Lehen lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, euskal ikus-entzunezko sektoreak une historikoa bizi duela azpimarratu du 2026ko Goya sarietan 45 izendapen lortu ostean

0
  • ‘Los domingos’ eta ‘Maspalomas’, 2026ko Goya sarietarako izendapenetan nagusitu dira, bata 13 izendapenekin eta bestea 9rekin, hurrenez hurren.
  • Euskal ekoizpenak Goya sarietako protagonista handien artean egongo dira edizio historiko honetan, 23 kategoriatan eta 45 izendapenekin lehiatuz.

Euskal zinema berriro nabarmenduko da 2026ko Goya sarietan, 45 izendapen jaso baititu, 23 kategoriatan banatuta. Hautatutako ekoizpenen artean daude ‘Los domingos’ (13 izendapenekin), ‘Maspalomas’ (9) eta ‘Los tigres’ (7). Sari-banaketa ekitaldia Bartzelonan izango da datorren otsailaren 28an, eta euskal zinemaren indarra agerian geratuko da.

Honen harira, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, “euskal ikus-entzunezko sektoreak bizi duen unea historikoa” dela azpimarratu du: “Euskal Zineak une zirraragarria bizi du, zalantzarik gabe. Gure talentuaren, gure hizkuntzaren eta funtzionatzen duen kultura-ekosistemaren indarra erakusten duen lorpen kolektiboa da hau”.

Era berean, “euskal zineak nor garen kontatzen duela” zehaztu du Bengoetxeak: “Euskal zinea identitatea da, emozioa da, eta munduari zabalik dagoen begirada da. Politika publikoen bidez, talentua babestuz eta euskararekiko konpromisoaren bidez, bidelagun izaten jarraituko dugu”.

Izendapenak

2025eko euskal filmik goraipatuena, ‘Los domingos’, Goya sarietarako izendapen gehien jaso dituen lana da, 13 kategoriatan lehiatuko baita, hain zuzen ere. Atzetik ditu ‘Sirat’ (11) bigarren eta ‘Maspalomas’ (9) hirugarren postuetan.

Alauda Ruiz de Azúak Estatuko publikoa eta kritika bereganatu zituen ‘Cinco lobitos’ opera primarekin eta ‘Querer’ telesailarekin, eta aurtengo Goya sarietarako hautagai gogokoenetarikoa da. Filma honako sari hauetarako izendatu dute: Film Onena, Zuzendaritza Onena, Gizonezko Aktore Protagonista Onena (Miguel Garcés), Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Patricia López Arnaiz), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Juan Minujín), Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onena (Nagore Aranburu), Emakumezko Aktore Berri Onena (Blanca Soroa), Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Muntaia Onena, Soinu Onena, Jantzien Diseinu Onena eta Produkzio Zuzendaritza Onena. Filmak ospe handia lortu du zinema-jaialdi ugaritan, eta besteak beste, Film Onenaren Urrezko Maskorra, Euskal Zinema Saria eta Feroz Sarietako kritikaren saria eskuratu zituen 73. Donostia Zinemaldian. 31. Forqué Sarietan ere Film Onenaren Saria eta Emakumezko Interpretazio Onenaren Saria (Patricia López Arnaiz) irabazi zituen. Era berean, 2026ko Feroz Sarietan zortzi kategoriatan izendatuta dago.

Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako ‘Maspalomas’ filmak, berriz, bederatzi izendapen lortu ditu kategoria hauetan: Film Onena, Zuzendaritza Onena, Gizonezko Aktore Protagonista Onena (José Ramón Soroiz), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Kandido Uranga), Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Jatorrizko Musika Onena, Makillaje eta Ile-apainketa Onena, eta Arte Zuzendaritza Onena. Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, Jose Ramon Soroizek bereganatu zuen Antzezpen Protagonista Onenaren Saria, eta 31. Forqué Sarietan ere gailendu zen. Era berean, pelikula zazpi kategoriatan izendatuta dago 2026ko Feroz Sarietan.

Aurtengo edizioko beste ekoizpen handienetako bat da ‘Los tigres’, zazpi izendapenekin. Alberto Rodríguezen lana honako kategoria tekniko hauetan nabarmendu da: Efektu Berezi Onenak, Muntaia Onena, Produkzio Zuzendaritza Onena, Arte Zuzendaritza Onena, Jatorrizko Musika Onena eta Argazki Zuzendaritza Onena. Gainera, Jatorrizko Gidoi Onena eskuratzeko hautagaien artean dago.

Agustín Díaz Yanesen ‘Un fantasma en la batalla’ filmak ere lau hautagaitza ditu: Efektu Berezi Onenak, Muntaia Onena, Jatorrizko Gidoi Onena eta Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Susana Abaitua).

Bestalde, Sitgeseko Zinemalditik eta zinema-aretoetatik pasatu ondoren, Paul Urkijoren ‘Gaua’ pelikulak hiru izendapen lortu ditu: Efektu Berezi Onenak, Jantzien Diseinu Onena eta Makillaje eta Ile-apainketa Onena.

Bestalde, Alberto Vazquezek gorenera eraman du euskal animaziozko zinegintza beste behin ere. ‘Decorado’ filma Animazioko Film Onenaren saria bereganatzeko lehian izango da. Pelikulak hainbat sari jaso ditu eta ospe handiko jaialdietan parte hartu du, eta animaziozko euskal zinema nazioartean zabaltzen lagundu du.

Honako hauek ere izendapena lortu dute: ‘La tregua’, Miguel Ángel Vivas (Makillaje eta Ile-apainketa Onena); ‘El talento’, Polo Menárguez (Jatorrizko Musika Onena); ‘¡Caigan las rosas blancas!’, Albertina Carri (Jatorrizko Abesti Onena); ‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’, Gaizka Urresti (Film Dokumental Onena); ‘Balearic’, Ion de Sosa (Zuzendaritza Berri Onena); ‘Zona Wao’, Nagore Eceiza (Film Dokumental Onena) eta ‘La misteriosa mirada del flamenco’, Diego Céspedes (Film Iberoamerikar Onena).

Azkenik, aipamen berezia egin nahi diogu euskal emakumezko aktore emankorrenetako bati: Elena Irureta Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenaren Sarirako hautagai izango da ‘Sorda’ filman egin duen lanagatik.