Jon Insausti alkateak berretsi duenez, «etxebizitza berria sortzeaz gain, donostiarron beharrei erantzuteko eraikitako hirian jardun behar dugu»
Donostiako Udalak Etxebizitzaren Behatokia sortu du hiriko etxebizitza-premien benetako erradiografia lortzeko eta donostiarren etxebizitza-arazoari erantzun zehatzak emateko neurriak proposatzeko. Kudeaketa ona diagnostiko egokian oinarritu dadin sortu da ekimena. Halaber, datuak emateaz gain, behatokiaren helburua da irudimen eta proposamen lana sustatzea neurriak identifikatzeko eta araudia herritarren larrialdietara egokitzeko.
Jon Insausti alkateak adierazi duenez, «dagoeneko martxan dauden hirigintza-garapen batzuk bizkortu ditut, eta Altza Berriren aldeko apustua egin dut, datozen urteetan Donostian 10.000 etxebizitza gehiago egon daitezen, baina horretaz harago eraikitako hirian jardun behar dugu. Ez dugu ahaztu behar azken hamar urteetan etxebizitza berrien % 20 erabilera-aldaketei eta bereizketei esker sortu direla. Tresna horiez gain, berrikuntza, kudeaketa-modu berriak eta esperientzia alternatiboak behar ditugu eraikitako hiria aprobetxatzeko”.
Bereizteko aukera
- Behatokiak 130 m2-tik gorako hainbat etxebizitza identifikatu ditu, bi etxebizitzatan edo gehiagotan banandu daitezkeenak. «Banaketarako gutxieneko tamaina murriztea erabakiko balitz, etxebizitza gehiago sortzeko aukerak asko handituko lirateke», adierazi du alkateak, jabearen nahia, higiezinaren beraren mugak edo komunitatearen baimena bezalako baldintzak errespetatuz betiere.
Lokalak etxebizitza bihurtzea
- Azterlan beretik ondorioztatzen da 35 m2-tik gorako beheko solairuko lokal ugari daudela egun hirian. Gainera, mota horretako lokal asko ez dira erabiltzen gaur egun.
Goi-solairuetako jarduerak
- Bestalde, 35 m2-tik gorako jarduerak antzeman dira goiko solairuetan, etxebizitza-eraikinetan hainbat hutsune mota okupatzen dituztenak. Gehienak, Erdialdeko, Groseko eta Antiguoko auzoetan egongo lirateke. Era berean, auzo horietan, hainbat lokal huts daude beheko solairuan, eta teorikoki lekuz alda daitezke.
Etxebizitza hutsak
- Bestalde, etxebizitza hutsetan ere esku hartzea proposatzen du behatokiak. Insaustik gogorarazi duenez, «ekimen edo programa gehiago bultza litezke etxebizitza hutsak ahalik eta gehien murrizteko».
Eraikin hutsak
- Behatokiak dio, halaber, Donostian eraikin ugari daudela hutsik edo laster egongo direnak, eta hiriak benetan behar dituen erabilerak har ditzaketela, hau da, egoitza-bizitokiak, era askotakoak: mota guztietako etxebizitzak, adinekoentzako eta ikasleentzako egoitzak, langileentzako bizitokiak, eta bestelako bizitoki alternatiboak, hala nola cohousinga.
Arkupe hutsak
- Eraikigarritasun-muga dela-eta aprobetxatuta ez dauden espazio hutsak ere aipatzen ditu Behatokiak. Hiriko hainbat auzotan hutsik dauden arkupeak dira, hala nola Intxaurrondon, Aieten, Antiguon, Egian, Loiolan eta abar. Espazio horiek hutsik daude eraiki zirenetik. Udalak eraikigarritasun handiagoa emango balu, espazio huts horiek etxebizitza bihur litezke (etxebizitza tasatua, alokairuko etxebizitza…).
Hirugarren sektoreko poligonoen birdentsifikazioa
- Datuen analisitik sortzen den ideietako bat hirugarren sektoreko erabilerako poligonoen eraldaketa baloratzea da, eta, era berean, etxebizitza-erabilerak egotea ahalbidetzen du. Adibidez, Zuatzuko eremua berrantolatu egin liteke, gaur egungoez gain beste egoitza-erabilera batzuk ere izan ditzan.
Etxebizitzaren Behatokiaren beste proposamen batzuk
- Partekatutako etxeen, cohousingaren edo etxebizitza kolaboratiboen kudeaketa publiko-pribatua.
- Ikasleak egoitza espezifikoetara bideratzea alokairuko pisuak liberatzeko.
- Enpresa handiei etxebizitza sortzeko aukera ematea, «langileen barne-erabilerarako».
- Aholkularitzarako eta kudeaketarako Etxebizitza Bulegoa sortzea.
- Ostatua sortzea behar duten funtsezko langileentzat, Key Worker Housing kontzeptua (funtsezko langileentzako etxebizitza).
- Eremu berrietan eta babestutako eraikinik gabekoetan, familia bakarreko etxebizitzetatik bloke-tipologiara igarotzeko aukera ematea. Adibidez, Berio, Puio eta Miramon motako eremuak.








