Imanol Pradales Lehendakariak Donostia International Physics Center-en eraikin berria inauguratu du

0
  • Eusko Jaurlaritzak egindako 21 milioi euroko inbertsioak punta-puntako azpiegitura zientifikoa ematen dio zentroari.
  • Eraikin berriak DIPCren ikerketa-gaitasunak indartzen ditu eta nazioarteko erreferente gisa duen proiekzioa sendotzen du.
  • Lehendakariak adierazi du DIPCren instalazio berriek gaitasun zientifikoak eta gizartearekiko lotura indartzeko aukera emango dutela, Euskadik zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustua etorkizuneko zutabe gisa sendotuz.

Imanol Pradales Lehendakariak gaur inauguratu du Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren eraikin berria. Erreferentziazko azpiegitura zientifiko honek zentroaren ibilbidean etapa berri bat markatzen du eta Euskadik zientziaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua indartzen du.

Inaugurazio ekitaldian Lehendakariak eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek hartu dute parte, eta bertan izan dira, halaber,  erakundeetako ordezkariak, Patronatuko kideak eta komunitate zientifikoko partaideak ere. Haiek guztiek instalazio berriak bisitatu dituzte.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu du gaur egun Donostia eta Euskadi fisikan eta teknologia kuantikoetan nazioarteko erreferente nagusien parte direla, aurreko belaunaldien ikuspegiari eta ahaleginari esker, eta ondare horri anbizioz eta konpromisoz jarraipena emateko erantzukizuna azpimarratu du. Ildo horretan, adierazi du DIPCren instalazio berriek gaitasun zientifikoak eta gizartearekiko lotura indartzeko aukera emango dutela, Euskadik zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustua etorkizuneko zutabe gisa sendotuz.

Eraikin berriak, Euskal Milla Kuantikoaren bihotzean kokatua, DIPCri ikerketa-lerroak dibertsifikatzeko eta jarduera esperimentala handitzeko aukera emango dio, sortu diren espazio eta laborategi berriei esker. Azpiegitura hau, azkenaldian ingurune horretan egin diren azken eraikuntzei gehitzen zaie, hala nola CIC nanoGUNEko Dorrea Kuantikoa, txip kuantikoen euskal fabrika barne hartzen duena, eta Ikerbasqueren eraikina, konputazio kuantikoaren euskal zentroaren egoitza.

Lehendakariak nabarmendu du eraikinaren handitze hau oinarri sendo baten gainean eraiki dela eta Donostiako campusean sortu zenetik DIPCk dituen espazioak osatzera datorrela. Halaber, azpimarratu du zentroaren ibilbidea, bi hamarkada eskasetan, nazioarteko erreferente bihurtu dela, ikuspegi aitzindari bati eta bikaintasun zientifikoaren aldeko etengabeko apustuari esker.

Euskal autogobernuaren 90. urteurrena ospatzen den urtean, adierazi du eraikin berri honek zientzia, ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustu instituzional iraunkorraren aitortza ere badela, lurraldeko erakundeekin batera garatua. Apustu horren helburua, haren esanetan, ezagutza eta aurrerapena sortzea da, gizartearen zerbitzura.

Ildo horretan, aitortu du Pedro Miguel Etxenikek eta Ricardo Díez Muiñok egindako ekarpena, DIPC materialen zientzian nazioarteko erreferente bihurtu duen proiektua garatzeko, eta “Donostia zientziaren hiria eta Euskadi zientziaren herrialde” gisa kokatzen lagundu dutela.

Lehendakariak DIPCren eredua ere nabarmendu du, lankidetzan, ezagutza-trukean eta ikerketa-askatasunean oinarritua. Filosofia horrek nazioarteko talentua erakartzea ahalbidetu du, eta 35 nazionalitate baino gehiagoko profesionalek osatutako komunitate zientifikoa eraiki du, zentroa I+G+Bren Europako erreferente bihurtuz.

Azkenik, eraikin berria punta-puntako zientziaren eta DIPCko patronatua osatzen duten erakunde eta eragileen konpromiso partekatuaren ikur gisa definitu du. «Gure ikertzaileentzat aukera handia da, eta, bereziki, belaunaldi gazteentzat; lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat eta eraikitzen jarraitu nahi dugun herrialde-ereduarena», adierazi du.

Lehendakariak amaitu du esanez Euskadi urrats sendoak ematen ari dela zientzia eta ezagutzaren herrialde gisa duen posizioa indartzeko, sinetsita «ikertzen duen herrialdea aurrera doan herrialdea dela, eta balioa sortzen duela ez bakarrik bere buruari, baizik eta gizateria osoari ere».

Azken belaunaldiko laborategiak

Eraikin berriak 6.200 m²-ko azalera du guztira, sei solairutan banatuta, eta datozen hamarkadetan zentroaren hazkundea ahalbideratzeko diseinatu da.

Azpiegitura berriaren elementu nabarmenetako bat 1.100 m² baino gehiagoko azken belaunaldiko laborategi zientifikoak dira, honako arlo estrategikoetan ikerketa esperimentalerako bideratuak: teknologia kuantikoak, nanozientzia eta material kuantikoak, neutrinoen fisika, kimika eta polimero aurreratuak, nano-neuroa eta bizitzaren jatorria.

Instalazioek, halaber, eskakizun tekniko bereziki zorrotzak dituzten laborategiak barne hartzen dituzte, hala nola efektu tunelaren mikroskopiarako eta teknologia kuantikoetarako laborategiak, isolamendu eta egonkortasun sistema aurreratuekin hornituak, zehaztasun handieneko esperimentuak egiteko aukera ematen dutenak.

Zentroaren ikerketa-gaitasuna indartzeaz gain, eraikin berriak diziplinarteko lankidetza, ezagutza-trukea eta ideia berrien sorrera sustatzeko espazioak ere baditu. Azpiegitura berriak, halaber, DIPCk zientzia gizartera hurbiltzeko duen bokazioa indartzen du, komunikazio zientifikorako eta herritarrekiko interakziorako auditorio baten eraikuntzarekin, baita nazioarteko kongresu zientifikoetarako ere.