‘Altzolako mozketa’ izenez ezagutzen den proiektua, ibilbidea laburtuko duen eta bi trenbide-pasagune kentzea ahalbidetuko duen trenbide bikoitzeko 500 metroko tunela da
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez, amaitutzat eman ditu Elgoibarko Altzolako tunel berrian aurrera egiteko hondeaketa-lanak. Tunela 500 metro da luze eta, martxan jarri ondoren, egungo ibilbidea laburtuko du, bidaiaren denbora murriztuko du eta segurtasuna hobetuko du, proiektuak bi trenbide-pasagune kentzea barne hartzen baitu.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea eta Antonio López ETSko zuzendari nagusia izan dira marruskagailuak azken zentimetroak zulatu eta burua kanpora atera duenean gertatu den kalearen edo bategitearen lekuko, hondeaketa norabide bakarrean egin baita.
Gaur egun Arriaga industrialdearen eta Altzola auzoaren arteko trenbidea puntu horretan meandro bat egiten duen Deba ibaiarekiko paraleloan doa. Tunelak dituen 500 metroetatik 454 meategian doaz, eta 48 tunel faltsuan, ahokaduren sarreran eta irteeran.
Tunel berriak bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatzea ahalbidetuko du, eta gaur egun noranzko bakoitzean 60 minutuz behin zirkulatzeko aukera ematen duen trenbidearen zerbitzu-ahalmena handituko du. Era berean, Ganekuako eta Barazetako trenbide-pasaguneak kentzea ahalbidetuko du.
Trafiko mistorako metro bateko zabalera (1.000 mm) duen trenbide bikoitzeko lineari dagozkion parametroak hartu dira, erosotasun- eta segurtasun-baldintzak egokiak izan daitezen, dagoen azpiegiturari ahalik eta kalte gutxien eraginez eta etorkizuneko mantentze-lanak ahalik eta gehien murriztuz.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, obra hori “oso beharrezkoa da, ibilbideak laburtuko dituelako eta trenbide-pasaguneak kentzea ahalbidetuko duelako, sarearen segurtasun-baldintzak hobetuz, baina baita trenbide bikoitzeko beste tarte bat gehitzea ere ekarriko duelako, eta horrek trenbideek zerbitzua emateko duten gaitasuna handituko du”.
Obren egoera
Tunelari dagokionez, aurrerako hondeaketa burutu da eta 70 metro destrozan gauzatu dira. Prozesu horrek lineako tunela bere zabaltasun osoan zulatzeko lanak osatzen ditu. Gainera, hegoaldeko ahokadura eginda dago, bai eta iparraldeko ahokaduraren zati handi bat ere.
Iparraldeko lur-mugimenduak ia amaituta daude; eta hegoaldeko ahoari dagokionez, orain dagoen Iberdrolaren linea bat desbideratzen denean plataformaren eraikuntza amaituko da.
Gainerakoan, tunelaren barruan, destroza-lanak amaitzea falta da, baita iragazgaizte-lanak, estaldurak, espaloiak eta instalazioak ere.







