22 plaza eta parketan izango da
Parketarrak egitasmoa Donostiako hemezortzi auzotako 22 gunetan antolatuko da maiatzean, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz. Lehen saioak maiatzaren 4an hasiko dira Altzan, Añorgan, Morlansen eta Zubietan. Hortik aurrera, maiatzaren 22 arte, hiriko auzoetako hainbat parketan eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera izango dute haurrek zein horien gurasoek, doan.
“Parketarrak” ekimenaren helburu nagusia da haurrek euskara erabiltzea kalean eta parkeetan jolasean ari direnean. Egitasmo hau bi programatan banatuta dago:
- Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolatuta,
- Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.
Neguko saioetan 1.118 haur eta 258 guraso
Urte honetako lehenengo txanda, neguan izan zen, otsailaren 23tik martxoaren 13ra, eta antolatutako saioek oso harrera ona izan zuten: 1.118 haurrek eta 258 gurasok parte hartu zuten. Saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi ohi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie, bai eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.
Txanda honetan ere, egitasmoa 18 auzotan egingo da: Aiete, Antigua, Altza, Amara, Amara Berri, Añorga Bidebieta, Egia, Gros, Herrera, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra, Txomiñenea eta Zubieta
Donostiako auzo gehienetan sortuta daude euskara batzordeak eta auzoan bertan euskara sustatzeko plangintzak ari dira aurrera eramaten. Plangintza horien helburuetako bat da euskara aisialdi eremuetan erabiltzea eta horretarako Parketarrak ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.








