- Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gonbidatu egin ditu Mexikoko bi erakunde horiek Donostiako II. ASETT Forora, gizarte ekonomiaren nazioarteko erreferenteak bilduko dituena azaroan
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak bere agenda instituzionalarekin jarraitu du gaur Mexikon, euskal kooperatibismoak lehiakortasunaren, gizarte kohesioaren eta lurralde errotzearen eredu gisa duen nazioarteko proiekzioa indartzeko. Bigarren egunean, Torres Guanajuatoko Gobernuarekin bildu da. Guanajuatok 6 milioi biztanle baino gehiago ditu eta herrialdeko bosgarren ekonomiarik handiena da. Zehazki, Guanajuatoko Garapen Ekonomikoko presidente Cristina Villaseñorrekin bildu da Torres. Era berean, Mexikoko kreditu kooperatiba handiena den –3,9 milioi bazkide ditu–Caja Popular Mexicanaren kontseiluarekin ere izan du batzarra. Ricardo López zuzendari nagusia izan da topaketaren buru.
Bi bileretan, gizarte ekonomia eta kooperatibismoa garapen ekonomiko iraunkorraren palanka gisa bultzatzen, kalitatezko enplegua sortzen eta tokiko produkzio sarea indartzen Euskadik duen esperientzia partekatu du euskal ordezkaritzak.
Testuinguru horretan, ekonomia sozialaren balio estrategikoa azpimarratu du Lehendakariordeak, eraldaketa ekonomiko eta sozial sakonak dauden une honetan. “Aberastasuna banatuz, desberdintasunak murriztuz eta kohesio soziala indartuz ekoizteko, lehiatzeko eta hazteko eredu bat da ekonomia soziala”, adierazi du Torresek.
Era berean, ASETT II. Foroan parte hartzeko gonbidapena helarazi die Lehendakariordeak solaskide mexikarrei. Foro hori Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egingo da 2026ko azaroaren 11tik 13ra, eta lan saioak, jarduera paraleloak eta nazioarteko ordezkaritzetarako bisita instituzionalak izango ditu.
Topaketaren bokazio globala eta ASETT nazioarteko berrikuntza eta lankidetzarako gune gisa betetzera deitua dagoen papera jarri ditu balioan Lehendakariordeak. “Nazioarteko foro indartsu bat sendotu nahi dugu, ASETT proiektu globala baita. Kooperatibismoak eta gizarte ekonomiak munduan izan dituzten esperientziarik onenak ezagutzea interesatzen zaigu, esperientzia horietatik ikastea eta pentsamendu partekatuko espazio handi bat sortzea, nazioartean gizarte ekonomiaren inguruko guztia hobetzeko”, azaldu du.
Torresen hitzetan, nazioarteko trukea elkarri entzutean eta ikastean oinarritu behar da. “Kontua ez da ezer asmatzea, baizik eta funtzionatzen duena ikustea, ona den ala ez adieraztea eta errealitate bakoitzera egokitzea”, eman du aditzera, Cristina Villaseñor idazkariaren partekatutako hausnarketan.
ASETT, aliantza estrategikoen katalizatzailea
Bestalde, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok ASETTek aliantza estrategikoen katalizatzaile gisa duen zeregina nabarmendu du. “ASETT nazioarteko foroak gizarte ekonomiako funtsezko eragileak lotzen ditu elkarrizketa sortzeko, aliantzak sendotzeko eta, ekintza kolektibotik, benetako eragina duen gizarte ekonomiaren etorkizuna bultzatzeko”, adierazi du.
Pérez Barredok gogorarazi du, gainera, ASETT eskala anitzeko lankidetza instituzionaleko proiektu bat dela, hainbat administrazio publikok elkarrekin sustatua. “ASETT da, batez ere, maila desberdinetako administrazioen arteko lankidetza proiektua: Espainiako Gobernutik Kataluniako Generalitateraino, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin batera”, zehaztu du.
Sailburuordeak, ASETTeko presidentea izateaz gain, proiektua egituratzen duten hiru lan ildo nagusiak ere eman ditu jakitera. “Saiatzen ari gara hiru esparru handi garatzen: prospektiba institutu bat, laborategi sozial bat eta unibertsitatearekin, ezagutzarekin eta prestakuntzarekin lotura handia duen ikerketa gune bat, hori guztia nazioarteko bokazio garbiarekin”, esan du.
Ikaskuntza globala eta jardunbide egokien trukea
Ildo horretan, Iñigo Albizuri ASETTeko zuzendariak nabarmendu du ASETT berrikuntzarako eta gizarte ekonomiako ezagutza partekaturako hub bihurtzea dela helburua, ikaskuntza globalari eta jardunbide egokien trukeari irekia. Sailburuordeak, gainera, foroaren hurrengo edizioaren nazioarteko dimentsioa azpimarratu du, Nazio Batuen eta ELGAren lankidetzarekin, Local2030 bulegoaren bitartez.
“Ideiak hartu nahi ditugu, haiengandik ikasi eta balioa eman dezaketen lekuetan txertatu. Ez da inor baino hobeak garela pentsatzea; aitzitik, beti aurkitzen ditugu aurrera egiten lagun diezaguketen esperientzia inspiratzaileak”, gaineratu du.
Mexikon izandako topaketetan, euskal ordezkaritza prest agertu da Mexikoko erakundeekin kooperatibismoa eta ekonomia soziala bultzatzeko lankidetzan jarraitzeko, erregulazio eta legegintza esparrua barne. Ildo horretan, etorkizuneko bilera telematikoetarako deia egin dute.
Pérez Barredok lankidetza aldarrikatu du, aurrerapen kolektiboaren eragile gisa. “Gizakiak gizatasuna hobetu du lankidetzaren bidez; ez, ordea, lehiaketaren bitartez. Hori da gure ustea. Gustatuko litzaiguke, halaber, Mexikoko legediak kooperatiba gehiago sortzen laguntzea, eta, ahal dugun guztian, hala egingo dugu”.






