Bizkaiko Foru Jauregiak bere bisita-errekorra hautsi du 125. urteurrenean, ia 10.000 bisitarirekin

0

Bizkaiko Foru Jauregiak parte-hartze arrakastatsua izan du 125. urteurrenaren ospakizunean. 2025ean, 9.994 pertsonak bisitatu zuten eraikin enblematiko hori, hau da, aurreko urtean baino % 41 inguru gehiago (7.078 bisita). Kopuru horrek maximo historikoa ezarri du berriro ere, eta agerian utzi du nolako harrera ona izan duten efemeridea ospatzeko bultzatutako jarduerek.

Ekimenen artean, Bilboko Abesbatza Elkartearekin eta BOS – Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera antolatutako bisita musikatuak nabarmendu ziren. Izan ere, azaroan eta abenduan, 667 pertsona bildu, eta programatutako saio guztiak bete zituzten.

Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak Bizkaikoak izan ziren (% 84 inguru), eta, ondoren, Estatuko gainerako lurraldeetakoak (% 8) eta atzerrikoak (beste % 8 bat). Presentzia handiena izan zuten herrialdeen artean, Frantzia, Italia eta Alemania nabarmentzen dira, gero eta interes handiagoa baitute Bizkaiaren erakunde-ondarea ezagutzeko.

Berebat, ikastetxeek (150 pertsona) eta elkarteek (144 pertsona) ere izan zuten parte-hartze nabarmena. Hala, sendotu egin da Foru Jauregiak dibulgaziorako eta herritarren topaketarako espazio gisa duen zeregina.

Hizkuntzari dagokionez, gaztelania izan zen eskatuena (% 74), eta, ondoren, euskara (% 17) eta ingelesa (% 9). Hortaz, eutsi egin zaio eskaintza hirueledunari, publiko mota guztiengana iristeko.

Doako bisitak 2026an ere

Aurten ere, astelehenetik ostiralera eskainiko dira bisitak, gehienez 20 laguneko taldetan, eta aukera egongo da euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo italieraz egiteko. Erabat doakoak dira, eta, erreserbak egiteko, www.bizkaia.eus webgunera, 94 608 35 37 / 673 000 238 telefonoetara edo bisitak@bizkaia.eus helbidera jo daiteke.

Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa da eraikin berezi hori herritarrei ezagutaraztea, lurralde historikoaren legatu arkitektoniko eta instituzionalaren sinbolo gisa duen zeregina sendotzeko. Gainera, lanean ari gara material didaktiko berriak eta Kahoot Quiz motako joko interaktibo bat sortzeko bigarren hezkuntzako ikasleentzat, eskola-esperientzia erakargarriagoa izan dadin eta parte hartzeko aukera handiagoa eman dezan.

Foru Jauregia

Foru Jauregia Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bizkaiko Lurralde Historikoko gobernu-organoaren, egoitza ofiziala da.

Eraikina Foru Aldundiaren egoitza nagusia da, eta Luis Aladrén Mendivil arkitektoak (Zaragoza, 1852 – Donostia, 1902) egin zuen proiektua 1891n, Bizkaiko Diputazio Probintzialaren egoitza izateko, azken Gerra Karlistaren ondoren Foruak galdu ondoren. Bilboko Zabalgune berrian eraiki zen lehen eraikin publikoa izan zen.

Neo-errenazimentu frantseseko estiloko eraikina da, apaindura askokoa, barrutik marmolez, beirateez, altzariz eta egur noblez apaindua, eta bere aretoetan euskal erretratu eta artelan baliotsuen bilduma garrantzitsua dago.

Eskalinata nagusiko beirate handia nabarmentzen da, 1900ekoa, Antonio Rigalt maisu beiragile katalanak egina, Anselmo de Guinea margolari bizkaitarrak sortutako diseinua oinarri hartuta. Bizkaiko alegoria bat da, lurraldeko legebiltzar-organoaren egoitzaren aurrean lekutua: Gernikan biltzen diren Batzar Nagusiak beren Arbolaren itzalean, haritz foralaren itzalean, bizkaitarren eta euskaldunen askatasun eta eskubideen sinboloa.