Haur Danborrada San Sebastian egunean hiriko kaleak hartzeko prest

0

5.000 haur baino gehiagok parte hartuko dute urtarrilaren 20ko desfilean zein auzoak girotuko dituzten hainbat danborradatan 16tik 20ra bitartean

Donostiako festa handiena iristeko astebete baino gutxiago gelditzen da eta Haur Danborradako Danbor Nagusia eta pertsonaiak antzeztuko dituzten haurrek ilusioa eta gogoak handiak direla argi eta garbi erakutsi dute Haur Danborradaren aurkezpenean. Ekitaldia Donostiako Udalbatzar aretoan ospatu da gaur eguerdian. Donostiako alkate Jon Insaustik eta Kultura zinegotzi Ana Lopezek ongietorria egin diete 2026eko Haur Danborradako Danbor Nagusiari eta pertsonaiei eta honako mezua zuzendu diete: “Eskerrik asko zuen ilusioa eta gogoa hiri osoari erakusteagatik. Horrek egiten du benetan handia San Sebastian eguna”.

Aurtengo San Sebastian eguneko eguerdian 4.630 haurrek parte hartuko dute Haur Danborradaren desfilean. Hiriko 38 ikastetxek eta elkartek osatzen dituzten 45. konpainietako 2.486 neskak eta 2.144 mutilak interpretatuko dituzte Sarriegiren martxak erdialdeko kaleak zeharkatzen dituen desfilean. Eta konpainia horien guztien buru Intxaurrondo Haur Danborradako Argoitz Echezortu San Jose egongo da. Berak emango dio hasiera Sarriegiren martxak Erdialdeko kaleetan zehar interpretatuko dituen desfileari.

Eguerdiko hamabietan Udaletxeko balkoira irtengo da Danbor Nagusia, eta bi laguntzaile izango ditu danborradari hasiera emateko: Alkatea eta Notarioa, Intxaurrondo Haur Danborradako Valentina Errante Santos eta Odei Albarca Lopetegi. Haiekin batera, Jon Saizar Viles Jenerala eta Ane Martin Lopez Laguntzailea egongo dira.

Alkatea, Notarioa, Jenerala eta Laguntziailea, gainerako Haur Danborradaren pertsonaiekin batera, hain zuzen ere, XIX. mende hasierako gizarte zibileko pertsonaiekin batera, karroza handi batean aterako dira, palafrezainak aurretik kalesa batean dituztela. Pertsonaia guztiak Intxaurrondo Haur Danborradaren ordezkariak izango dira.

Auzoetako haur danborradak

Ohi denez, hiriko hainbat Ikastetxek eta elkartek antolatzen dituzten haur danborradek girotuko dituzte San Sebastian jaiaren aurreko egunak. Hala, urtarrilaren 16an, ostiralean, Mendiola HLHIko ikasleek hasiera emango diote jaiari Bidebetan.

Larunbatean, hilaren 17an, Eskibel Ikastetxeak, Arantzazuko Ama Ikastolak, Jakintza Ikastolak eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak girotuko dituzte Ibaeta, Martutene, Antigua eta Intxaurrondo auzoak.

Astelehenean, hilaren dd9an, arratsaldean, hamabi haur danborradak alaituko dituzte kaleak: IGE Larrun (Amara), Altza-SJC (Altza), Axular Lizeoa (Aiete), Harri Berri Oleta Ikastetxea (Altza), Elaienea ikastetxea (Antigua), Intxaurrondo Ikastola (Intxaurrondo), Zuhaizti eskola publikoa (Gros), Gaztelubide Txiki (Parte Zaharra), UA 150 Haur Danborrada (Parte Zaharra), Kresala Txiki Danborrada (Parte Zaharra), eta aurten lehen aldiz aterako den Kañoyetan Txiki haur danborrada (Parte Zaharra).

Urtarrilaren 20an, aldiz, eguerdiko desfile handiaren ostean, arratsaldez Amaratarra Txiki Danborradak emango die amaiera aurtengo Haur Danborraden irteerei.

Herri Ametsak 50 urte

Aurtengoa egun berezia izango da Herri Ametsa ikastolako danborradarentzat. izan ere, 50 urte beteko ditu Haur Danborradan parte hartzen. Egun Bidebieta auzoan kokatuta dagoen ikastolak 1976.urtean parte hartu zuen lehen aldiz Haur Danborradaren desfilean. Ikastola gisa parte hartu zuen lehen ikastetxea izan zen. Hortaz, aurten 50. urteurrena ospatzeko oroitzapen gorbata jasoko du.

Haur danborradaren aurkezpen festa

Urtero bezala, Haur Danborradaren lehen ekitaldia Victoria Eugenia Antzokian egingo da urtarrilaren 16an 12:00etan. Bertan, konpainia guztietako ordezkariek parte hartuko dute, eta Donostiako alkate Jon Insaustik hainbat pertsonaiari dominak jarriko dizkie eta Haur Danborradako Danbor Nagusiari Aginte Makila emango dio.

Baldintza meteorologikoak txarrak badira

Haur Danborrada bertan behera uzteari buruzko jakinarazpen ofiziala urtarrilaren 20an egingo litzateke, 10:30ean gutxi gorabehera, mezu bidez. Gainerako informazioak ez lirateke ofizialak izango. Urtarrilaren 20an eguraldiak utziko ez balu, irteera igandean, urtarrilaren 25ean egingo litzateke, eta 2026ko azkeneko aukera izango da.