Lan Osasunak gida bat argitaratu du basogintza sektorean lan istripuak murrizteko eta enpresa horietan arriskuen prebentzioa bultzatzeko

0

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Lan Osasuneko Zuzendariordetzako teknikariek basogintza sektoreko enpresentzako lan arriskuen kudeaketari buruzkogida bat garatu dute. Dokumentu hau Nafarroako Egurraren Enpresaburuen Elkartearekin (Ademan) lankidetzan egin da, eta arriskuen prebentzioa bultzatzea eta arlo horretako lan istripuak murriztea du helburu.

NOPLOI 2017az geroztik ari da beste erakunde batzuekin koordinatuta Foru Komunitateko Basogintza Sektorean Istripuak Murrizteko Programa gauzatzen. Lan Osasuneko Ekintza Planaren barruko programa hori aplikatu ondoren, eta inplikatutako alderdi guztien –enpresak eta langile autonomoak barne– ahaleginari esker, intzidentzia-indizea seiren bat murriztu da; hau da, 2016an 1.000 langileko 648 istripu izan ziren eta 2023an 106,5.

Bi heriotza-istripu 2025ean

Hala ere, basogintzak arriskutsuenetako bat izaten jarraitzen du, eta sektore horretan lan-istripuek ondorio larriagoak izaten dituzte. Zehazki, 2025ean, bi ezbehar izan ziren, eta Nafarroako mendietan lanean ari ziren bi pertsona hil ziren.

Sektore honetan gertatzen diren istripuen arrazoi nagusien artean, lan-prozedurak oker egitea eta plangintzarik eza aurkitzen dira. Hori dela-eta, arriskuak prebenitzeko eraginkorrak izatearren, Lan Osasunetik gogorarazi dute garrantzitsua dela lanen ebaluazioan hainbat alderdi sartzea; esate baterako, lekuaren orografia zehatza, klimatologia eta erabiliko den makineria.

Sektore horretan langile gutxik egiten dute lan; egun, 307 gizon eta 31 emakume daude enpresa horietan. NOPLOI ahalegin handia egiten ari da laneko arriskuak kontrolatzeko eta baso-aprobetxamenduetan prebentzio-neurriak aplikatzeko; horrela, lan-baldintzak egiaztatzeko bisita ugari egiten ditu.

Testuinguru horretan, Nafarroako Egurraren Enpresaburuen Elkarteak (Ademan) aholkularitza-gida bat sortzea proposatu zuen, enpresek lan-arriskuen prebentzioa modu eraginkorrean burutzeko zailtasuna izateagatik. Askotan, enpresen elkartuek beharrezko eta derrigorrezko dokumentazioa eskuratzeko eta laneko arriskuen prebentzioaren arloko erakundeak eta entitate eskudunak eta aholkulariak identifikatzeko zailtasunak zituztela jakinarazi zieten; halaber, zalantzak zituztela esan zieten, besteak beste, prebentzio-zerbitzuak egin beharreko jardueren inguruan edota prebentzio-baliabideak izan beharraren inguruan.

Hori dela-eta, baso-sektoreko enpresetan lan-arriskuen prebentzioa kudeatzeko Gida honetan, enpresek bete beharreko araudi-irizpideak jasotzeaz gain, istripu-arriskua gutxiagotzera bideratutako prebentzio-neurriak ez ezik, baso-lanetan arriskuen prebentzioa txertatzen lagunduko duten jardunbide egokiak ere azalduko dira.

Dokumentua ostegun honetan, urtarrilak 15, 17:00etan aurkeztuko da Ademanen egingo den ekitaldian. Bilerara etortzeko deia egin zaie enpresa, sektoreko langile autonomo eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko ordezkariei. Lana NOPLOIren web orrialdean deskargatu ahal izango da. Dokumentua euskaraz ere eskuratu ahal izango da.