Nafarroako Gobernuak 130 milioi euro bideratuko ditu Foru Administrazioko ia 22.000 langile publikori karrera profesionala ordaintzeko

0

Nafarroako Gobernuak 130 milioi euro inguru bideratuko ditu Foru Administrazioko 21.881 langile publikori karrera profesionaleko ordainsari osagarri berria ordaintzeko. Osagarri hori langile guztiengana zabaldu da lehen aldiz, eta Langileen Estatutu berrian jasota geratzen da.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onartzen duen Foru Legearen aurreproiektuaren testua gehiengo sindikalak onartu du gaur Mahai Orokorrean, Afapna, CCOO eta UGT sindikatuen aldeko botoari esker.

Mahai Orokorra egin ondoren, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria den Inma Juriok azpimarratu du testua enplegatu publikoen ordezkariekin izandako adostasunaren ondorioz sortu dela, hainbat hilabetetako negoziazioaren ondoren. Hilabete horietan, Gobernuak laguntza eman die beti sindikatuei.

Sindikatu gehienek testua onartzea mugarritzat jo du Juriok, Nafarroako herritar guztientzat onuragarria izango baita, Langileen Estatutuak, langile publikoen beharrei erantzuteaz gain, aukera emango baitu gizarte moderno batek eskatzen duenera zerbitzu publikoak egokitzeko. “Gure lehentasuna da XXI. mendeko Administrazioa eraikitzea, eta gaur hori lortzetik gertuago gaude”, azpimarratu du Juriok.

Behin sindikatuekin testua negoziatu eta adostuta, Foru Exekutiboak nahitaezko txosten sektorialak egingo ditu, eta izapidean aurrera egiten jarraituko du, Foru Legearen aurreproiektu hori Gobernu-bilkurara eramateko, kontuan hartu eta uda baino lehen Nafarroako Kontseilura bidaltzearren.

40.000 langile publikori aplikatzekoa

Era horretan, araudi oso heterogeneoa berritu nahi da, hiru hamarkadatik gorako indarraldia duena eta enplegu publikoa ordenatzea eta haren zerbitzura dauden langileen erregimen juridikoa arautzea helburu duena.

Langileen Estatutua guztira 40.000 pertsonari aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko, Nafarroako toki-erakundeetako, haien erakunde autonomoetako eta NUPeko teknikari, kudeaketa, administrazio eta zerbitzuen arloko langile guztien artean.

Arau horren irismenaren eta garrantziaren arabera, Foru Legearen aurreproiektuak ia 200 artikulu izango ditu, 13 titulutan banatuta, eta 21 xedapen, enplegu publikora iristeko printzipio gidarietatik hasi eta ordainsarien erregimeneraino erregulatzeko; oporrak, lizentziak eta baimenak edo ordezkaritza-organoak, beste gai askoren artean.

Foru Administrazioko ia 22.000 enplegatu publikori eta toki-erakundeetako 6.000 langile baino gehiagori ibilbide profesionala aitortuko zaie.

Langileen Estatutuan sartutako hobekuntza nagusietako bat karrera profesionala onartzea da, eta, era horretan, langileen garapen eta ibilbide profesionala ezagutu ahal izango da, bost tartetan banatutako sistema batean hurrenez hurren aurrera eginez.

Tarte-igoera merezimenduak egiaztatzeko sistema objektibo bat aplikatuz egin ahal izango da; sistema hori erregelamendu bidez garatuko da, eta, besteak beste, honako hauek baloratuko dira: ibilbide profesionala eta lanaren ebaluazioaren emaitza, prestakuntza-ikastaroen aprobetxamendua, irakaskuntza- edo ikerketa-jardueretan parte hartzea Administrazioarentzat interesgarriak diren proiektuetan, betetzen zailak diren lanpostuetan egotea eta hautaketa-epaimahaietan parte hartzea.

Nafarroako Gobernuak, Jurio kontseilariaren arabera, ahalegin nabarmena egingo du karrera profesionala onartzeko, hori ordaintzea 130 milioi euro kostatuko baitzaio. Foru Administrazioko ia 22.000 enplegatu publikok jasoko dute osagarri berri hori, eta guztiei iritsiko zaie, osasun-langileei (dagoeneko onartuta izateagatik) eta justiziakoei (beren erregulazioa dutelako) izan ezik.

Foru Administrazioko langileez gain, Langileen Estatutu berriaren bidez, Nafarroako toki-erakundeetako 6.000 enplegatu publiko ingururi karrera profesionala aitortuko zaie.

Karrera profesionalaren bidez ordainsari-osagarri berri bat emango zaie enplegatu publikoei; hau da, hilean zenbateko finko bat jasoko dute, 14 ordainsaritan, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera. Jaso beharreko zenbatekoa dagokion tarteko hasierako kokapenak zehaztuko du, antzinatasunaren eta betetzen den lanpostuaren arabera.
Karrera profesionala ezartzea borondatezkoa eta indibiduala izango da, eta hasteko, %20ko ordainsaria emango da legea argitaratzen den lehenengo urtean, eta atzeraeraginezko izaerarekin 2027ko urtarrilaren 1era artea. Lehenengo urtetik aurrera, aurrerabidea hau izango da: %30 2028an; %50 2029an; %70 2030ean; %90 2031n eta %100 2032an.

Karrera profesionalaren bidez, enplegatu publiko bakoitzak ordainsari-osagarri berri bat jasoko du, eta lanpostuko antzinatasunaren arabera, 1.700 eurotik ia 7.000 eurora bitartekoa izango da urtean, Foru Administrazioko maila baxueneko enplegatu publikoentzat. A1 azpimailako lanpostuetan daudenentzat osagarria 2.900 eta 11.000 eurora artekoa izango da, emandako zerbitzu-urteen arabera.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak azpimarratu du karrera profesionala onartzeak “ez duela inolako ordainsari-murrizketarik ekarriko enplegatu publikoentzat”. Beraz, karrera profesionalaren osagarri berria gaur egun aitortutako ordainsarien gainetik ezarriko da, eta, horrela, 5 urtetik behin bosturteko berri bat sortzen jarraituko da eta 6 urte eta 7 hilean behin gradu berri bat (izena aldatuko da, baina zenbateko eta sortzapen-aldi berberak mantenduko dira).

Langileen Estatutu berrian sartutako beste hobekuntza batzuk

Langileen Estatutu berrian, hobekuntzen artean, jardunaren ebaluazioaren bidezko osagarri bat sartu da, eta karrera profesionaleko osagarri finkoari gehituko zaio produktibitate gisa.

Horrez gain, mailak eguneratu eta heriotza edo ospitaleratze bidezko lizentziak, guraso-baimenak eta guraso bakarreko familiei dagozkienak hobetuko dira. Halaber, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme edo alaba bat zaindu behar duten enplegatu publikoentzat ordaindutako lanaldi-murrizketa hobetuko da.

Era berean, administrazioen arteko mugikortasuna errazteko administrazio-egoera berriak arautuko dira, eta lanbide-sustapena hobetuko da, aldi baterakoa nahiz behin betikoa, ondorengo erregelamendu-garapen guztietarako behar adinako estaldura izango duen Estatutu baten barruko neurrien artean.