Hondarribiko Udalak pasa den irailean ireki zuen Maddalen Arte Guneko 2026ko erakusketa-programarako komisarioa hautatzeko deialdia, eta Sandra Cuesta Aizkorberi esleitu zaio kudeaketaren ardura. Cuestak lau erakusketa antolatuko ditu: hiru kolektibo eta bakarkako bat. Horrez gain, “Hondarribia Sormen Hiria” bekaren bi artista onuradunen bakarkako erakusketetan aholkularitza- eta gainbegiratze-lanak egingo ditu.
Sandra Cuestak ibilbide sendoa du artearen esparruan, eta Ortzi Alonso Kultura zinegotziak nabarmendu du artista polifazetikoa dela: “Arte Ederretan lizentziatua eta eskulturan espezializatua, performancearen eta koreografiaren bidez ere garatzen du bere sorkuntza-lana. Oso gustura gaude aurkeztu duen proposamenarekin”.
Alonsoren hitzetan, Cuestaren ibilbideak sentsibilitate garaikidea eta tokiko sorkuntzarekiko konpromisoa uztartzen ditu: «Joan den urtean Judas Arrietak egindako lanari jarraipena emango dio Sandrak. Bere ikuspegiak sendotu egingo du Maddalen Arte Gunearen nortasun irekia eta esperimentala, eta ziur gaude publiko berriak erakartzeko gaitasuna izango duela».
Bestalde, Ortzi Alonsok azpimarratu du Udalaren asmoa dela Maddalen Arte Gunea etengabeko sormenaren eta tokiko talentuaren erakusleiho bihurtzea: “Urtero kudeatzaile eta programatzaile berriak hautatzeak freskotasuna eta ikuspegi berriak ekartzen dizkio proiektuari, eta gure hiriaren kultur eskaintza dinamikoago eta aberatsago bihurtzen du”.
Azkenik, Kultura zinegotziak proiektuaren balorazio oso positiboa egin du: “Maddalen Arte Gunearen bidez artisten ibilbidea eta ezagutza sustatzen ari gara, eta bai herritarren bai artisten aldetik jasotzen ari garen erantzuna oso ona da”.
ARIRA: artea eta soinua uztartzen dituen proiektua
Sandra Cuestaren ARIRA proiektuak arte plastikoak eta musika uztartzen dituen egitaraua proposatzen du. Komisarioaren hitzetan, “helburua artearen testuingurua herrian bertan garatzea da, diziplina ezberdinak harremanetan jarrita eta publikoari esperientzia zabalagoa eskainiz. Erakusketa bakoitza soinu-pieza baten moduan ulertzen dut; artista plastikoen eta soinu-sortzaileen arteko elkarlana izango da erakusketen erdigunean”.
ARIRA espazio publikoetan hedatuko den erakusketa kolektiboa izango da. “Maddalen Arte Guneaz gain, Hondarribiko hainbat gunetan aurkeztuko dira proposamenak”, azaldu du artistak. Proiektua “josteko haria” moduan ulertu daiteke: ideiak josiz, aldaerak sortuz eta artistaren parte-hartzearen bidez formak emanez.
Parte hartuko duten artista eta taldeak hauek dira: Eugenio Ortiz Miguel, Maider Goikoetxea, Sagusar, Itziar Basterretxea, The Iiingles, Oscar Gómez Mata eta L’Alakran.
RABELAIS KANTA, lehen erakusketa
Programako lehen erakusketa Eugenio Ortiz Miguel artistaren RABELAIS KANTA izango da, Harkaitz Cano idazlearen, Sandra Cuestaren eta Marla abesbatzaren parte-hartzearekin.
Erakusketaren abiapuntua François Rabelais idazleak 1532an, Pantagruel liburuan, hainbat hizkuntzatan idatzitako pasarte bat da. Testu horretan ageri dira euskaraz inprimatutako lehen hitzetako batzuk. Hitzok, ordea, neurri batean enkriptatuta iritsi zaizkigu, inprentako akatsengatik eta haien jatorri urrunagatik. Testuinguru satiriko eta geografiko horretan, Rabelaisek Hondarribia (Fontarabie) ere aipatzen du, garaiko muga-gune garrantzitsu gisa.
Eugenio Ortiz Miguelek testu historiko hori hartu du abiapuntu gisa, eta hitza bera material artistiko bihurtu du. Artistak bere artxibo pertsonaleko materialak, objektuak eta dokumentuak jarri ditu elkarrizketan, denboraren ideia elastikoa azpimarratuz: iraganeko testu batetik gaur egungo sorkuntzara jauzi eginez.
Ortizen hitzetan, “Rabelaisen testu hura gaur egunera ekartzea ariketa kolektiboa izan da. Hitzak ez ditut soilik irakurtzeko elementu gisa ulertu, baizik eta entzuteko, kantatzeko eta gorputzez bizitzeko moduko material gisa”. Artistak azaldu duenez, “proiektu honek singularitateen batasuna bilatzen du; idazketa, eskultura, kantua eta artxiboa elkartu ditugu pieza bakarrean”.
Erakusketaren baitan kantu bat sortu da enkarguz, ikuspegi koral batetik abiatuta. Thélème abadia —Rabelaisek irudikatu zuen komunitate ideal hura— erreferentzia moduan hartu da, elkarrekin lan egiteko eta sortzeko modu baten metafora gisa.
Otsailaren 21etik martxoaren 29ra egongo da ikusgai Kultur Etxeko artxiboan, larunbat eta igandeetan, 11:00etatik 13:00etara. Irekiera otsailaren 21ean izango da, 12:00etan.








