Hasiera eman zaie Eusko Jaurlaritzak Zorrotzaurren programatu dituen alokairuko 1.082 etxebizitza babestuetatik 66 eraikitzeko obrei

0
  • Visesak sustatuko dituen eta Alokabidek kudeatuko dituen babes ofizialeko etxebizitza berri horiek 12,5 milioi euroko obra-aurrekontua dute, eta 24 hilabeteko egikaritze-epea; beraz, etxebizitzak 2028ko bigarren seihilekoan entregatzea aurreikusten da
  • Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak bere Sailak Bilbon abian dituen operazioen garrantzia nabarmendu du. Bilbon “laster 1.842 etxebizitza berri izango ditugu, obran dauden 807 etxebizitzak eta proiektatutako 1.035 etxebizitzak batuta”
  • Amaia Arregi Bilboko alkateak “etxebizitza eskuratzea errazteko, erakundeen arteko elkarlanerako konpromisoa” nabarmendu du, “hiria egiteko modurik onena baita”

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatea Zorrotzaurreko uhartean izan dira, alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko 66 etxebizitzako sustapenaren lehen harria jartzeko ekitaldian. Mugarri sinboliko horrekin, hasiera ematen zaie Eusko Jaurlaritzak hiriko eremu estrategiko horretan programatuta dituen 1.082 etxebizitza babestuko sustapenetako baten obrei. Ekitaldian izan dira, halaber, Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordea, Nora Abete bigarren alkateordea, Yolanda Díez Bilboko Udaleko Etxebizitzako zinegotzia, Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia, Juan Carlos Sinde esparru horretako Kudeaketa Batzordeko kudeatzailea eta enpresa eraikitzailearen ordezkari teknikoak.

Itxasok aditzera eman duenez, sustapen hori “2028ko bigarren seihilekoan entregatuko da, eta alokairu babestuaren aldeko apustu irmoa indartzen du, Bilbon etxebizitza-eskubidea bermatzeko egiturazko tresna gisa”. Sailburuak nabarmendu duenez, “Euskadin, Bilbok du, Gasteizekin batera, babes publikoko etxebizitzak egiteko obra-bolumenik handiena, eta hori posible izan da, batez ere, partzela finalisten doako lagapenean oinarritzen den bi hiriburu horien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko politika konplize eta kooperatiboari esker”. Ildo horretan, erantsi duenez, “lankidetza horren bidez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila Euskadiko etxebizitzen eta apartamentuen produkzioaren % 61 baino gehiago (1.668tik 1.032 obran) eraikitzen ari da gaur egun udal horiek lagatako lurzoruetan”.

Itxasok aitortu duenez, “jarrera jarraitu horren ondorioz, hiri horietan ez da alokairuko etxebizitza babestuaren eraikuntza eten azken hamabost urteetan, eta lagungarria izan da gaur egun etxebizitzaren merkatuan nagusi den tentsioa arintzeko”. Gogorarazi du Saila gaur egun 807 etxebizitza egikaritzen ari dela hamar sustapenetan, eta beste 1.035 proiektatu dituela hiri osoan beste zortzi sustepenetan, guztira 1.842 etxebizitza —Zorrotzaurrekoak barne (ikus azken taula)—. Era berean, etxebizitzek “24 hilabeteko egikaritze-epea” izango dutela jakinarazi du, eta Zorrotzaurreko garapena ahalbidetzen ari den erakundeen arteko lankidetza balioetsi du, “etxebizitza babestuen presentzia handia izango duen auzo berri anitz eta jasangarria izango da”.

Bestalde, Arregi alkateak aditzera eman duenez, “66 etxebizitza horiek argi eta garbi islatzen dute Euskadiko erakundeek etxebizitza (babestua eta alokairukoa) eskuratzea errazteko duten konpromisoa, eta guztiontzako etorkizuna duten auzoak eraikitzen jarraitzeko duten konpromisoa”. Arregik gehitu duenez, “konpromiso horri esker, aurrera egin dezakegu Bilbo pertsona guztientzako aukerak dituen hiri kohesionatua eta inklusiboa izaten jarraitzeko helburuan”. Eta amaitzeko adierazi duenez, “gaur, hemen, Zorrotzaurren, ez gara soilik etxebizitzak eraikitzen ari. Hiria eraikitzen ari gara”.

