Euskara ulertu eta erabiltzen hasteko poltsikorako tresna praktikoa da jendaurrean lanean ari direnentzat
Donostiako biztanleen % 47k euskaraz hitz egiten daki eta beste % 21ek euskara ulertzen du. Euskara dakiten bezeroek, oro har, arreta euskaraz jasotzea eskertzen dute euskarak gertutasuna eta konfiantza transmititzen baitie. Gainera, bezeroek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea dute. Hori dela eta, garrantzitsua da sektorean jendaurrean lanean ari diren eta euskara ez dakiten langileek euskarazko oinarrizko hitz edo esaldi batzuk ulertu eta erabiltzen hastea.
Hiztegia
Egunerokoan ostalaritzan erabiltzen diren hitz eta esamolde oinarrizkoenak jasotzen ditu hiztegiak. Sei ataletan banatuta dago:
- Agurrak
- Tabernan
- Jangelan
- Ohiko esaldiak
- Ordaindu eta kobratu
- Zenbakiak eta Agurtzeko esamoldeak
Formatuari dagokionez, poltsikorako hiztegi txikia da, praktikoa eta une oro eskura izateko modukoa.
Lehen fasea
Udaleko Euskara Zerbitzuak 300 bat ostalaritza establezimendu bisitatuko ditu apirilean eta maiatzean, martxan dituen zerbitzu eta laguntzen berri eman eta hiztegi berria aurkezteko.
Taberna hauek bisitatuko ditu lehen fasean:
- Parte Zaharra
- Altza
- Bidebieta
- Herrera
- Intxaurrondo
- Antigua
Guztira 3.000 ale argitaratu dira eta doan banatuko dira. Hiztegia eskuragarri egongo da nahi duen herritar ororentzat Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza 2, behea). Era berean, www.donostiaeuskaraz.eus webgunean PDF formatuan deskargatzeko moduan izango da.






