- Nazioarteko trafikoa %6 igoko dela uste da, eta barne-trafikoa %3,5 baino gehiago, iazko datuekin alderatuta
- Neurriak hartuko dira, batez ere, ohiko bost puntu kritikoetan
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak ostegun honetan aurkeztu ditu 2026ko Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren mugikortasun-aurreikuspenak eta trafikoa arintzeko abian jarriko den dispositibo berezia. Operazio hori ekainaren 26an, ostirala, hasiko da, 15:00etan. Aurkezpena Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egin da, Txurdinagan (Bilbo), eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako trafikoaren ezaugarri nagusiak zehaztu dira bertan.
Gure errepideetan ohikoa den bezala, udako hilabeteetan ondo bereizitako bi trafiko-fluxu egongo dira eta horien ondorioak batu egiten dira. Alde batetik, nazioarteko trafikoa, Itsasartea Igarotzeko Operazioaren esparruan Europako hainbat tokitatik Esianiako hegoaldera, Portugalera eta Afrika iparraldera bidean Euskadi zeharkatuko duten ibilgailuekin, asteburu jakin batzuetan biltzen diren igarotze-fluxuekin (irteeran, batez ere, uztaileko azken asteburuan eta abuztuaren lehenean, eta, itzuleran, abuztuko azken bi asteburuetan). Eta, bestalde, barne-trafikoa, uda osoan berdintsua dena, gorabehera handirik gabea, euskal herritarrak askoz ere modu mailakatuagoan eta jarraituagoan irteten eta itzultzen baitira oporretatik.
Aurreikuspena
2026ko uda honetan, nazioarteko trafikoa %6 inguru handituko dela aurreikusten da, aurreko urtearekin alderatuta; izan ere, 2.275.000 ibilgailu inguru ibiliko direla gure errepideetan espero da. Horrela, 4.550.000 joan-etorri inguru izango dira (2025ean 4.284.000 joan-etorri izan ziren). Nazioarteko trafikoaren fluxuaren data nagusiak, Irteera Operazioan (ibilgailuak Europatik Espainia eta Portugal hegoaldera doazenean), uztaileko azken asteburua eta abuztuaren lehena dira. Itzulera Operazioan (ibilgailuak Espainia eta Portugal hegoaldetik Europara doazenean) abuztuko azken bi asteburu luzeak, hau da, ostegunetik igandera, izango dira egunik kritikoenak auto-ilarei dagokienez.
Bestalde, barne-trafikoan ere %3,5etik gorako igoera aurreikusten da, iazkoarekin alderatuta; beraz, 44,1 milioi joan-etorri baino gehiago izatea espero da (2025ean 42,5 milioi izan ziren). Barne-trafikoan, dituen ezaugarriengatik, ez da erraza zenbat ibilgailu dabiltzan zehaztea. Hala ere, fluxu horren ezaugarri nagusia da ibilgailuek desplazamendu ugari egiten dituztela, batez ere asteburuetan, eta horien bolumena aldatu egiten dela eguraldiaren iragarpenaren arabera.
Bost puntu kritiko
Aurreikuspen horien aurrean, bost dira oporraldian arreta berezia eskainiko zaien puntu kritikoak. Nazioarteko trafikoari dagokionez:
- AP-8 autobidea, Biriatuko mugaldean
- AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean, Gasteizko noranzkoan
- N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos eta Madrilerako noranzkoan
- Armiñongo lotunean
Eta barne-trafikoan:
- A-8ko irteera Kantabriarako noranzkoan
Zirkulazioa hobetzeko neurriak
Trafikoaren arintasuna hobetzeko eta egun horietan gorabeherak minimizatzeko, Eusko Jaurlaritzak honako jarduketa hauek burutuko ditu:
NAZIOARTEKO TRAFIKOAN
Seinaleztapen operatibo berezia burutuko da, hondo horidun kartel orientagarri espezifikoak jarriz eta Portugalera eta Algecirasera iristeko jarraitu beharreko bideei buruzko argibideak emanez. Irteera operazioan, AP-1eko irteera eta N-622 errepidea, Gasteizerako noranzkoan, lotzen diren puntuan, eta Gasteizen N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos eta Madrilerako noranzkoan. Eta Itzulera operazioan, seinale bereziak jarriko dira Armiñongo lotunean eta AP-1 zaharra eta A-1 errepideen arteko lotunean, Gasteizko noranzkoan.
Irteera operazioan, auto-ilarei dagokienez kritikoenak diren egunetan, Armiñongo lotunean, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, seinale bereziak jartzeaz gain, behin-behineko seinaleztapena ere jarriko da, N-1 errepidetik ibilbide alternatiboa erabiltzea gomendatuz, A-1 errepidearen paraleloan doana, Argantzunen eta Armiñongo AP-1erako sarbidearen artean, A-1 errepidean, Burgos eta Madrilerako noranzkoan, 6 km-tik gorako auto-ilarak badaude.