Hedabideei adierazpenak egin ondoren, Visesaren zuzendaritza teknikoak proiektu arkitektonikoaren alderdi nagusiak azaldu ditu, baita hiriarekiko lotura eta hartutako eraikuntza- eta energia-soluzioak ere. Ekitaldiaren amaieran, lehen harria jartzearen antzezpena egin dute, oroitzapen-ontzi batean zenbait elementu sartuta. Jarduneko alkateak eguneko egunkaria sartu du lehenik, obrak hasi diren eguna jasota uzteko. Gero, sailburuak zuinketa-akta sinatu eta ontzian sartu du, sustapenaren planoekin batera, eta Amaia Arregik giltza sinboliko batzuk sartu ditu, etxebizitza horietan biziko diren etorkizuneko adjudikaziodunak irudikatuta. Azkenik, biek, Yolanda Díez, Carlos Quindós eta Juan Carlos Sinde lagun zituztela, ontzia lurperatu dute.

Sustapenak 12.586.758,34 euroko obra-aurrekontua izango du, barnean direla eraikuntza, urbanizazioa eta deskontaminazioa. Inbertsioa osoa, berriz, 15.725.667,57 eurokoa izango da, aurrekoari esparruko lurzoruaren eta urbanizazioaren gastua, ordainsari teknikoak, ekipamendua eta lizentziak gehitu ostean. 2025ean indarrean zegoen ordenantza fiskala aplikatuta, sustapenak % 50eko hobaria izango du babes publikoko etxebizitzetarako Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan.

Sustapenaren ezaugarriak

Visesak sustatuko dituen eta ondoren Alokabidek kudeatuko dituen alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko 66 etxebizitzak honela banatuko dira: bi logelako 54 etxebizitza (horietako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak) eta hiru logelako 12 etxebizitza. Eraikina JAAM Sociedad de Arquitectura SLk proiektatu du, eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapena SLk (EBA) eraikiko du. Partzelaren ekialdeko eta mendebaldeko muturrak hartuko dituzten H formako bi bloketan garatuko da, eta bien artean erabilera publikoko espazioa sortuko da, iparraldean egongo den erdioinezkontzako kale berri batera irekita. Espazio hori udal-interesekotzat jotzen denez gero, haren akaberak, altzariak eta instalazioak Bilboko Udalak Zorrotzaurre eremurako ezarritako premisetara egokitu beharko dira.

Era berean, ekialdeko blokeak sotoa, beheko solairua eta zazpi goi-solairu izango ditu; eta mendebaldeko blokeak, berriz, beheko solairua eta sei goi-solairu. Bloke bakoitzean, guztira 33 etxebizitza proiektatu dira (RD6.1 eta RD6.2), bi atari bereizitan. Beheko solairuan sarbideak, zerbitzu-lokalak, bizikleta-gelak eta merkataritza-lokalak egongo dira, eta garajea partzela osoa hartuko duen sotoko solairu bakar batean egingo da —ibilgailuen sarbidea bloke baten izkinan izango da—.

RD-6 partzelak 2.146,61 m²-ko azalera du, eta oinarri luzanga duen U formako geometria. Muga hauek ditu: Elorri Zeharkalea (iparraldean), San Felicisimo bidea (ekialdean), Deustuko Erribera (hegoaldean), eta Deustuko Erriberako 15. zenbakiko AA-3 eraikina (mendebaldean). Gainera, hegoaldean, proiektatutako bi eraikinen artean, Deustuko Erriberako 9AA-2 zenbakiko eraikina dago, eraikinik gabeko zerrendaren aurrean. Etxebizitza guztiek orientazio bikoitza izango dute, eta, kasu gehienetan, hegoalderako orientazioa, itsasadarrera begira, kanpoko espazioen arteko zuzeneko gatazkak saihestuta.

Eraikuntza eta jasangarritasuna: efizientzia eta bizi-zikloa

Egitura hormigoi armatuzkoa izango da, zutabeen eta euste-hormen bidez, eta lauza horizontalak eta pantaila-hormak izango ditu sestra azpiko perimetroan. Fatxadak hormigoizko panel aurrefabrikatuekin eraikiko dira eta terrazetan fabrika zarpiatua izango dute. Estalkiak, berriz, lauak izango dira, filtron-lauzazko akabera izango dute eta panel fotovoltaikoak instalatuko dira. Visesaren estrategiaren ildotik, sustapenak % 100 eredu energetiko elektrikoari erantzuten dio, eta energia-eskaera murrizteko neurriekin osatzen da, hala nola isolamendua hobetzearekin, beroa berreskuratzen duen fluxu bikoitzeko aireztapenarekin eta estankotasuna handitzearekin.

