraupena mugagabea dela.

Bidegiko langileek eta Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteek zaindu eta segurtasun-neurriak hartuko dituzte, egoera honek mugaren alde honetan zirkulazioari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak informazioa emango du mezularitza aldakorreko panelen, www.trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, @trafikoaEJGV X kontuaren eta 011 telefono-zenbakiaren bidez (24 orduz erabilgarri dagoena).