- Ricardo Cocco Araba ESIko oftalmologoak azaldu duenez, gaixoak sortzetiko begietako patologia du, eta ebakuntza kirurgikoa egiteko baldintza egokiak betetzen ditu
- Pediatria eta Anestesiologia zerbitzuek bihar egingo dute balorazioa, pazienteak ahalik eta segurtasun-baldintza onenak izan ditzan
Joan den asteazkenean Gasteizera iritsi ondoren, Gazako Zerrendatik datorren 2 urteko haurrak, familiarekin batera, lehen balorazio medikoa egin du AUO Txagorritxun. Talde medikoko arduradunek adierazi dutenez, pazientea egoera kliniko egonkorrean dago.
Adingabea Oftalmologiak baloratu du, eta bihar Pediatriak eta Anestesiologiak ere ebaluatuko dute. Zerbitzu horiek guztiek definituko dute asistentzia-planik egokiena.
Ricardo Cocco, Osakidetzako oftalmologoak Arabako ESIan azaldu duenez, pazienteak «Sortzetiko begi-patologia du, eta ikusmen-gaitasunari eragiten dio. Egindako lehen proben ondoren, positiboki baloratzen dugu pronostikoa hobetzeko esku hartzeko aukera». Bestalde, Conchi Salado pediatrak adierazi duenez, «Balorazio oso bat egingo dugu haren osasun egoera eta nutrizio egoera aztertuz, haren txertaketa-egutegia baloratuko dugu eta sortzetiko katarata horren arrazoiak baztertu edo bilatuko ditugu. Gure asmoa da balorazio orokor bat egitea, kirurgia hori ahalik eta berme handienarekin egin dadin». Era berean, Ana Soto anestesiologoak adierazi duenez, «Pazienteak interbentzio kirurgikorako baldintza egokiak betetzen dituen baieztatzeko behar den balorazio preanestesikoa egingo dugu. Hasiera batean, orain arteko datuak ikusita, ez dela kontraindikaziorik egongo eta dena ordenan egongo dela uste dugu».
Balorazio horiek egin ondoren, adingabea begi barruko lente bat ezartzeko hautagaia den egiaztatuko da, eta balizko ebakuntzaren egutegia zehaztuko da.
Jarduera hori OMEk eta Europako Batzordearen Larrialdiei Erantzuteko Koordinazio Zentroak bultzatutako MEDEVAC prozeduraren barruan dago. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 2024tik parte hartzen dute prozedura horretan. Paziente horren etorrerarekin, euskal osasun-sistemak 28 gazatar artatu ditu dagoeneko, Arabako ESIa eta Vitoria-Gasteiz lehen aldiz sartu dira osasun-elkartasuneko sare horretan. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak nazioarteko lankidetza sanitarioarekin eta erantzun humanitarioarekin duten konpromisoa berretsi dute, Euskadiko Osasun Itunak bultzatzen duen osasun publiko unibertsalaren ereduaren barruan.