Aukeratutako sistemak aintzat hartzen du, batetik, ur bero sanitarioa sortzea Zorrotzaurreko uhartean dagoen geotermia-sarera konektatutako aerotermia zentralizatuaren bidez, eta, bestetik, berokuntza-sistema elektrikoak erabiltzea. Gainera, estalkian beroa berreskuratzeko efizientzia handiko aireztapen-sistema kolektiboa izango du, baita araudiak eskatzen duen energia berriztagarriaren ekarpena bermatuko duen eremu fotovoltaikoa ere. Berokuntzarako fluido-zirkuituak ezabatzeak eraikuntza errazten du, baita mantentze-lanak ere; izatez, eraikinaren bizi-zikloaren kostu globala hobetzen du, egikaritze, erabilera eta kontserbazio faseetan. Sustapenak Euskal Autonomia Erkidegoko gutxieneko bizigarritasun-baldintzak arautzen dituen Dekretua (ekainaren 28ko 80/2022 Dekretua) betetzen du.

Zorrotzaurre: 822.551 m²-ko auzo berria

Zorrotzaurre esparruak izen bereko penintsula eta Deustuko kanalaren eskuinaldeko lursailak hartzen ditu, Bilboko Portuko Zerbitzu Guneko antzinako lurzoruak. Guztira 822.551,63 m²-ko azalera du, barnean direla lurzoru finkatuko 16.009 m² eta portu-sistema orokorreko 184.287,57 m².

Garapena jarduketa integratuko bi esparru handitan antolatzen da (AI1 eta AI2), baita jarduketa isolatuetan eta zuzkidura-jarduketetan ere. Guztira, 5.670 etxebizitza inguru hartuko ditu, horietatik erdiak, gutxi gorabehera, babestuak izango dira. Azken horietatik, 1.082 Visesak eta Eusko Jaurlaritzak sustatuko dituzte.

Alokairuko etxebizitza babestuko eskari handia

Gaur egun, Bilbon etxebizitza babestua eskatzen duten 31.648 bizikidetza-unitate daude inskribatuta Etxebiden. Horietatik 24.275 bizikidetza-unitatek (% 77) alokairuko erregimeneko etxebizitza eskatzen dute; horietatik 18.180 udalerrian erroldatuta daude eta 6.095 ez daude udalerrian erroldatuta. Alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen inguruan —sustapen honetan, esaterako—, nabarmendu behar da urtean 9.000 eta 46.463,29 euro bitarteko diru-sarrerak eskatzen direla. Gaur egun, 16.071 bizikidetza-unitatek betetzen dituzte baldintza ekonomiko horiek.

Kupo espezifikoei erreparatuta, 36 urtetik beherakoen 7.500 eskaerak eta pertsona bakarreko 14.750 bizikidetza-unitateak nabarmentzen dira. 66 etxebizitza horiek Etxebideren bidez adjudikatuko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako diru-sarreren, erroldatzearen eta kupo espezifikoen irizpideen arabera, eta prozedura publiko eta gardena bermatuko da.

Jarduketa horrekin, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak indartzen du Bilbon alokairu babestua bultzatzeko estrategia, eta Zorrotzaurre finkatzen du Euskadiko hiri- eta bizitegi-berroneratzeko gune nagusietako baten gisara.

BILBON AKTIBO DAUDEN SUSTAPENAK

Obran: 807 etxebizitza

UDALERRIA ESPARRUA ETXEBIZITZA KOPURUA
Bilbo Zorrotzaurre (uhartea) Alokairuko babes ofizialeko 66 etxebizitza (BOE)
Bilbo Zorrotzaurre (Morgan kalea) 57 zuzkidura-apartamentu
Bilbo Txurdinaga 72 zuzkidura-apartamentu
Bilbo Txurdinaga II 107 zuzkidura-apartamentu
Bilbo Peñascal 84 BOE alokairuan
Bilbo Eretza Mendia 19 etxebizitza BOE alokairuan
Bilbo Bolueta 144 BOE alokairuan
Bilbo Bolueta 175 BOE alokairuan
Bilbo Otxarkoaga 60 BOE alokairuan
Bilbo Gorte kalea 23 etxebizitza sozial alokairuan

Proiektuan: 1.035 etxebizitza

UDALERRIA ESPARRUA ETXEBIZITZA KOPURUA
Bilbo UE2 Zorrotzaurre Alokairuko babes ofizialeko 528 etxebizitza (BOE)
Bilbo Zorrotzaurre Alokairuko 146 etxebizitza tasatu
Bilbo Zorrotzaurre 72 BOE alokairuan
Bilbo Zorrotzaurre II 100 zuzkidura-apartamentu
Bilbo RZ16 Zorrotzaurre AI2 113 BOE alokairuan
Bilbo Begoña 14 BOE alokairuan
Bilbo Gimnasio kalea 12 BOE alokairuan
Bilbo Telefonicaren antzinako eraikina 50 zuzkidura-apartamentu

Obran dauden etxebizitzen + proiektatuta dauden etxebizitzen batura guztira: 1.842