Itzulera operazioan, abuztuko azken bi asteburuetan, seinaleztapen-dispositibo berezia jarriko da, eta, gainera, konoen eta seinaleztapen bereziaren bidez, A-1 errepideko hiru erreietako bat lagako zaie AP-1 autobidetik modu masiboan sartzen diren ibilgailuei.
Bestalde, Euskaditik igarotzen den nazioarteko trafikoak pilaketa handiak eragin ohi ditu gasolindegietako Zerbitzuguneetan, eta auto-ilarak sor ditzakete. Hori dela eta, Trafiko Zuzendaritzak eta Ertzaintzak arreta eta zaintza berezia jartzen dute gune horietan. Beraz, ibilgailuak zerbitzuguneen artean banatu ahal izateko, informazio-kartelak jarri dira, nazioarteko igarobideko hurrengo gasolindegiak zenbat kilometrotako distantzian dauden azaltzen dutenak.
BARNE-TRAFIKOAN
Seigarren urtez jarraian, Kantabria eta Bizkaia artean hitzartutako garabi-zerbitzua egongo da jaiegunetan (Loiolako San Ignazio uztailaren 31n, eta Bilboko Aste Nagusia abuztuan) eta trafiko handieneko asteburuetan, istripua edo matxura izan duten ibilgailuei laguntzeko. Ostiral eta larunbatetan, garabia A-8 autobidean egongo da, Uriosten (Suhiltzaileetarako sarbideko biribilgunean) eta igandeetan, Hagan (Cobaronerako lotunean).
Gainera, informazio-paneletako mezuek, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (CGTE-ETKZ) koordinatzen direnak, gerta daitezkeen gorabeheren berri emango dute unean-unean.
Era berean, Trafiko Zuzendaritzak eta Ertzaintzak dituzten komunikazio-kanalen bidez, Euskadiko errepide-sareko erabiltzaileei informazioa zabalduko zaie trafiko-intentsitate handieneko datei, obretako errepide-zatiei, trafiko-gorabehera aktiboei eta zirkulazio-murrizketei buruz, bai eta joan-etorriak hobeto antolatzeko jardunbide egokien aholkuei buruz ere.
2025eko istripu-tasaren datuak
Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, «zuhurtasuna, zirkulazio-arauekiko errespetua, arretaz gidatzea eta distrakziorik gabe gidatzea funtsezkoak dira udako joan-etorriak konpondu ezinezko ondoriorik gabe burutu daitezen». Olabarrik gogorarazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak tinko eusten dio Zero Biktima Ikuspegia helburuari, eta 2026ko Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziari begira hartutako neurri guztiak norabide horretan doaz. Horregatik, berriro ere guztion erantzukizuna eskatu nahi dugu, bide-segurtasuna ez baita zorte kontua, egunero, ibilbide bakoitzean ibilgailuak gidatzean hartzen ditugun erabakien emaitza baita «.
Iaz, 2025ean, uztaila eta abuztua bitartean, hamar pertsona hil ziren Euskadiko errepide-sarean (5 Gipuzkoab, 3 Araban eta 2 Bizkaian); aurreko udan, berriz, zazpi pertsona hil ziren. Guztira, 2025eko uztaila eta abuztua bitartean 1.261 istripu erregistratu ziren (450 biktimekin), eta 2024an, berriz, 1.161 (410 biktimekin).
Gomendioak
Bidaiari ekin aurretik, Eusko Jaurlaritzak honako hau gomendatzen du:
- Ibilgailuaren egoera ona ziurtatu, eta mantenimendua eguneratuta izan.
- Gidatu aurretik ez kontsumitu ez alkoholik ez drogarik, eta ez egin otordu oparorik. Botikaren bat hartuz gero, ziurtatu ez duela ondoriorik izango gidatzeko garaian.
- Abiadura eta gidatzea trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteen oharrak.
- Saihestu arrisku-portaerak eta arretaz, arduraz eta gainerako gidariak errespetatuz gidatu, batez ere kolektiborik zaurgarrienak, hau da, motor-gidariak eta txirrindulariak.
- Segurtasun-tarteak gorde.
- Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
- Bidaian irten aurretik, begiratu errepideen egoera. Eusko Jaurlaritzak uda osoan emango du errepideen egoerari buruzko informazioa informazio-mezuen panelen, euskadi.eus web-orriaren, sare sozialen eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bitartez.
Hori guztia istripuak saihesteko helburuarekin; izan ere Zero Biktima helburuak gogorarazten duen bezala, errepidean heriotza bakar bat ere ezin da onartu eta istripu-tasa murriztea errepideen erabiltzaile guztien esku dago.






