Nazioarteko industria-sektorea mugarri berri baterako prestatzen ari da jasangarritasunerako eta neutraltasun klimatikorako trantsizioan barruan: DS – Decarbonized & Sustainable Industry biurteko World Summit ekitaldia egingo du, lehiakortasuna indartzeko eta industriaren deskarbonizazioa azkartzeko, erronka global handiekin eta Europako politikekin bat eginez.
Erantzun praktikoak eskaintzea, soluzio teknologikoetarako sarbidea bermatzea eta ekintzara bideratutako elkarrizketa bultzatzea da ekitaldiaren helburua. Ikuspegi horren bitartez, DS Industryk foro dinamiko eta parte-hartzailea eskainiko du eta joeren analisia, ezagutza-trukea eta aplikatutako aurrerapenen aurkezpena konbinatuko ditu. Epe luzeko ikuspegia, egokitzeko gaitasuna eta jasangarritasunarekiko konpromiso irmoa eskatzen dituen aldaketa horretan industriari laguntzea izango da helburua; testuinguru global gero eta zorrotzagoan lehiakortasuna irabazteko aukera emango baitu.
Horretarako, formatu berritzailea izango du DS Industryk eta hiru zutabetan artikulatuko da: Knowledgek dibulgaziorako eta jardunbide egokien analisirako espazioak, munduko erreferenteen hitzaldiak eta eduki espezializatuak eskainiko ditu. Networkingek ingurune profesional berdingabea eskainiko du sektoreko liderren artean kontaktu zuzena sustatzeko eta hainbat jarduera izango dira, hala nola B2B bilerak, galak, afterwork eta bisita teknikoak, sari-banaketak eta Hosted Buyers’ Programme erosleen programa. Innovationek merkatuko soluzio teknologikorik aurreratuenetan jarriko du fokua. Workshop espezializatuak, zuzeneko erakustaldiak, startupei zuzendutako erronkak eta talentuaren huba izango ditu. Espazio horrek aukera emango du berrikuntzarik disruptiboenak bertatik bertara ezagutzeko eta trantsizio industriala sustatzeko teknologien ezarpena azkartzeko.
Knowledge ardatzaren barruan, DS Industryk nazioarteko kongresua izango du eta industriarentzako erreferentziazko foro handia izango da. Mundu mailako adituak izango dira espazio horretan, eta haien ikuspegia partekatuko dute keynote inspiratzaileen, panel estrategikoen eta industriako trantsizioaren erronkei eta aukerei buruzko eztabaiden bitartez. Joera globalak ezagutzeko, berrikuntza bultzatzeko eta balio handiko ezagutza sortzeko topalekua izango da kongresua.
Fabrikazioarekin eta industriako prozesuekin lotutako hainbat sektoretako enpresei zuzenduta egongo da munduko bilkura hori, besteak beste, sektore hauetakoei: finketa, zementua, siderurgia, automobilgintza, kimika, energia, elikadura, ehungintza, eraikuntza, energiaren sorkuntza eta banaketa. Horiez gain, zentro teknologikoek eta ikerketa-zentroek, ingurumenaren eta azpiegituren kudeaketarako enpresek, ingeniaritzek, EPCek, ziurtagiriri-emaileek, aholkularitzek, eta tokiko, estatuko eta nazioarteko erakunde publikoek ere hartuko dute parte.
DS Industryren erakusketa eremu horretan energia-kontsumoa deskarbonizatzeko eta energia-eraginkortasunerako soluzioak egongo dira, sare elektrikoen azpiegiturentzako, erregai berriztagarrientzako eta CO₂ atzemateko, erabiltzeko eta biltegiratzeko sistementzako ekipoekin, osagarriekin, zerbitzuekin eta teknologiekin. Halaber, industriarentzako eta ekonomia zirkularrerako proposamenak ere izango ditu eta zirkularitatea sustatuko du ekoizpen-prozesuetan eta baliabideen optimizazioan. Cleantechen arloan, ingurumeneko zerbitzuak eta teknologiak, ura kudeatzeko sistemak, hondakinak ezabatzeko sistemak eta lurzorua babestekoak aurkeztuko dira. Horrez gain, zeharkako zerbitzuak eta ekipoak gehituko dira, hala nola energiari eta ingurumenari, proiektuen plangintzari eta garapenari, erregulazioari, finantzaketari eta oinarri teknologia duten startupei aplikatutako digitalizazio-soluzioak, bai eta balio-katea osatzen duten enpresa-zerbitzuen gama zabal bat ere.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sektorea nazioartean kokatzeko egiten duten ahalegin handiaren erakusle da DS – Decarbonized & Sustainable Industry. Erakundeen bultzadaz gain, erreferentziazko beste erakunde eta enpresa batzuen babesa ere badu ekimenak, hala nola hauena: BASQUENERGY Cluster, Tecnalia, Aclima, Iberdrola, Petronor, Repsol, Net-Zero Basque Industrial Super Cluster, EEE – Energiaren Euskal Erakundea, Ihobe, EIC – Energy Intelligence Center, BH2C – Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta Bilbao Exhibition Centre, sektoreko beste enpresa batzuekin batera.







