-
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Ekoizpen eta ebaluazio zientifikoari buruzko Adituen Foroaren ekarpenak aurkeztu ditu.
-
Foroak kalitatea, ibilbide aniztasuna eta ikertzaileen komunitatearen ongizatea lehenetsiko dituzten sistemetan aurrera egitea proposatu du.
-
Pérez Iglesias: «Ekoizpen zientifikoaren ebaluazio sistema exijentea, baina pertsonekin adeitsuaren aldeko gara”.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak gaur Bilbon aurkeztu ditu Ekoizpen eta ebaluazio zientifikoari buruzko Adituen Foroaren ekarpenak. Euskal Unibertsitate Sistemaren (EUS) erronkak aztertzeko eta hobekuntza-proposamenak lantzeko abiatu zen ekimen hori.
Zazpi hilabeteko lanaren ondoren, politika zientifikoan, ebaluazioan, etikan eta ikerketan adituak diren pertsonek osatutako Foroak hainbat proposamen egin ditu ikerketa-eredu koherenteago, bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Eredu horrek, besteak beste, ibilbide aniztasunaren aitortzan eta ebaluazio-sistemen etengabeko hobekuntzan izango luke oinarria.
Lan kolektibo honetatik ateratako ondorio eta gomendio nagusiak aurkeztu dituzte Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak; Itziar Fernandez Villanueva Unibertsitate Komunitatearen Arreta eta Zaintzarako zuzendariak; eta Susana Sanchez Gilek, Unoentrecienmil Fundazioko Zientzia arduradun eta Foroaren kideak.
Sailburuak azpimarratu du ebaluazio zientifikoak duen garrantzia; izan ere, “merezimendutzat jotzen dena zehaztu ez ezik, sustatzen den zientzia-eredua eta kultura akademikoa ere baldintzatzen ditu. Ebaluazio-sistemak ez dira neutroak; jarduera zientifikoa neurtzeaz gain, eragin erabakigarria dute jokabideetan, lehentasunetan eta dinamika akademikoetan”.
Horregatik, gaineratu du, “sistema zorrotz bat jarri behar dugu ibilbide akademiko edo ikertzaile baten alde egiten dutenen eskura, ekoizpen zientifikoari dagokionez exijentea izango dena baina pertsonekin atsegina, Euskadin egiten den zientziak kalitatezkoa izaten jarrai dezan”.
Foroak egungo ebaluazio zientifikoko sistemak berrikustea proposatzen du, ebaluazio-eredu kualitatiboago eta testuingurura egokituagoetarako bidea egiteko. Eredu horiek ekarpen zientifikoen aniztasuna aitortu, prozesuen gardentasuna indartu eta ikertzaile-ibilbidearen etapa desberdinetara egokitu beharko lirateke.
Hala, ikertzaile-ibilbidearen lehen etapetan dauden erronkak identifikatu ditu Foroak, hala nola kontratuen ezegonkortasuna, etengabeko presio emozionala eta aurreikusgarritasun falta. Horiei aurre egiteko, ibilbide egonkorrago eta jarraituagoak sustatzea, mentoretza indartzea eta ebaluazio-irizpideak berrikustea proposatzen du, bai ikertzeko ahalmena bai ibilbide profesionalen aniztasuna aitortzeko.
Malgutasun handiagoa egiaztapenean eta ebaluazioan
Foroak azpimarratu du beharrezkoa dela egiaztapen eta ebaluazio prozesuetan malgutasun handiagoa txertatzea, eta “adin zientifiko garbia” bezalako tresnak erabiltzea proposatu du, besteak beste, ibilbideetako etenaldiak kaltetu ez daitezen. Horrela, sistema malguago, gardenago eta bidezkoago bat lortu nahi da.
Era berean, baremoetan soilik oinarritutako ereduak baztertu eta errubrika argi, publiko eta trazagarrietan oinarritutako sistemak ezartzea proposatzen du, kalitatea, gizarte-eragina eta emaitza zientifikoen aniztasuna hobeto baloratzeko aukera emango dutenak, hain zuzen.
Foroak, halaber, integritate zientifikoaren gobernantza indartu beharra identifikatu du, egungo egituren arteko koordinazioa hobetu eta prestakuntzan eta kultura etikoan oinarritutako prebentzio-ikuspegietan sakontzeko. Izan ere, dagoeneko martxan da dilema etikoei eta integritate zientifikoari buruz hausnartzeko aukera emango duen tresna baten garapena (Unidilemak).
Gainera, “ebaluazio eta ikerketa nekea” gero eta handiagoa dela ohartarazi du Foroak, karga burokratikoarekin eta argitaratzeko presioarekin lotuta. Horren aurrean, burokrazia murrizteko, bikoiztasunak saihesteko eta funtsezkoak baina ikusgarritasun txikia duten lanak —hala nola parekoen arteko ebaluazioa— aitortzeko neurriak proposatzen ditu. Testuinguru horretan, ikertzaileen komunitatearen ongizatea ez dela soilik lan-osasunarekin edo asebetetze pertsonalarekin lotutako kontua nabarmendu du; aitzitik, sormenarekin, lankidetzarekin, integritatearekin eta ekoizpen zientifikoaren kalitatearekin zuzenean lotutako baldintza ere badela azpimarratu du.
Azkenik, jardueran zientifikoa euskararen presentzia indartzea proposatu du Foroak, nazioarteko proiekzioa eta tokiko komunitatearekiko konpromisoa uztartuko dituen ikuspegi eleaniztun baten bidez. Horretarako, euskarazko dibulgazioa eta baliabide zientifiko eta didaktikoen ekoizpena sustatzea, hizkuntza honetan truke akademikorako guneak sendotzea eta teknologia berriak —hala nola adimen artifiziala eta itzulpen neuronala— baliatzea proposatzen du, ezagutza testuinguru eleaniztunetan sortu eta zabaltzea errazteko.





